Peru

Peruko Kongresuak ez du onartu hauteskundeak abendura aurreratzea

Hauteskundeak aurten egitearen alde agertu dira, egunotan, ordezkaritza duten alderdi gehienak, baina 54 parlamentarik egin dute alde, eta 68k kontra

ander perez zala
2023ko otsailaren 2a
00:00
Entzun

Perun ia egunero ari dira gobernuaren eta Dina Boluarte herrialdeko presidentearen kontra manifestatzen, joan den abenduaren 7an lehen protesta garrantzitsua piztu zenetik Pedro Castillo garai hartako estatuburuaren atxiloketaren ondorioz. Zazpi asteotan krisi politiko eta sozial betean murgildu da Latinoamerikako herrialde hori, eta, bitartean, politikariak irtenbideak bilatu eta adostu nahian aritu dira, erabaki batzuk hartuta ere ez baitute manifestarien eskariak asetzea lortu —batez ere pobreak, indigenak eta landa eremukoak dira—. Horren erakusle da Boluarte eta Kongresua, botere exekutiboa eta botere legegilea, aritu direla pilota bata bestearen teilatuan utzi nahian. Kongresuak bozak aurtengo abendura aurreratzea bozkatu zuen atzo, baina proposamena ez zen aurrera atera, beste behin.

Ezinbestean, estrategia edo ping-pong moduko joko politiko horrek parlamentura eraman du boz orokorrak berriz aurreratzeko eskaria. Berez, 2026ko uztailean ziren egitekoak, baina, Castilloren atxiloketaren ondoren, ordezkari politikoek erabaki zuten, iazko abenduan, bozak datorren urteko apirilera aurreratzea.

Ikusi gehiago:«Perun hil egiten gaituzte; diktadura zibiko-militar batean bizi gara»

Hori, ordea, ez da nahikoa izan manifestarientzat, aurten nahi baitute eman botoa krisi politikoa amaitzeko. Errealitate hori kontuan harturik, Boluartek azkenean erabaki zuen, iragan ostiralean, exijentzia horrekin bat egitea, diputatuei eskatu baitzien aldaketa horren alde bozkatzeko; hain justu, egun horretan bertan, Kongresuak ezezkoa eman zion bozak aurtengo urrira aurreratzeari. Hori bai, jasaten ari den presioaren erakusle, Kongresuak erabaki zuen, iragan astelehenean, afera horri buruzko eztabaida eta bozketa asteon berriz egitea.

Berez, egun horretan ziren gai horretaz aritzekoak, baina, azkenean, hiru aldiz atzeratu zuten hitzorduaren hasiera; Jose Williams Zapata ganberako presidenteak azaldu zuenez, negoziazioetarako denbora gehiago izateko, eta «ados jartzeko». Hala, atzo abiatu zuten horri buruzko eztabaida parlamentuan. Kongresuko 54 ordezkarik bozkatu zuten hauteskundeak abenduan egiteko konstituzio erreformaren alde, baina 68k egin zuten kontra —beste bik abstentzioa eman zuten—.

Bozen dataren aldaketa konstituzioaren erreforma baten parte denez, aurkezturiko lege proposamenak —bost aukera ekarri dituzte hizpidera egunotan— jasotzen zuen diputatuen bi herenen —130etik 87ren— baiezkoa behar zutela hauteskundeen data aldatzeko. Bazen, halere, beste formula bat testu horrentzat: gehiengo osoaren babesarekin onartzea —gutxienez 66—, baina kopurua bi herenera iritsi gabe. Kasu horretan, erreferendum bidez berretsi beharko zuketen aldaketa.

Fuerza Popular alderdi eskuindarreko Arturo Alegria diputatuak Exitosa irratiari atzo adierazitakoaren arabera, beste aukera bat aurkeztu zuten herenegun, eta «78 eta 80 boto» artean lituzke bermatuak. Testu horrek zera jasotzen du: besteak beste, hauteskundeak aurtengo abenduan egitea, eta Boluarteren eta egungo Kongresuaren agintaldia datorren urteko martxoaren 31n amaitzea. Konstituzioaren Batzordeak atzo parlamentuan aurkezturiko lege proposamenak abenduko data jasotzen zuen, baina martxoaren 31ren ordez apirilaren 30a proposatzen zuen; hau da, gobernu berriak 2024ko maiatzaren 1ean hartuko lukeela agintea, 2026ko uztailera arte.

Hala ere, bozketaren emaitza ez zen iritsi proposamenak aurrera egiteko behar zuen gutxiengora ere.

Ordezkaritza duten alderdi gehienak bozak aurten egitearen alde agertuak ziren egunotan, baina, publikoki esandakoa kontuan harturik, ez ziren ados jarri data baten inguruan, zenbait baldintza baitituzte. Esaterako, batzorde konstituziogile bat eratzea, hauteskundeekin zerikusia duten erreforma gehiago egitea eta egungo Kongresuaren agintaldia mugatzea.

Boluarteren proposamena

Kongresuak berriz ez bazuen onartzen bozak aurten egitea, Boluartek jakinarazia zuen, iragan astean, bi lege proiektu aurkeztuko dituela konstituzioa erreformatzeko, «urgentziazko tramitazioa» erabilita.

Lehen lege proiektuaren asmoa litzateke aurtengo urriko bigarren iganderako deitzea hauteskundeetara —beharrezkoa balitz, bigarren itzulia abenduan egingo lukete—. Eta, bigarrenaren kasua, helburua litzateke «konstituzioaren erreformaren eztabaida trenkatzea», testu hori «guztiz» berrituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.