OMEk «goizegi» iritzi dio nazioartean larrialdi egoera ezartzeko

Aireportuetan osasun kontrolak ezartzeko aholkatu du Osasunerako Mundu Erakundeak. Txinak lau hiri itxi ditu birusa zabal ez dadin

arantxa elizegi egilegor
2020ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Bi eguneko bileren ostean, OME Osasunerako Mundu Erakundeak baztertu egin zuen atzo iluntzean Txinan agertutako koronabirusa dela-eta nazioarteko larrialdia ezartzeko aukera. Erakundeko buru Tedros Adhanomen iritziz, «goizegi» da oraindik horretarako. Hala ere, OMEk ez zuen baztertu aurrerago beste bilera bat egin eta larrialdi egoerara deitzeko aukera. Halakorik eginez gero, mundu mailako neurriak sartuko lirateke indarrean. Oraingoz, baina, soilik aholkatu diete herrialdeei har ditzatela neurriak koronabirusak kutsatutako gaixoak detektatzeko.

Adhanomek zehaztu zuen larrialdi egoera ezarri ez izanak ez duela esan nahi egungo testuingurua larria ez denik. «Txinan koronabirusa osasun larrialdi bilakatu bada ere, oraindik ezin dugu esan nazioartean egoera berean gaudenik. Horregatik, oraingoz, ez dugu aholkatuko merkataritza bidaiak mugatzea, baina bai aireportuetan kontrolak jartzea».

Azken datuen arabera, 630 pertsona gaixotu dira koronabirusarekin, eta hemezortzi dira hildakoak. Birusak Txinan eragin du kalte gehien. Han, dagoeneko lau hiri itxi dituzte gaitza zabal ez dadin: Wuhan, Huanggang, Ezhou eta Xiantao. Garraio publikoa ez erabiltzeko eta ekitaldi publikoetara ez joateko aholkatu diete milioika herritarri. Beste hiri askotan, berriz, erabat itxi ez dituzten arren, segurtasun neurriak ezarri dituzte. Txinatik at, beste sei herrialdetan topatu dituzte birusak kutsatutako pertsonak: Singapurren, Vietnamen, Japonian, Thailandian, Hego Korean eta AEBetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.