'Herriko tabernen auzia'. Erreakzioak

Sortuk uste du garai berriaren aurkako erasoa dela zigor epaia

Aurrerapausoak ukatzeko nahia ikusi du EAk.

Aralarrek eskubideak berrezartzeko eskatu du.

Nahikoa jasan dela dio Alternatibak
Pernando Barrena eta Maite Ubiria, atzo, Donostian.
Pernando Barrena eta Maite Ubiria, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2014ko uztailak 31
Premiazko agerraldian egin du 35/02 auziko epaiaren balorazioa Sortuk, Pernando Barrena eta Maite Ubiriaren ahotik, gaitzesteko: «Epaia ez da ezker abertzalearen aurkako erasoa, Euskal Herri osoaren aurkakoa baizik. Bakerako garai politiko berrirako apustua egiten duen herri oso baten aurkako erasoa da».

«Ideia eta jardun politikoak» zigortzen dituen erabakiak «ezker abertzalearen zuzendaritzen aurka» gauzatutako «mendekua» borobildu nahi duela ere adierazi dute. «Ezker abertzalearen porrot politikoa» irudikatu nahi dutela, baina hori errealitatetik urruti dagoela. Gainera, ziurtatu dute ezker abertzaleak aurrera egingo duela «egoera berria usteltzen» uzteko bidean, «elkarbizitzaren eta eskubide guztien errespetuaren bidea» hautatua duelako.

Antzeko balorazioa egin dute EH Bilduko gainerako alderdiek. EAren ustez, erabakiak adierazten du «Espainiako Estatuak ez duela onartzen Euskal Herria fase politiko berri batean dagoela». Ezker abertzaleak hartutako bide politikoaren inguruko «zalantzak» pizteko nahia nabaritu dio Madrili; hots, «ematen ari diren pausoak» ukatzeko nahia.

Aralarren iritziz, «bidegabea» da «soilik jardun zibil eta politikoengatik» inor zigortzea, eta aurkakotasuna adierazi dio epaiari. Espainiako botere legegileari dei egin dio «antiterrorista esaten zaien legeak indargabetu eta eskubide zibil eta politiko guztiak berrezartzeko».

Alternatibak «bake eta normalizazio politikoaren aurkako hamaikagarren erasoa» salatu du. «Zer helburu lortu nahi ditu Madrilgo gobernuak espetxean dauden politikarien zerrenda gizenduta?». Uste du euskal gizarteak nahikoa jasan duela eta, beraz, ez duela gehiago iraungo «eskubide zibil eta politikoen kartzela den Espainiako Erresuman».