Pastor
DARWIN ETA GU

Tanta bat itsaso zabalean

2021eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Udan estreinatu zuten Katla seriea. Islandian egina da eta sumendi baten erupzioa azaltzen du. Fenomeno horrek glaziar bat urtuko du eta hainbat ondorio izango ditu. Misterioa eta suspensea nagusiak dira pantailan.

Netflix-ek Islandian ekoitzitako lehendabiziko seriea da Katla. Islandieraz dago. Hizkuntza horrek 300.000 hiztun pasatxo ditu. Inork pentsatzen al du Islandia Suediaren menpe egongo balitz, uhartea Suediako autonomia bat izango balitz eta hango bizilagunak suedieraz moldatuko balira, seriea islandieraz egingo lukeela Netflixek, eta ez suedieraz?

Netflixi espainiera ez diren hizkuntzetan eskatu dioten kuotaren inguruan sortutako iskanbilak errealitate gordina erakutsi digu: independenteak izan arte ez gaituzte errespetatuko. Azkenean adabaki bat jarri dute eta, itxuraz, arazoa konponduta dago. Alta, inork uste du PSOEk gehiengo absolutua izan balu AEBetako konpainia erraldoia molestatzen ibiliko zela espainiera ez diren «beste hizkuntza espainiarrak» —halaxe aipatzen ditu Espainiako konstituzioak 3. artikuluan mintzaira horiek. Gaztelera da berezko izena duen bakarra; besteak «besteak» dira— kontuan izateko?

Beste horrenbeste esan daiteke hezkuntza sistemari buruz. Burujabetza gabe ez dugu aurrera egingo euskalduntze prozesuan. Burujabeak izanda ere, ez litzateke lan erraza izango, baina Madril eta Parisen menpe, are gutxiago. Ezinezkoa. Canet-eko eskolan gertatua adierazgarria da oso. Familia bakar bat gai izan da ia 40 urtean garatu eta errotutako murgiltze sistema apurtzeko, hankaz gora jartzeko. Guraso biren kexa nahikoa dugu sistema lehertzeko. Hemendik aurrera eskola guztietan % 25 eman beharko dute espainieraz. Zer espero dezakegu hezkuntza sistema osoa zintzilik badugu, bikote ultraespainolista baten apeten menpe badago?

Canet-en gertatuak hamaika orri eta ordu eman ditu hedabide espainiarretan: erasoa, mehatxua eta abar. Albano Dante Fachin-ek, Podem-eko kide ohiak, bere iritzia azaldu du TV3n eginiko elkarrizketan: «Hemen ez dugu gatazka bat. Hemen arazo bat dugu eta hauxe da: estatu espainiarrak katalana Estatuaren hizkuntza ez dela erabaki du, zapaldu beharreko hizkuntza baizik». Hausnarketa egin du jarraian: egunero hamaika eraso izaten dira katalanaren kontra —eta euskararen kontra zer esanik ez—, baina horiek guztiak ez dira Espainiako erresumako hedabide ofizialista elebakarretan agertzen.

Euskal Herrian beste egoera dugula esango dute. Hemen hizkuntz eredua aukera daiteke, ez dago kezkatu beharrik. Kasu, urak harro datoz eta! Izan ere, Kataluniakoa abisua izan daiteke guretzat. Zenbait lekutan D eredua de facto inposatuta dagoela zabaltzen ari dira zenbait hedabide azken aldi honetan. Gurasoek beste herri batera bidali behar dituzte umeak erdaraz ikasteko. Haien eskubideak urratzen ari omen dira. Auzia puzten segituz gero, zer gertatuko da etorkizunean epaileren batek erabakitzen badu guraso horien umeek haien herrian erdaraz ikasteko eskubidea dutela? Kataluniakoa hankaz hora jarri badute, ez dut pentsatu ere egin nahi zeinen erraz sartuko diguten ziria.

Enric Larreula filologo katalanak etorkizun iluna iragarri du. Katalanari buruz ari da, baina berdin hitz egin liteke euskarari buruz: «Estatu frantziarra eta espainiarra katalanaren etsaiak dira. Ez dira Suitza edo Belgika bezalakoak. Suitzan mintzatzen diren hizkuntza guztiak berdin tratatzen dituzte. Estatu espainiar eta frantsesean hizkuntza bat baino ez dago eta besteak traba dira». Diagnostikoa argi du: «Soilik ezinbestekoak badira salbatzen dira hizkuntzak». Euskara ezinbestekoa dugu Euskal Herrian?

Astelehen goiz eguzkitsua Donostian. Umeak futbolean ari dira plazan. Irakasleak haiekin hitz egiten du noizean behin. Euskaraz. Guztiek ulertzen diote, baina haien artean erdaraz egiten dute. Halako batean neskato baten ahotsa entzun da: «Pasatu niri!». Lipar bat besterik ez da izan. Jarraian erdara nagusitu da, berriro ere, haurren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.