Pastor
DARWIN ETA GU

Pasaportea eman

2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Zilegi da Covid-aren aurkako txertoa jartzera derrigortzea? Europako zenbait lekutan neurri hori hartzea erabaki dute, batez ere txertatuen kopurua oso handia ez den herrietan. Eztabaida gurean ere badago. Hala ere, txertoa hartu dutenen portzentajea altuagoa da berton —batez ere Hego Euskal Herrian—.

Alemanian, aldiz, handia da ez txertatuen portzentajea. Bertan jarraitzaile asko ditu antroposofiak, Rudolf Steiner zenak sortutako pentsamoldeak. Tobias Rapp kazetariak antroposofia eskoletan ikasi zuen. Han ikusia kontatu du Der Spiegel aldizkarian: bere ikaskide bat gripe bortitz batek jota hil zen. Gurasoek ez zioten botikarik eman nahi izan. Txertoen kontrakoak dira antroposofian dabiltzanak. Haien aburuz, zibilizazioaren pozoia dira txertoak eta botikak. Semea hiltzeko arriskuan jarri nahiago, pozoi hori hartu baino. Gainera, gaixorik baldin bazaude, aurreko bizitzan egin zenuen zerbaiten seinale izaten da. Sendatzen ez bazara, hurrengo bizian egongo zara hobeto (edo ez. Agian, Sumatrako onddo betierekoak izango dituzu lotsarietan, txikitan beste ume bati tren elektrikoko bagoi gorria lapurtu zeniolako eta karma bueltan etorri zaizulako. Ezin jakin).

Christoph Möllers-ek, eskubide konstituzionaletan aditu eta jurista alemaniarrak, Philosophie aldizkarian adierazi duenez, txertatzearen auzia zaila da: batetik, norbanakoaren erabaki pertsonalak daude, alde intimoa; bestetik, arlo soziala. Argudio bat edo bestea defendatzen duenak arrazoi du. Hala ere, badaude erabaki batzuk, norbanakoaren alde intimo horretan geratzen ez direnak, kanpoan ondorioak dituztenak. Covid-19-ari dagozkionak, adibidez.

Zer argudio gailendu beharko litzateke orduan? Möllersen ustez, kolektibitatean oinarritzen dena. Hark esan duenez, indibiduo terminoak ez du inolako zentzurik, komunitatean ez bada. Izan ere, lege barik norbanakoak egun batzuk baizik ez luke bizirik iraungo. Indartsuenaren legea nagusituko litzateke, naturan bezala —naturaren apologia esoteriko akritiko hutsa egiten dutenek hausnartzeko gaia izan liteke hau, horretarako prest egongo balira—. Autorrealizazioa eta zoriontasuna bakarka eta bakarrean bilatzea ez da posiblea. Ilusioa da: neurri batean edo bestean, elkarri lotuta gaude, komunitatean bizi gara. Gustatu edo ez. Möllersek bezala, ikuspegi indibidualistaren kontra egin dute Alemaniako beste zenbait adituk. Haien arabera, «liberalismoaren gainbehera espirituala» dugu pandemiak azaleratu duen erabateko indibidualismoa. Askatasuna «nahi dut» eta «ez dut nahi» esaldien arabera ulertzea, erantzukizunik gabeko askatasuna goratzea, desio eta apeta hutsetan oinarritua, ez da bidea.

Hemen Covid pasaportea dugu hizpide. Ni ez nago pasaportearen kontra, ondo eta kontu handiz ezarriz gero. Pasaporteak dakarren diskriminazioa kritikatu dute. Bai, ez da oso zuzena pertsona batzuentzat. Adibidez: medikuak osasun arrazoiengatik txertoa ez jartzeko esan dienentzat. Konponbidea bilatu beharko litzateke haientzat. Baina zer eskubide du txertatu nahi izan ez duenak taberna batean gure aldamenean jan eta edaten ibili eta kantetan eta txilioka hasteko, berak horixe nahi duelako, gure osasunak berdin diolako?

Txertatu nahi izan ez duen morroi bati hauxe irakurri nion foro batean: osasun zerbitzuak kolapsatu egin badira, erraza da konponbidea: koronabirus eriak ez artatzea. Zer egingo luke pertsona horrek guraso zaharrak kutsatuko balitu? Hiltzen utzi? Zer eskubide merezi du halako astapotro batek gaur, zapatu gauean, mahai batean nire ondoan esertzeko? Autobusean musukoa janzten ez duenak «agobiatu» egiten delako, zer uste du, bada? Besteok orgasmoak izaten ditugula ahoa eta sudurra estalita, kristoren buztankadak eta klitorikadak?

Espainieraz badute esamolde bat: pasaportea eman. Esaera horren lehen esanahia hauxe da: baten batekin harremanak edo tratua haustea. Batzuei horixe egin beharko litzaieke: pasaportea eman. Ondo merezita, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.