Pastor
DARWIN ETA GU

Gure Hegoalde zakarra

2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Esperientzia bizigarria izaten da garraio publikoan ibiltzea. Gogoa suspertzeko modukoa. Ez garraio horietako batzuek gero eta zerbitzu eskasagoa eskaintzen dutelako, han izaten diren bizipenengatik baizik.

Gure bizigune publikoaren isla da garraio publikoan ikusten dena. Gizartean dugun hezibide eta errespetu maila erakusten du; gure osasun zibikoa agertzen duen ispilua da. Baliteke pandemiak fenomenoa areagotu izana, ez dakit, baina joera lehenago ere bazegoen: orduan ohikoa zen autobus edo tren bateko bidaiariak oinak ondoko edo aurreko eserlekuan jarrita ikustea. Edo txorizo pamplona biltzen duen ogitarteko koipetsua ordubeteko bidaian jatea.

COVID-19-a baino lehen Lapurdin barrena autobusean sarri ibiltzen zen lagun gipuzkoar batek hango egoera deskribatu zidan: jendea gazteak barneautobusean sartu eta egun on esaten ikusten duzu, agurtzen. Gizabidez. Euskal Herri penintsularrean ez. Hemen zakarkeria dugu nagusi. «Badirudi ozpinduta gaudela. Gatazkaren ondorioa izango da hori ere?», esan zidan.

Zer pentsatua eman zidan. Izan ere, hemen autobusean, trenean, oinak beste eserlekuan jartzen ditugu gero bertan jarriko den herritarraren arropa gure zapaten eskuila balitz bezala. Eskerrak ematea ahulezia seinale dugu: unibertsitatera doan autobusa mugitzen hasi da. Ikaslea berandu heldu arren, atea ireki dio gidariak, hori ez egiteko agindua badu ere. Mutila ezer esan gabe sartu da. Ez eskerrik asko, ez egun on. «Halakoak dira. Hamarretik batek agurtzen bazaitu, zorionekoa zara», aitortu dit gizonak.

Badirudi zenbat eta zakarragoa izan, orduan eta euskaldunagoa zarela. Jendea eskolak hasita sartzen da ikasgelan, atea jo gabe. Agurtu eta ezer esan gabe, astoen pare. Mezu bat bidaltzen dizute posta elektronikoz: ez kaixo, ez agur. Ikasgelan autobusean legez ikusiko dituzu ikasleak: oinak alboko eserlekuan ipinita. Arratsaldeko txandan beste ikasle batzuk eseriko dira bertan, baina berdin dio. Izorra daitezela.

Erasmus programaren bidez EHUra datozen Europako ikasleei buruz beste irakasleek azaltzen dutena entzun, nola jokatzen duten-eta, eta zer herritan bizi zaren galdetzen diozu zeure buruari. Bai, edonon ikusi ahal ditugu portaera okerrak, baina bada diferentziarik. Frantzia, Alemania, Herbehere edo Danimarkako autobusetan gutxiago nabarmentzen da jokamolde hori. Eta hala gertatzen denean gizarte-maila jakin bateko jendearen kontua izaten da, askotan.

Hegoaldean, ez. Hemen alde guztietara hedatu zaizkigu modu txarrak. Hegoaldean beste ezer baino transbertsalagoa da zakarkeria. Zakarkeriaren demokratizazioa lortu dugu. Egun on esaten digute eta korroskada batez erantzuten dugu. Egoten eta portatzen jakin ez. Gero, halako zakar man edo zakar woman batek lanpostu ederra lortu eta miraria: erabateko aldaketa! Diru ederra muturren aurrean jarri diote eta bazter utzi du zakarkeria. «Hori ez al zen, bada, lanera dutxatu gabe eta arropa zikina etortzen zena, zapata lohiak aulkian ipintzen zituena?». «Bai, baina orain kargu bat du administrazio publikoan». Hara, gure iraultzailea! Entzun du txintxinaren hotsa eta horrela ikasi zer den lotsa.

Hegoalde zakarra. Ez dut esango Euskal Herri kontinentalean dena perfektua denik, ezta gutxiago ere. Hor ere bada zalaparta, baina eguneroko tratuan beste zerbait dute, deitu nahi duzuen moduan: gizabidea, plantak, itxurazko goxotasuna edo zurikeria. Alta, eguneroko azaleko harremanetarako horixe nahiago Hegoaldeko (ustezko) benetako zakarkeria baino. Azken batean, gure zakarkeria ere ez al da izango planta hutsa, itxurazko zakarkeria, kastratu emozionalak gizabidetsu jokatzeko duen lotsa edo erreparoa ezkutatzeko?

Ikuspuntu hau azaldu dut inoiz jende aurrean eta erantzuna xinple bezain etsigarria izan da maiz: «Iparraldeko horiek gabatxoak dira, frantsestuta daude». Eta gu zer gara? Ez gara izango hain gustura kritikatzen eta arbuiatzen ditugun espainiarren aspaldiko bertsiorik zakarrena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.