Euskal talde guztiek gaur jokatuko dute

Arene Altonaga Eibarreko jokalaria, Real Madrilen aurkako partidan. ZIPI / EFE.
Julen Etxeberria.
2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Egun bete-betea izango da gaur Espainiako Lehen Mailan: bederatzigarren jardunaldiko zazpi partida jokatuko dituzte; guztiak bat ez beste. Hain zuzen ere, Euskal Herriko lau taldeek gaur jokatuko dute. Eibar, Athletic eta Reala etxean ariko dira; Alaves, berriz, etxetik kanpo.

Eibartarrek jokatuko dute lehenbizi (12:00), eta aurkaririk indartsuena izango dute parean: Bartzelona. Katalanak nahieran dabiltza: jokatu dituzten zortzi partidak irabazi dituzte, eta 51 gol sartu —sei baino gehiago partidako—, eta bi bakarrik jaso. Azken jardunaldian, adibidez, 8-1 irabazi zioten Realari. Eibarrek, beraz, badaki astindua hartzeko arrisku dezentekoa duela. Hori hala izan ez dadin saiatuko da. Konfiantzarekin dago, azken partidan Madrili 1-3 irabazi ondoren.

Athleticek, berriz, 16:00etan jokatuko du, eta hark ere aurkari zaila izango du: Levante. Zuri-gorriek bolada ona zeramaten aurreko astera arte —hamabost puntutatik hamahiru—, baina 4-2 galdu zuten Betisen zelaian. Gaur, bolada onari ekin nahi diote berriro. Sailkapenean, Athletic laugarren dago, hamasei punturekin, eta Levante bosgarrena da, puntu bat gutxiagorekin.

Realak ere azken jardunaldiko porrot mingarria ahaztu nahi du, eta aukera ona du horretarako: etxean ariko da, Betisen kontra (17:00). Txuri-urdinek erne egon behar dute, espainiarrek azken bi partidak irabazi baitituzte; euskal taldeen aurka izan dira biak, Eibarren eta Athleticen kontra.

Sevillako (Espainia) beste taldeari egingo dio bisita Alavesek (17:30). Kontrako bolada daramate biek: Sevillak azkeneko hamabi puntuetatik zortzi lortu ditu; Alavesek, ordea, azken bederatzietatik bakarra. Arabarrek suspertu egin nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.