Patxi Zubizarreta.
Literatura. Hirudia

Idazteari utzi ote diodan...

2013ko urriaren 20a
00:00
Entzun
...galdegin zidan, kezka agerian, BERRIAko Igandea gehigarrirako udan —13-VIII-25— idatzi nuen ipuina irakurritakoan. Ez nuen asmatu, antza, testuari eman nahi izan nion kritika eta autokritika dosiarekin, ezta sujeritzeko nire desioarekin ere, eta, ohi bezala, adiskideari beste ipuin batekin erantzun nahi izan nion.

«Behinola, izan omen zen jauntxo bat emaztea goibel eta mingulin zuena. Iluntze batez, lorategietan ibilalditxo bat egitea proposatu zion, biharamunean bertan, gazte esklabo baten laguntzarekin. Mutilak, orduan, denei aurrea harturik, ezkutuan jan-edanak bildu, eta lorategira jo zuen. Jatekoak zuhaitz baten erroetan kokatu zituen, edatekoak beste baten azpian, eta gozokiak eta fruta beste batean ezkutatu zituen.

»Hala bada, biharamunean emakumea eta mirabea zaldi gainean abiatu ziren eta, halako batean, bele baten karranka entzun zutelarik, mutilak hots egin zion: 'Oraintxe begiratuko dut!'. Beleak esandakoa ulertu zuelakoan, emakumea begiak arranpalo geratu zen: 'Zuhaitzaren azpian janaria lasai hartzeko adierazi dit'. Esan eta izan: jaki ezin finagoak zeuden han, eta biek ere bapo jan zuten. Bidean aurrera, beste bele baten karranka entzutean, mutilak andereari esan zion: 'Zuhaitz horren azpian, almizklez urrindutako ontzi bat ur dago, eta ontzi bat bete ardo'. Eta bai albisteak bai edabeak adoretu egin zuten emakumea, eta ez zen horrenbeste harritu, hirugarren bele baten karrankarekin, beste zuhaitz batean gozokiak eta fruta topatu zituztenean.

»Alabaina, gazteak harri bat jaurti zion laugarren bele karrankariari. Emakumeak haserrearen zergatia ezagutu nahi izan zuelarik, gazteak arrapostu zion: 'Ezin dizut errepikatu. Itsuskeria bat izan da'. Baina ugazabandrea tematu egin baitzen, mutilak argitu zion: 'Esan dit zure senarrak zurekin egiten duena, nik zurekin egiteko'. Anderea irriz karkailaka hasi zen: 'Ez da gauza asko. Nola esan ezetz alberdanian aritzeko aukera horri?'. Eta, zaldi gainetik jaitsirik, zuhaitz baten azpialdean tapiz bat zabaldu, eta mutilari hurbiltzeko esan zion. Baina hara non une hartan senarra agertu zitzaien! 'Ene jauna', aurreratu zitzaion mirabea, 'zure emaztea zuhaitzetik jausi ez da ba! Zartakoarekin hil egin da, baina gure Jainkoak bizia itzuli dio. Orain apur bat suspertzen ari da'. Anderea orduan aieneka eta itxurak egiten hasi zen: 'Ai, ene bizkarra; ai, ene saihetsak!', eta jauntxoak eria berehala bere zaldi gainera igo, eta, Jainkoaren eskuzabaltasuna eskerturik, jauregira itzuli zen».

Adiskideak irri firfira seduzitzailea egin zidan arren, bistan zen nire erantzunak ez zuela asebete eta atzera galdegin zidan ea idazketa benetan uztekotan nintzen. Ipuineko emakumea gogoan, adierazi nion literatura ulertzeko modua, literatur sistema bera jausi egin direla, eta, parkean barrena genbiltzanez, urteetan sinetsitako axioma bakoitza hostoak bezala jausi zaidala. Foster Wallaceren honako gogoeta ere bururatu zitzaidan: «Sasoi ilunotan, benetako arteak berpizte kardiopulmonarra egin beharko liguke geure baitan oraindik bizirik eta argi dauden elementu magiko eta humanoetan». Bestorduko kritikari nagusitu zaion publizitatea ere aipatzen ahal nion, kalitateari gailendu zaion komertzialtasuna, edota entretenimenduaren gizartean idazleak hartu duen funtzio dekoratzailea, eta bereziki Alberdania… O tempora, o mores! Baina oroiturik Xerazadek halako ipuinen bitartez lortu zuela bere bizitza salbatzea, eta Xariar sultan gaixoa adoretzea, besterik aipatu gabe, ziplo jausi nintzen belarretara, nahitara, adiskideak agian berpizte kardiopulmonarra niri neuri egingo zidalakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.