Patxi Zubizarreta.
Literatura. Hirudia

Freud agertu zitzaidala

2013ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
jakinarazi nion adiskideari, parkean noraezean nenbilela, eta, niregana hurbildurik, diosala egin zidala. Gaineratu nion, hurrengo batean, banku batean liburu bat irakurtzen ari nintzela, berriro ere ikusi nuela, baina nire albotik igaro, zehar begiratu bat egin, eta batere adeitasunik erakutsi gabe egin zuela aurrera. «Freudek, bai», eta irritsu argitu nion zakur bati buruz ari nintzela, eta berarekin zetorren emakumeak oso istorio bitxia kontatu zidala: bi urte omen ziren senarrak utzi zuela, eta bai bera bai zakurra depresioan jausi ziren; elkarrekin, nola edo hala irteten ari ziren, eta bitartean Freudek abandonatu sentimentalei antzemateko sena garatu omen zuen: «Geroztik ez du hutsik egiten. Maitasunagatik sufritzen duen norbait bidean gurutzatzen badu, zakurra jauziak egiten hasten zaio, bere balakuekin alaitasuna itzuliko diolakoan. Batzuetan beldur pixka batekin etortzen naiz parkera. Izugarria da zenbat abandonatu dabilen. Uhalarekin lotuta eraman behar izaten dut…!».

Adiskidea begiak begietan geratu zitzaidan. «Beraz, liburuarekin zeundela, ez zitzaizun hurbildu…». Are gehiago esan nion: «Gelditu ez zitzaidanean Joxean Agirreren Adiskide bat nuen nobela neukan esku artean, baina hurrengoan Pablo Coelhoren beste liburu bat neukan, eta orduan berriro ere usnaka eta laztanka inguratu zitzaidan…». Zakur zuhurtzat jo genuen Freud, gai baitzen literatura eta irakurgaiak bereizteko, eta hortik segitu genuen egungo telebistak eta kultura komertzialak espektatibetan haurtu eta alfertu egin dutela berez ergela ez den irakurlea. Adiskideak adierazi zidan liburu onek irakurleari zer pentsa eman behar diotela; baina, oro har, liburuak pentsamendua birrintzen ari direla. Ideia hari tiraka, David Foster Wallace ekarri nuen hizpidera: literaturak, haren esanetan, areagotu egin behar digu bakardade, herstura eta heriotza sentipena, gero norberak aurre egin diezaion. Solasa serioegitzen ari zitzaigulakoan edo, adiskideak Virginia Woolf aipatu zuen orduan: azken judizioan, liburua besapean dakarten irakurle errukarriok ikusita, Jainkoak san Pedrori inbidia doi batez esango dio: «Horrako horiek ez dute saririk behar. Irakurtzea gustatzen zitzaien».

Lertxundi aipatu gabe, haren hitzak berritu nituen segidan: «Gogoratzen, abandonatzen zinenean liburuan barrena, emozioen eskutik? Irakurketak eragindako pozak edo tristurak edo malenkoniak zure barne bizitza argitzen edo iluntzen edo abailtzen zizuten. Eta zuk zeure burua ikusten zenuen noranahiko bandan, emozio batzuen eta besteen ispiluan…». —O tempora, o mores…—. Lertxundiren beraren hitzak zirela jakin gabe, adiskideak orduan: «Badirudi xalotasun hura galdu dugula, plazer hura tokitan dagoela». Nik oroitarazi nion behin baino gehiagotan, Durangoko Azokatik bueltan, iluntzean, Urkiolan gelditu eta, auto barnean, musika lagun, azken berritasunak irakurtzen geratzen nintzela, ezkutuan. Plazer hartaz, gaineratu nion lehengusina batek behin aitortu egin zidala galdu egin zuela haur denborako ahotsa: «Irakurtzean, orduan ahots bat, xuxurla bat entzuten nuen neure baitan; baina institutuan, nobelen egiturak, deskribapenak-eta aztertzen hastearekin, desagertu egin zitzaidan ahots hura».

Parkean jarraitu genuen, noraezean, baina besotik heldurik. Adiskideak Truebaren azken filma ikusi ote nuen galdegin zidan, John Lennon agertzen duena, eta kritikari baten esana nabarmendu zidan: «Bikain saiatu da zineman nola sartzen den ere ahantzi duen hori erakartzen». Irakurlea, ikuslea, entzulea…, urteetan zehar artistak utzi egin zion harengana iristeko, harekin konektatzeko, harengan lilura eta asaldura sortzeko helburuari, eta, ondorioz, gizarteak abandonatu egin zuen artista. Halako gogoetak generabiltzala, zakur zuri-beltz bat albotik igaro zitzaigun. «Freud!», hots egin nion, baina animaliak ezentzuna egin zidan. 'Helduta goazelako izango da', esan zidan adiskideak irriño maleziatsu batekin, eta gero: «Nik ere irakurria dut Adiskide bat nuen…».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.