Patxi Zubizarreta.
Literatura. Hirudia

Durangoko beroaldia

2013ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
zainketa paliatiboen antzekoa dela esan nion adiskideari, Pako Aristik idatzitako Glaziazio aro baten hotzikarak (BERRIA, 13-XII-1) artikulua gogoan, eta euskal kultura kiebran dagoela. Artikulu gordina ondorioetan, eta kezkagarria adibideetan. Baina adiskideari gaineratu nion paradoxikoa zela ikustea, hori idatzi berritan, Durangoko beroaldian, kultura orrialde bat-batean potolotuetan zenbat sorkuntza lan ageri ziren: benetan sinestezina, benetan irenstezina…

Parkean barrena besotik heldurik genbiltzala, adiskideak gogoeta etsigarri horiek itsusitu egiten nindutela aitortu zidan. Besotik tinkoago heltzearekin batera, hitz beste egiteko eskatu ere egin zidan, eta kontatzeko, otoi, aspalditxoan Atxaga eta Martin Garzo idazleen testuekin osatua nuen bariazioa. O tempora, o mores…

«Maistra gaztea Obabako auzunerik urrunenera bidali zuten. Dena ongi hasi zen, baina, negua kukuka hasi zelarik, haurrek eskolara joateari utzi zioten: aurrena batek, hurrena bik, eta, azkena, kasik guztiek. Bazirudien enaren gisara desagertu zirela. Eta, haurrekin batera, helduak. Bien bitartean, maistrak egurgin bat ezagutu zuen. Eta mutilak ez baitzuen ez irakurtzen ez idazten, neska prest agertu zen hari ikasten laguntzeko. Egia esatera, egurginarekin igarotzen zituen uneak ziren atsegingarri gertatzen zitzaizkion bakarrak. Eta bakanak. Etxeko atean agertzen zitzaion bakoitzean, udazkeneko azken hostoak nola, halatsu hasten zen dardaran.

»Gau batez, herrian inor gutxi geratzen zela, egurgina ezustean etorri zitzaion. Kopeta ilundurik, maistrari esan zion: 'Zatoz nirekin'. Neskak, ostera, hori beste desiorik ez izan arren, ezezkoarekin erantzun zion. Eta harrezkeroztik egurgina ez zen berriro agertu, eta gainerako haur eta helduak bezalaxe desagertu zen. Ordurako, eskolara hiru haur besterik ez ziren joaten, eta, halako batean, haietako batek ere huts egin zuen. Maistra, erabakior, ikasle haren etxera joan da, jo du etxeko aldaba, baina inork zabaltzen ez. Eta, alde egitekotan dela, korta aldetik zerbait entzun du, arnasbehar sakon bat. Eta etxera sartu da eta, begiak iluntasunera egokitu zaizkiolarik, ahoa bete hortz geratu da: ganbarako habeetatik dilindan, bi zaku handi eta lirdingatsu zeuden, eta inondik ere giza gorputzak biltzen zituzten, eta gorputz haiek bizirik zeuden, izan ere haiengandik ateratzen baitzen arnasketa asaldagarri hura.

»Maistra gaztea deabruak hartua irten zen eta, etxean giltzapeturik zegoela, atea jo zuten. Espero zezakeen egurgina ez, baina alboko etxeko atsoa agertu zitzaion. Eta, mahaira eseri zirelarik, maistrari jakinarazi zion auzune estrainioa zela hura, beharbada herritarrek hibernatzen zuten munduko toki bakarra. Neguko loaldirako halako zorro handiak prestatzen zituzten eta, negua etortzearekin batera, haietan biltzen ziren: noiz bakarrean, noiz elkarrekin. Eta gorputzek isurtzen zuten izerdi likatsuan egoten ziren harik eta udaberria etorri arte. Horra herria hustutzearen zergatia. Maistra gazteak orduan ulertu zuen egurgina zertarako joan zitzaion gau min hartan, negualdia halako zaku batean igaro zezaten proposatzera, biak bakarrik punpaka eta arnaska ari zen barrunbe gozo hartan, elkarri itsatsirik. Eta, zorigaitzez, bazekien horixe zela munduan gehien desio zuena eta, halaber, beranduegi zela».

Kontaketan —eta parkean— aurrera egin ahala, oharkabean moteldu genuen urratsa, gelditzeraino kasik. Adiskidea, orduan, begiak begietan geratu zitzaidan. 'Egia esan', mintzatu nintzaion, 'ederra da liburu bat, kantu bat zeure baitan ate joka hastea. Durangoko beroaldia igaro eta negua hasi berri den honetan, horietatik batzuek lortuko dute ate egokia jotzea; beste batzuk oharkabean geratuko dira, izozturik…'. Isil-isila egon arren, adiskidearen begirakune seduzitzailea mintzo zen. Harkaitz Canori noizbait entzun diodan erresistentzialismoa kontzeptuaz oroitu nintzen, baina hitz horrek ere itsusitu egingo ninduelakoan, ni ere isilik geratu nintzen. Adiskideak tira egin zidan besotik eta nik jarraitu egin nion, jarraitu, negua hasi berri den honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.