Patxi Zubizarreta.
Literatura. Hirudia

Belea egondako taketa

2014ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
aipatzean, kopeta ilundu zidan adiskideak. Dimoztar maite batek erabili izan zuen esakunea zela argitu nion —O tempora, o mores…—: antza, gerraostean goseak hilik egon eta —umorea doakoa izaki—, belea hesi edo adar batean pausatzen ikusiz gero, haurrak hara joaten ziren ogi apur bat harturik, zertara, eta ogia egurrean igurztera; hartara, okela faltan, gutxienez okela egondako tokiaren zaporea edo lurrina ematen zioten ogi kozkorrari. Irri firfira egin arren, adiskideak ez zuen kopeta argitu, ez hitz erditxorik esan, baina ongi asko igarri nion leporatzen zidan iraganminari. Hitzik esan gabe, folklorea kultura baten hileta mezarekin alderatzen zuena oroitarazi zidan, edota Woody Allenen definizio hau: «Tradizioa betiere irauten duenarekiko ilusioa da».

Deseroso antzean, Miel A. Elustondok Administrazioa euskaraz aldizkarirako Jabier Kaltzakortari oraintsu egindako elkarrizketa mamitsua etorri zitzaidan gogora, eta ikerlariaren hitzak berritu nizkion adiskideari: «Garai berriak, teknika aldetik, aurrerapen izugarriak ekarri ditu; baina gu, ahozkoa ikertzen gabiltzanok, inor baino nostalgikoagoak gara; bizi nahi genuke orain dela laurehun urte, ia-ia Beotibarko guduaren garaian, biblioteka bizien bila abiatzeko. Horixe dugu guk geure ametsik handiena, biblioteka bizien bila abiatzea».

Parkean barrena genbiltzan, ohi bezala, besotik heldurik, eta nik neuk aipatu eta goraipatu ohi dudan postdena aro hau eta diziplinartekotasun konturik hizpidera ekarri gabe, adiskideak Oslav Nygard poeta norvegiarra ezagutzen ote nuen galdegin zidan. «Zertarako presatu, baldin eta eternitatea dagoeneko sehaska kantuak xaramelatzen ari bazaigu?». Eta nire ezezko imintzioarekin, argitu zidan bere lurraldeko dialektoan idazten zuela, eta agian horretantxe datzala haren edertasuna: «Inork gutxik irakurri ahal izateak dohain berezi eta misteriotsua ematen dio». Ez jakin nondik nora, Orixe etorri zitzaidan gogora, besteak beste hark Joan Gurutzekoari egindako itzulpen hau: «Non zaude kuku, Maite? Emen nuzu mingulin. Oreiñak antzo, iota nadukazu maitemin. Atzetik oska nuzu ta zuk neri aldegin». Baina halakorik errezitatzera ausartu ez, eta esan nion: «Eta zuk, ezagutzen al duzu Nicolas Valle?». Eta haren ezezkoarekin, argitu nion El Aceuchi mendialde extremadurarreko hitzen bilduma egiten duela, eta ezagutu nuen garaian T letrara iritsia zela. «Zenbat poesia!», atera zitzaion adiskideari, eta estutu bat eman zidan beso, iraganminez agian.

Bidean aurrera, Andre-Marcel Adamek idazle belgikarra nabarmendu nion gero, eta haren liburuen estilo guztiz pertsonala. «Parisko idazle ezagun askori idazkera zuria egozten die, denek berdin idaztea, estiloan orografiarik eta plazerik bilatu gabe». Eta bai banekien gogoeta euskal literaturara ekartzeko eskatuko zidala, oraingoan nik galdegin nion ea bazekien zer diren intxaur arolak. Adiskideak sorbaldak goratu zituelarik, jakinarazi nion hain zuzen ere Kaltzakortari ikasitako berba zela, eta mamirik gabeko intxaurrak direla arolak, edo «mamia bai, baina zigarro papera bezain estua, eta siku-sikua» dutenak, eta hortik segitu nuen testu lauak bezala, gaur egungo hainbat liburu arolak zaizkidala, garai arolak bizi ditugula.

Puska batean, isil-isilik jarraitu genuen, harik eta adiskideak jaurti zidan arte: «Oraintxe ulertu dut gure amaren esakunea! Umetan, bazkalorduan, platerean edo mahaian zerbait utziz gero, amak honela esaten zigun: 'Hori belea egondako estakea baino hobea da, mizkinkeriarik gabe, ez utzi ezer alferrik galtzen'». Eta nik orduantxe ulertu nuen arestian adiskideak ez zidala inongo iraganminik leporatu; orduantxe eta, berehala, zuhaitz artean desagertu, eta nondikbait entzun nionean: «Jakingo duzu, noski, Iparraldean musuari nola esaten dioten, ezta?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.