Patxi Zubizarreta.
Literatura. Hirudia

kritikari kritika

2014ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
egin behar zaiola jaurti zidan, agurtu aurretik ere, egunkari orrialde bat astinduka zekarrela. Eta adiskidearen aurpegi sumindua ikustean, kritikari zaplazteko batekin erantzun zion idazlea etorri zitzaidan gogora. Antza, Hemingway Kuban zegoen batean, irakurri kritika txar bat, hartu Rancho Boyeroseko aireportuan New Yorkerako lehen hegazkina, lurreratu La Guardian, hartu taxia, sartu trumilka jatetxe batera, eta muturrekoa eman zion kritikariari: lasaitua hartuta alde egin omen zuen, ohorea munduko tokirik altuenean utzita, hots, literatur kritiko baten kokotsean…

Alabaina, ezer kontatzeko astirik ere eman gabe, adiskideak ziplo galdegin zidan ea irakurri nituen Ur Apalategik BERRIAn adierazitakoak. Nire ezezkoarekin, argitu zidan Atxagari buruzko aurreko saiakera bezala, egileak oraingoan Saizarbitoriari buruzkoa argitaratu duela, eta izenburutik beretik asaldagarria zitzaiola saiogilearen ausarkeria: L´autre écrivain basque. Eta, berehala, estropezuka adierazi zidan erreportaiaren mamia: Atxagari eskertu egin behar zaio euskal literatura nazioarteratu izana, baina haren diskurtsoa frustrazioz betea dago, exotikotasunak joa, nazioarteko sistema literarioak behartua eta mugatua. «Euskal irakurlea sakrifikatzeraino!», jarraitu zuen adiskideak sutsu, «baina ni ez naiz inondik ere horrela sentitzen. Niri plazer handiak eskaini izana, horixe eskertzen diot nik, Saizarbitoriari bezala, eta inondik ere ez zaizkit lehiakide iruditzen. Beste idazlearen proposamenak gainditu egiten omen du Atxagak urratutako paradigma. To! Ez, zorionez, gaur egungo euskal literatura ez da inondik ere bizefaloa: badago non aukeratua, badago beste idazlerik…».

Francine Prose-ri The New York Times-en irakurritakoaz oroitu nintzen, hau da, bizitza laburra dela, eta hobe dela zure denbora liburu kuttunen zabalkundean erabiltzea, inoren kontra ibili gabe. Baina adiskideak berriro ere aurrea hartu zidan: «Saiogilearen iritzia subjektiboa eta bidegabea iruditzen zait. Gustu kontua, finean, eta: de gustibum non disputandum». Orduan zabaldu zuen orrialde zimurtua, eta irakurri: «'Postmodernismo globalak inposatzen duen jarrera likido eta onarbera gainditu egiten duen irtenbide neomoderno handinahi bezain zorrotza da Saizarbitoriarena'. Ulertu al duzu zerbait? Literatura, geratuko ez da ba hizkuntza klasikoen departamenduak bezain isolatua!». Eta, noizbait ere, nik: «Ez da kontu erraza kritikaren auzia. Zuk zeuk arrazoiz esan izan duzu irakasleok, adibidez, ez duzuela laudoriorik jasotzen eskola bat biribil ateratzen zaizuenean, eta idazle berez lausenguzalea gutxitan dela gai kritika txar arrazoitu bat jasotzeko». Eta berak: «Kontua da kritika hau ez dela arrazoitua». Eta nik: «Kontua da ez duzula entsegua irakurri». Eta isilunea bion artean. Eta bitartean, hain zuzen ere Atxagarekin gupidagabea izan zen —El País-etik kanporatua gero— Ignacio Echeverria etorri zitzaidan gogora. Hark idatzia da Espainiako kultura gela anekoiko baten antzekoa dela, dagoeneko ezertxok ere ez duela eragiten arraposturik, ika-mikarik, eztabaidarik… «Gurean ere, kritika gehienetan deskriptiboa izaten da, zenbaitetan lausoegia; oraintsu zentsuratua ere bai, edo ahula larrutuzale…».

Lasaixeago, adiskideak adierazi zidan hain zuzen ere Saizarbitoriak apenas egin duela ahaleginik bere obra munduratzen eta promozionatzen, agian bere onerako, baina munduko irakurleak sakrifikatuz. «Hor egiten du huts gure literatur sistema ezdeusak, kanporako gure itzulpen politika indargeak. Zergatik ez aztertu gaztelania zubi hizkuntza, Espainiako sari nazionala tranpolin hartu izanaren desabantailak? Apalategik berak ongi azter lezake zergatik jo dugun horren gutxi, esate batera, Parisera». Eta adiskideak, orduan, zalantzakor: «Egia esan, aurreko batean Francine Proseri irakurri nion liburu txarren kritikak egiteari utzi eta gero, pentsatu zuela bizitza laburregia dela eta, zerbait arbuiagarria eta gaitzesgarria ikusiz gero, adierazi egin beharra dagoela». Eta luze jo zuen eztabaidak, luze gauak hirian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.