Carapazek irabazi du erorikoek baldintzatutako Giroko laugarren etapa

Ekuadortarrarekin iritsi da Roglic, eta lehen postuan sendotu da. Landa 44 segundora iritsi da, eta Dumoulin 4.04ra, belauneko minez

Carapazek irabazi du erorikoek baldintzatutako Giroko laugarren etapa.
Julen Etxeberria.
2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Etapa lasaia espero zen atzo, Italiako Giroko lehen hamar egunetan jokatuko diren esprinterrentzako edo ausartentzako etapa horietako bat gehiago. Baina laugarren etapak ezertxo ere ez zuen izan lasaitik. Azken kilometroetan izandako erorikoek hankaz gora jarri zuten.

Richard Carapazek (Movistar) irabazi zuen kaosaren erdian, eta berreskuratu egin zuen bezperan galdutako denbora. Ekuadortarra azkarrena izan zen sei txirrindularik bakarrik osatutako taldetxoan. Caleb Ewan (Lotto Soudal) eta Diego Ulissi (UAE) ailegatu ziren ondoren, denbora berarekin. Primoz Roglic (Jumbo) liderra bizi ibili zen berriz ere. Seigarren izan zen, eta bi segundo besterik ez zituen galdu. Horri esker, lehen postuan sendotu da esloveniarra, aldea atera baitzien Carapazi ez, beste aurkari guztiei: hamasei segundo Miguel Angel Lopezi (Astana), Simon Yatesi (Mitchelton), Vincenzo Nibaliri (Bahrain) eta Bob Jungelsi (Deceuninck-Quick Step); 34 Pello Bilbaori (Astana) eta Mikel Nieveri (Mitchelton); eta 44 Mikel Landari (Movistar). Tom Dumoulin (Sunweb) izan zen eguneko kaltetuena. 4.04ra iritsi zen helmuhara, eta belaunean kolpea jasota. Ikusteko dago gaur abiatuko den. Erorketak, halaber, bete-betean harrapatu zuen Ion Izagirre (Astana), eta hamar minutu baino gehiago galdu zituen.

Etapa laua eta motza jokatuko dute gaur, 140 kilometrokoa. Ia ez du gorabeherarik, baina atzokoak ere ez zuen. Adi-adi aritu beharko dute txirrindulari guztiek. Argi geratu da edozein egunetan gal daitekeela dena. Galde diezaiotela Dumoulini.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.