Arrauna

Arraun Lagunak indartsuena izan da, baldintza deseroso eta narrasetan

Laugarren bandera irabazi du Euskotren ligan, Castro Urdialesen. Orio puntu bakarrera dauka

Andrea Astudillo Arraun Lagunak-eko patroia bandera astintzen, atzo, Castro Urdialesen, Euskotren ligako zazpigarren jardunaldian. ROMÁN G. AGUILERA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Aste gozoa darama Arraun Lagunak-ek. Asteazkenean, Euskadiko Txapelketako garailea izan zen, eta atzo, Euskotren ligako zazpigarren jardunaldian sasoiko laugarren bandera irabazi zuen, Castro Urdialesen (Espainia). Juan Mari Etxaberen taldeak eta Oriok sekulako lehia izan zuten amaiera arte, eta azken metroetan, Lugañene traineruak abiadura bizkortu, eta olatuaren bitartez lehena helmugaratu zen. Beste behin, Lugañene ontzia izan zen azkarrena.

Itsas beteko lehia izan zuten lau ontziek. Arraunzaleentzako estropada gozagarria; traineru barruan joatekoa, ordea, deserosoa. Izan ere, ipar-mendebaleko haize zakarra zegoen. Hori gutxi ez, eta itsasoa erabat narrastuta zegoen. Donostiarrari eta Hondarribiari egokitu zitzaizkien lehen eta bigarren kaleak, hurrenez hurren. Hain zuzen, lehen minutuetan kai-muturraren babesa zuten, eta Donostiarrak, bederen, aukera ondo zukutu zuen. Estropada buruan ziren donostiarrak euren Torrekua ontzian, eta ez azken estropadetan ibili ohi duten Bantxa traineruan. Laugarren minuturako, Donostiarrak tarteak gehiago zabaltzea lortu zuen, izan ere, Arraun Lagunak eta Orio gogotik sufritzen ari ziren inork nahi ez zituen hirugarren eta laugarren kaletik.

Ziabogan, ordea, Donostiarrak kareletik bota zuen lehen luzean egindako lan txukuna. Natalia Tubio lemazainari lekutara joan zitzaion Torrekua. baita Nadeth Agirre Orioko patroiari ere, nahiz eta segundo bakarrera heldu zen ziabogara. Lau segundo geroago egin zuen Arraun Lagunak-ek, eta bost gehiagora Hondarribiak.

Maniobraren ostean, estropada hankaz gora jarri zen. Donostiarra azkena irten zen ziabogatik. Momentu etsigarria arraunlarientzat. Bitartean, Orio zen estropada buruan, baina Arraun Lagunak ez zen urrun. Olatuak eta haizeak ipar-mendebaletik jotzen zutenez, Agirre patroiak 31 eskutik zuen; laugarren kalearen jabe baitzen, eta Andrea Astudillo Arrauneko patroiak ezin zuen istriborrerago joan. Une batez, Orio eta Arraun hirugarren kalean zirenez, itsasoko epaileak Oriori bandera zuria atera zion, laugarren kalera joateko eta bi ontzien palak ez jotzeko asmoz. Birritan atera zion bandera, eta Agirrek men egin zion. Baina hor ez zen amaitu; Astudillok San Nikolas ontziarekin tartea zuela ikusita, istriborrerago joan zen, laugarrenean sartu eta Oriorengana hurbiltzeraino. Dena den, hurrengo metroetan, bi ontziak elkarrengandik aldendu ziren, bai baitzekiten arriskua hartzea bien kalterako izango zela. Hala, euren arraunketan jarraitu zuten, asko baitzuten jokoan. Atzean, bestalde, Donostiarra eta Hondarribia segundo bakarrean ziren.

300 metroren faltan, Arraun zen lehena, eta Oriori pare bat tosta ateratzen zizkion; itsasoko estropadarako hutsaren hurrengoa. Bi ontziak Brazomar badian sartu zirenean, olatuak garbiagoak ziren, eta paladen erritmoa sarritu zutenean, Arrauneko arraunlariek etekin handiagoa atera zieten olatu txikiei, eta Orioren aurretik helmugaratu ziren. Segundo bat geroago heldu zen Xanti Zabaletaren taldea. Hirugarren postuan, berriz, Donostiarra izan zen, eta segundo batera Hondarribia. Lekeition (Bizkaia) izango dute gaur (11:40, ETB 1).

KAE 1, KAE 2 eta ETE ligak

Kaikuk denboraldiko bigarren bandera irabazi zuen, Pedreñan (Espainia), KAE 1 ligan. Getaria izan zen bigarren, zazpi segundora. Deustuk eta Zumaiak ez zuten arraun egin, koronabirus kasuengatik. Sailkapenean, getariarrak dira lider oraindik. KAE 2 ligan, Busturialdeak hirugarren garaipena eskuratu zuen, eta talde bera da sailkapenean lehena.

ETE ligak bederatzigarren jardunaldia izango du gaur, Pedreñan (Espainia), baina estropada ez da puntuagarria izango. Zumaia, Hibaika eta Castreña ezin izango dira lehiatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.