KRITIKA. Donostiako 80. Musika Hamabostaldia

Orekaren bila

Orkestrako eta abesbatzetako kideak, herenegun iluntzean. IÑIGO IBAÑEZ / EFE.
2019ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun

Mahler Chamber Orchestra



Zuzendaria: Jakub Hrusa. Abesbatzak: Donostiako Orfeoia, Easo Eskolania eta Easo Gazte. Egitaraua: A. Dvoraken Te Deum, Z. Kodalyren Psalmus Hungaricus eta R. Schumannen 2. Sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Abuztuak 2.

Proposamen eklektikoa Hamabostaldiak bigarren egunean Kursaalean eskainitakoa; lehen zatia osatzen zuten bi obrak, gainera, bere izenpean estreinakoz. Antonin Dvorakek1892. urtean konposatu zuen bere Te Deum, Amerikaren aurkikuntzaren 400. urteurrenaren ospakizunak zirela eta. Hogei minutu inguruko laudorio horren lau mugimenduek sinfoniaren forma hartzen dute, liturgian erabiliak izateko tankera baino gehiago, zeren sinfonietan orkestrak bat egiten baitu abesbatzarekin eta soprano eta baxu solistekin. Tamalez, Mahler Chamber Orchestraren presentzia gehiegizkoa suertatu zen Hrusaren zuzendaritzapean, ehun bat abeslari bildu zituen Donostiako Orfeoiaren pianissimo ederrak itzaliz, Tu rex gloriae-n, adibidez. Zuzenak izan arren, Katerina Knezikova sopranoaren eta Adam Plachetka baritono-baxuaren parte hartzeak ere desoreka horren menpe geratu ziren.

Budapest metropolia sorrarazi zuen Buda, Pest eta Obuda hirien fusioaren 50. urteurrena oroitzeko Psalmus Hungaricus ezohikoan ere dinamikak puztu egin zituen Hrusaren batutak, hungariar folklorearen melodiak gogora ekartzen zituzten erreferentziak ia estali arte. Easo Eskolaniak eta Easo Gazteak modu trinkoan erantzun zioten deiari, ziurtasunez. David erregearen rolak eskatzen duen irmotasuna, ordea, ahul suertatu zen Gyoula Rab tenorraren kolore eta emisio finean. Pena, bestalde, Hamabostaldiak obra hau lehen aldiz eskaini eta organoa alde batera utzi izana.

Robert Schumannen 2. Sinfonia-rekin, eta lehenengo zatiarekin kontrastea eginez, oreka berreskuratu egin zen astiro-astiro. Hrusaren keinua orokorrean zabal eta jolaskor, Scherzoa-n zehatz. Orkestraren aberastasunean —berriro ere, eta sokaren sostenguari esker, haizea bereziki eder eta neurriz— Zwickauko jeinuak ziklikoki garatzen dituen gaiak samurtasunez azalduz joan ziren, kodan, lehen mugimendua gogoan, malenkoniaz askatu arte. Programaren aniztasuna aintzat hartuz, poztekoa da laurogei urtez bizi izan den jaialdiak oraindik ezezagunak zaizkion obrak programatzeko kemena izatea, baita etxeko abesbatzek horiek gauzatzeko gaitasuna soberan erakustea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu