Arrauna

Arraun Lagunak-ek ez du aurkaririk izan Ibaizabaleko ur geldoetan

Laugarren bandera lortu du Euskotren ligan, Bilbon. Bigarren postua ehunenek erabaki dute

Andrea Astudillo Arraun Lagunak-eko patroia bandera astintzen, atzo, Bilbon, Euskotren ligako bederatzigarren jardunaldian. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Itsasoan ez ezik, ibaian ere talderik indartsuena dela berretsi zuen Arraun Lagunak-ek atzo, Bilboko bandera irabazita, erlojupekoan. Lugañene ontziak txikitu egin zituen aurkariek markatutako denbora guztiak, baita 2016an San Juanek ezarri zuen estropada eremuko marka ere 10.35,08; hiru segundoan ondu zuen. Juan Mari Etxabek prestatutako taldeak denboraldiko bosgarren garaipena lortu, eta sailkapen nagusian beste kolpe bat eman du; izan ere, hiru jardunaldiren faltan, Oriori puntu bat ateratzeaz gain, bi jardunaldi gehiago ditu irabazita. Dena alde du, beraz.

Sailkapena atzetik aurrera hartuta, Hondarribia izan zen erlojupekoari ekiten aurrena; haren atzetik, Donostiarra irten zen; gero, Orio; eta, azkenik, Arraun Lagunak egungo liderra. Marea 16:38an zenez behean, lehen luzean itsaslasterra aurka zuten lau ontziek, eta, hori ekidite aldera, istribor aldetik joan ziren, nahiz eta sakonera gutxiago zegoen. Arraun Lagunak-eko Andrea Astudillo patroiak, aldiz, ez zuen hartu ibaiertzera hainbeste gerturatzeko erabakia, metro gutxiago egiteko asmoz.

Etxaberen taldeak hasiera-hasieratik alde zituen erreferentziak, eta aurreko estropadetan egindako gidoia errepikatu zuen atzo ere; lehen luzeko bigarren zatian, Astudilloren kuadrillak, minutuko 36 palakadako erritmoan, ontziari abiadura handiagoa eman zion, eta ziabogara Orio baino lau segundo azkarrago heldu zen. Donostiarrak sei segundo geroago biratu zuen ontzia, eta hamar geroago Hondarribiak. Lau ontzietako aurrekalariek ohi baino gehiago iraun zuten arraun txikia sartuta, trainerua ziabogatik zabalegi ez ateratzeko.

Lehengo lepotik burua

Itzulerako luzean, Arraun Lagunak-ek bere bidea egin zuen, eta aldeak handitu egin ziren, Etxaberenak arraunean luze eta sarritu gabe ari zirela. Oriok bai sarritu zuela; zirt edo zart egin behar zuen Xanti Zabaletaren taldeak eta erritmoa minutuko 40 palakadara igo zuen: bizi-bizi. Halere, haien saialdia hutsala izan zen.

Hain zuzen, oriotarrek lehia handiagoa zuten Donostiarra eta Hondarribiarekin; segundo berean ziren hiru ontziak. Artean, Hondarribiak amaituak zituen bere lanak, eta Donostiarra zen atzetik. Jose Ramon Mendizabalen arraunlariek bereak eta bi eman zituzten azken txanpan, eta 68 ehunenengatik aurretik helmugaratu dira. Beste puntu bat gehiago Hondarribiari, laugarren postua saihesteko lehiari dagokionez. Orio ere ez zen aparte; Nadeth Agirre patroiak eta haren arraunlariek hortzak estutu behar izan zituzten Donostiarra baino azkarrago egiteko; 30 ehunenen baino ez zizkioten atera Torrekua ontziari.

Arraun Lagunak-ekoak, bestalde, gozatuz helmugaratu ziren, bai baitzekiten garaipena eurena izango zela. Amaieran, sei segundo Orio eta Donostiarrari, eta zazpi Hondarribiari. Atzoko estropada ere berdintasunaren eta lehiakortasunaren beste adibide bat izan zen. Gaur, berriz, Euskotren ligako hamargarren jardunaldia izango dute (11:40, ETB 1), Santurtzin (Bilbo).

Espainiako Txapelketa

Espainiako Txapelketako finalerako sailkatze estropadak jokatu ziren atzo Castro Urdialesen (Espainia). Meira eta Getaria bi txandetako irabazleak zuzenean sailkatu ziren gaur jokatuko den finalerako (12:00); haien atzetik amaitu zuten beste bi ontziak Pedreña eta Arkote izan ziren, eta bi talde horiek ere lehian izango dira banderan. Kaikuak eta Castreñak kontsolazio txandan ariko dira.

KAE 2 ligan, bestalde, Busturialdeak sasoiko laugarren bandera irabazi zuen atzo Bilbon, eta lidergoa sendotu du. Santoñan (Espainia) izango dute zortzigarren jardunaldia, gaur (17:30). ETE ligakoek, aldiz, hamargarren jardunaldia izango dute gaur (11:15), Errenterian (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.