Mary Stallings eta Michel Portal sarituko ditu Jazzaldiak

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko ekainak 23
Ibilbide luzea du jazz kantari modura Mary Stallingsek (San Frantzisko, AEB, 1939). Luzea, oparoa eta laudatua. Oraintsu The New York Times agerkari entzutetsuak «bizirik dagoen jazz kantaririk onena» dela idatzi du. Hura sarituko du Donostiako Jazzaldiak aurten, Michel Portal multinstrumentista baionarrarekin batera. Uztailaren 25etik 29ra bitartean egingo da Donostiako Jazzaldia.

1950eko hamarraldian azkenetarako San Frantzisko inguruko klubetan abesten hasia zen Stallings, izen handiko hainbat artistarekin: Ben Webster, Cal Tjader, Earl Hines eta Wes Montgomery. Gero, Count Basie, Billy Eckstine eta Dizzy Gillespieren orkestrako kide izan zen. Bere izenean argitaratutako diskoak pianista handiak lagun zituela grabatu zituen, Monty Alexander eta Geri Allen, kasu. Erretiratuta aldi luze bat eman ondoren, Wynton Marsalis tronpetari prestigiotsuak itzularazi zuen agertokietara.

Haize instrumentuen artista

Artista sailkaezina da Michel Portal, harridura sortzen duena, jotzen dituen musika tresnetan duen trebetasunagatik. Klarinete jotzaile aparta da, baina era bertsuan jotzen ditu klarinete baxua, saxo altua, tenorra eta sopranoa ere. Eta bandeoia ere jotzen du. Instrumentu aniztasun horregatik, musikari buruz dituen ideiengatik eta agertokian inprobisatzeko duen ahalmenagatik, Europako free jazz deituaren barruan lehen mailako artista da Portal.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna