DARWIN ETA GU

'¡Qué gais!'

Jose Mari Pastor -

2020ko urriak 3

Lau mutikoak eskailera batzuetan eserita daude, motxilak lurrean, eskolatik irten berriak. Jolasean ari dira, sakelako telefonoa lagun. Halako batean burua pantailatik altxatu eta oihu egin du horietako batek, telefonoa astinduz: «¡Me han matao!¡Qué gais!». Euskaldunak dira umeak. 10 bat urte izango dituzte. Ordura arte euskaraz jardun dute, baina badakigu adierazkortasuna nolakoa dugun ezustean barren-barrenetik zerbait ateratzen zaigunean.

Gay esan duen umeak oso barneratua du berba hori iraintzeko erabil dezakeela. Horrela mespretxua eta diskriminazioa ere hedatzen ari da, seguruena horren jakitun egon ez arren. Hitza kolpetik irten zaio. Automatikoa izan da. Zergatik? Gaztetxo horri diferentziak errespetatzeko jokabidea irakatsiko diote eskolan, noizbait. Hori gertatu aurretik gay deitzen dio iraindu nahi duenari. Hala egingo du etorkizunean ere?

Hamaika ahalegin egin ditugu —eta egiten ari gara— geure pentsaera eta hizkera aldatzeko, eta hara non txikienak guk umetan esaten genuena errepikatzen ari diren. Aurreratzen ari garela uste dugu, baina batzuetan badirudi gauza batean baizik ez dugula aitzina egin: lehen, marikoia esaten genuen; orain, gay esaten dute. Desagertzen hasia zen hitza entzuten dugu egun Donostiako hondartzetan, zenbait umeren ezpainetan: marica. Ume euskaldunek gay esaten dute; erdaldunek, marica. Zer ardura du, bata edo bestea esan? Funtsean biek ala biek zama semantiko bera dute. Halaxe kontuak. Gay hitza erdeinuz erabiltzen dugun bakoitzean harri bat botatzen dugu pertsona batzuen duintasunaren aurka. Eta mendez mende zabaldu den estigmatizazioa elikatzen dugu.

Hemen, legez, inor ez dugu hiltzen bere orientazio sexualagatik. Hemen, gehienez, pertsona bat jipoitzen dugu mutil-lagunari agur moduan musu bat ematen ikusi dugulako. Hemen, Europan, diskriminazio light jakin bat hauspotzen segitzen dugu. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buruak adierazi du Brusela erne ibiliko dela arazo hau dela eta. Eta hauxe esan du, Polonia gogoan: Bruselak ez die dirurik emango LGTBI kolektiboaren eskubideak urratzen dituzten herriei. Polonian ez ezik, etxean ere badu lanik Von der Leyen andreak: Friedrich Merz, CDU alderdiaren presidentea izateko lehian sartu da —CDUko politikaria da Ursula von der Leyen ere—. Kantziler bat homosexuala izatearen aurka ote dagoen galdetu berri diote Merzi. Erantzuna: ez, kontu pribatua da hori. Eta gero, harria bota du: «Legearen barruan jokatzen duen eta umeei eragiten ez dien bitartean». Pedofilia homosexualen monopolioa da, antza. Aurreko batean ere hautsak harrotu zituen Merzek. Berlingo alkate Klaus Wowereit homosexuala izateak ez ziola ardura esan zuen. Eta harria bota zuen, berriro ere: «Niregana hurbiltzen ez den bitartean». Merz jauna sustengatuko du Von der Leyen andreak alderdiaren presidentea izateko?

Ahaleginak ahalegin, LGTBI kolektiboaren aurkako diskriminazioa eta kriminalizazioa bizirik ditugu. Aurrera egin dugu, ezin uka, baina hala ere... zertarako balio du haurrek berdintasunean oinarritutako hezibidea jasotzeak, unibertsitatera heldu eta ikasgelan irakasle batek —gizonezkoa, noski— esaten badie arropa arrosa edo morea janzten duten gizonez ez dela fidatzen kolore horiek «gay koloreak» direlako? —ez dut asmatu; iaz lagun bati kontatu zion alabak—. Ez, neska gazte horrek ez zituen hitzak Opus Deiren unibertsitate batean entzun, unibertsitate publiko batean baizik.

Behin batean Donostiara joan ginen lagun bat eta biok, arratsalde pasa. Larunbat eguzkitsua zen, eta Kontxa ingurua jendez gainezka zegoen. Adarra jo nahi izan nion. «Ea, bada, ez lotsatu». Eta eskutik oratu nion. Ziztu bizian urrundu zen niregandik, gaitz kutsakor sendaezin hilgarri bat banu bezala. «Niri ez heldu eskutik, marikoi horrek!». Eta hor segitu zuen oihuka. Gero lasaitu egin zen. Erreakzioaren arrazoia azaldu zidan. Kezkatuta zegoen jendeak gu ikusi eta ¡qué gais! pentsatuko ote zuen.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Proben %9,6 positiboak izan dira azken zenbaketetan

Proben %9,6 positiboak izan dira azken zenbaketetan

Arantxa Iraola

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kutsatutako 1.709  pertsona gehiagoren berri eman dute

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua, atzo eginiko agerraldian. ©BORJA PUIG DE LA BELLACASA / EFE

Alarma egoera ezartzea erabakiko du Espainiako Gobernuak bihar

Edu Lartzanguren

Ministroen Kontseilu berezia egingo dute bihar dekretua sinatzeko, Madrilgo Gobernuko iturrien arabera.

Ezinbesteko arrazoiengatik ez bada, ezin da Nafarroatik irten edo hara sartu. Irudian, foruzainen kontrola, atzo, Beran. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Erkidegoen menpeko alarma egoera eskatu dute Urkulluk eta Txibitek

Joxerra Senar

Jaurlaritzaren arabera, Auzitegi Nagusiaren azken erabakiak agerian utzi du neurriak hartzeko muga juridikoak dituztela. Espainiako Gobernuak etzi aztertuko du eskaria erkidegoetako presidenteekin

Metroko lanak Zubieta kalean, geldirik. Ekainaren 5ean zulo bat sortu zen soto batean. ©JON URBE / FOKU

Donostiako metroko obren atal korapilatsu bat 

Lander Muñagorri Garmendia

Lanak geldirik daude Kontxako zatian. Egitasmo gorabeheratsua eta eztabaidatua izan da hasieratik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna