Katherine Lopez Rojas. Kolonbiako Memoria Historikoaren Zentro Nazionaleko ikerlaria

«Ulertzen ez zuten mundu batera eroan zituzten»

Kolonbiako gerrarako 16.879 haur eta nerabe errekrutatu zituztela dokumentatu du Lopezek ikerketa batean. Adingabeen parte hartzearen eta erabileraren dinamika historikoak aztertu ditu, eta ohartarazi du umeak errekrutatzen jarraitzen dutela gaur egun.

Jon Artano Izeta.
Bogota
2018ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
«Kolonbiako gatazkako talde armatu guztiek errekrutatu dituzte haur eta nerabeak. Horretarako ondo hausnartu, definitu eta inplementatutako estrategiak dituztela frogatu dugu». Katherine Lopezek (Bogota, 1980) dozena bat urte badaramatza haur eta nerabeen errekrutatzea aztertzen eta gerratik ateratako gazteei laguntzen. Kaleratu berri du Una guerra sin edad txostena (Adinik gabeko gerra).

Ideia topiko bat: talde armatu bat etxalde batera sartu da, eta derrigorrean daramate bertako semea edo alaba.

Hori ere gertatu da, baina ez da ohikoena; gure estatistiken arabera, kasuen %11 izan da. Zenbait eskualdetan, familiek entregatu beharreko haur-kuotak ere ezarri izan dituzte taldeek. Dena dela, inor indarka eramaten ez badute ere, errekrutatzea beti da behartua. Inguruabarra izan behar da kontuan: zer janik ez duelako, etxean jo egiten dutelako, ikasteko aukera izango duela uste duelako, armatutako gizonek sortzen dioten liluragatik... edo denen konbinazioagatik erabaki dezake umeak taldera batzea. Baina umeak «nik nahi dudalako noa» baldin badio ere, erantzukizuna helduena da. Zanpatuak izan ohi dituzte eskubide oinarrizkoenak, eta taldeak horretaz baliatzen dira. Gehienetan, gainera, errekrutatzea mutikoa edo neskatoa taldera batu baino lehenago hasten da, gerran ari direnek ondo pentsatuta baitituzte umeengana gerturatzeko pertsuasio sistemak: eskoletan sartuz, konfiantza irabazteko opariak eginez ...

Zergatik da hain inportantea taldeentzat umeak errekrutatzea?

Beti daudelako troparako gizon-emakume premian.

Umea, ordea, ez da heldua...

Baina helduen eginkizun ia denak egin ditzake. Haur indigenak, esaterako, oso abilak dira oihanean: egunez zein gauez ibiliko dira, oinutsik hala behar bada; zailduta daude. Janari gutxirekin eta ibaitik zuzenean edanez molda daitezke. Neskato bat, berriz, egokia izan daiteke informazio garraiorako, etsaiek ez baitiote arriskugarri iritziko...

Estatuko indarrek errekrutatutako hiru adingaberen kasuak baino ez dituzue dokumentatu. Zergatik?

Ez delako erraza informazioa biltzea indar publikoek errekrutatutako nerabeez. Ukatu egiten dute eta, bistan denez, ez dute egin ezin dezaketen zerbaiten erregistrorik. Baina badakigu zein den armadaren jokabidea. Zuzeneko harremana izan nahi du umeekin. Eskoletara jo ohi dute, sarritan informazio bila; batik bat neskengana hurbiltzen dira. Lotura horrek umeak markatuta uzten ditu, eta, sarritan, estigmak ondorio beltzenak dakarzkie .

«Errekrutatzen dituztenetik, adingabeak biktimak dira, baina biktima izaera hori lausotu egiten da, herritarren aurka bortxakeria erabiltzen dutelarik». Txostenetik hartua.

Talde armatu bateko kideak, 18 urte betetzen dituenean, biktima izaera juridikoa galtzen du. Jurisprudentzian, ez da gauza bera delitu batzuk 14 urte bete aurretik edo ostean egitea... Legeak marrak ezarrita ditu, normala da, baina, gatazkan gertatu dena ulertzeko ezin da zuria-beltza dikotomia erabili; jendearen memoriak grisak izan ohi dira sarriago. Eta gertatzen da norbanakoa biktimario bihurtzea, biktima izateari utzi gabe.

Talde armatuek ez al dute umeen erabileraren muga etikorik?

Mugak egon badaude, baina ez dituzte errespetatzen. Talde guztiek ezarri dute soldadugaientzako gutxieneko adin bat: ELNk 16 urtean jarria du langa, eta FARCek 15ean zuen; eta paramilitarrek zein armadak, 18an. Baina denek hautsi dute araua, sistematikoki.

Nola bilakatzen dituzte umeak gerlari?

Paramilitarismoaren oinordekoek, adibidez, eginaz ikasarazten diete sarritan; aurreneko egunean arma bat eman eta ekintzara bidaliz. Zuzenean. Gerrilari taldeetan, berriz, bizpahiru hilabeteko entrenamendua izan ohi dute gutxienez, eta pisu handia du prestakuntza ideologikoak. Armak erabiltzen irakasten diete beti-beti; hori da oinarrizkoena.

Gaur egun, nor ari da haurrak errekrutatzen?

ELN eta paramilitarrak ere bai, gero eta gehiago. Armadak ere, jasotako lekukotzen arabera, ez dio utzi umeak erabiltzeari.

Gaztetxo izanik gerrara eraman zituzten hainbat lagun ezagutu dituzu. Zer dute komunean?

Ulertzen ez zuten mundu batera eroan zituztela. Harrigarria dapertsonek baldintzarik gogorrenetara egokitzeko duten gaitasuna, baina ez debaldekoa. Isiltzen ikasi behar da. Ez zekiten lagunak hiltzen ikusiko zituztenik, ez zekiten maitemindu egingo zirenik eta beren kuttunarekiko harremanaz azalpenak eman beharko zizkiotenik komandanteari. Ez zekiten hilotzen gainetik ibili beharko zutenik. Ez zekiten azeri-gizonaren berri...

Nor da azeri-gizona?

Eskarmentu gabeko gaztetxoak zaintzan daudela baliatuz, gauez kanpalekuan isil-gordeka sartu eta borrokalariei banan-banan zintzurra ebakitzen dien armadako kideari esaten diote horrela gerrillariek.

Nola partitu behar da haurrak gerrarako erabiltzearen ardura?

Maila desberdinean bada ere, erantzukizuna denona dela barneratu behar dugu. Errekrutatzearen zuzeneko ardura, jakina, talde armatuena da. Baina baldintza sozial, kultural, politiko eta ekonomiko jakin batzuek sortu dute gatazka, eta horrek eragin du umeen eskubideen urraketa. Ume batentzat, oso zaila da Kolonbian haztea. Oso zaila.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.