Sailkatzea bideratuta utzi dute hiru faboritoek

Euskotren ligara sailkatzeko aurreneko jardunaldian, Pasaian, Zumaiak, Hibaikak eta Oriok aldea hartu dute.San Juanek irabazi du estropada

San Juaneko trainerua, banderarekin, estropada amaitu berritan. J. C. RUIZ / ARP.
Aitor Manterola Garate.
Pasai San Pedro
2015eko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Aurreikuspenak bete egin ziren atzo Pasai San Pedron, Euskotren ligan aritzeko sailkatze estropadako lehen jardunaldian. Hiru ziren faboritoak, eta hirurek hartu zieten aurrea gainerakoei: Zumaiak, Hibaikak eta Oriok. Gaur eguerdian (12:00), Donostian, bigarren jardunaldia jokatuko dute, eta okerrik ezean, hiru talde horiek lortuko dute saria. Laugarrena San Juan da, eta sailkatua dago iazko ligako garailea izateagatik.

Atzoko estropadan aritu zen, eta nola gainera, berak egin zuelako denborarik onena.

Estu joan zen estropada, erlojuaren aurkakoa, eta estuen aurreneko biak ibili ziren batetik, eta hirugarrena eta laugarrena bestetik. San Juanek Zumaiari segundoa eta 80 ehunen atera zizkion, eta Hibaikak Oriori 12 ehunen baino ez. Cabo da sailkatzeko aukerak izan ditzakeen bestea, eta Oriok 11 segundo eta 24 ehunen atera zizkion. Gainerako guztiak, espero zen bezala, atzean geratu ziren, eta lan erditarako aukerarik gabe geratu ziren.

Ziaboga bakarrera jokatu behar izan zuten, bi luzetara, eta lan erditan, zumaiarrak izan ziren azkarrenak. Atzoko estropadako lehen laurek bakarrik lortu zuten luze hori bost minutu azpitik egitea, eta aldeak txikiak izan ziren ziabogan Zumaia, Orio eta San Juanen artean; hurrenkera horretan geratu ziren maniobra bakarrean. Zumaiak bi segundo bakarrik atera zizkion Oriori, eta hiru San Juani. Hibaika atzerago ibili zen, zazpi segundo galdu zituelako Zumaiarekiko. Cabok bederatzi galdu zituen. Bigarren luzean, aldatu egin zen sailkapena. San Juanek aurrea hartu zien beste guztiei, eta Hibaikak gauza bera egin zuen Oriorekin.

Getaria nagusi KAE 1 ligan

KAE 1 ligako bosgarren estropadan, atzo, Donostian, Getaria garaipenen bidera itzuli zen, eta lehen postua indartu egin zuen. Ondarroa izan zen bigarren eta Deustu hirugarren. Getariarrek sasoiko bigarren bandera dute.

KAE 2 ligan, Castrok irabazi zuen atzo Donostian, bigarren jardunaldikoa. San Pedro B izan zen bigarren, eta Hondarribia B hirugarren. Castro da buruan orain. Hirugarren jardunaldia gaur daukate, Pasai San Pedron, 11.00etatik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.