Orkestra Ikasketa masterra jarriko dute abian EOSek eta Musikenek 2015ean

Harizko tresnak jotzen dituzten 30 ikaslerentzako izango du lekua.

Espainiako Kultura Ministerioak homologatutako bakarra da oraingoz
Musikeneko ikasleak, harizko tresnak jotzen.
Musikeneko ikasleak, harizko tresnak jotzen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Erredakzioa -

2014ko abenduak 19
Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak homologatutako aurreneko Orkestra Ikasketa masterra, eta bakarra oraingoz, harizko tresnen espezialitatera bideratua, jarriko dute abian datorren ikasturtean Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak. Harizko tresnetan espezializatutako Espainiako ikasle guztiei irekia izango da, eta gehienez 30 ikaslerentzako izango du lekua: hamabi, biolinarekin aritzeko; eta sei biolarekin, sei txeloarekin eta beste sei kontrabaxuarekin aritzeko. 60 kreditu aitortuko ditu.

Eskolak eta praktikak

Ikasketa planak berarekin izango ditu, batetik, aktibo dauden profesionalen eskutik eskolak bakarka eta taldeka, eta, bestetik, praktikak orkestran, azken horiek Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin elkarlanean. Tituludunei gaitasuna emango die masterrak hala orkestra interpretaziorako nola ikerketari lotutako beste ikasketa batzuk jarraitzeko. Izena emateko epea otsailean irekiko da. Hautagaiek bidalitako DVDetan oinarrituko da aurreneko hautaketa; ondorengoa zuzeneko entzunaldi baten ondorio izango da.

Gisa honetako ikasketak egin nahi zituzten ikasleek orain artean atzerrira jo beharra izaten zutela azaldu du Miren Iñarga Musikeneko zuzendari akademikoak, eta ideala litzatekeela aurrerago, ahal den neurrian, orkestrako beste alor batzuetako tresnetara zabaltzea gisa bereko aukera. Oraingoz harizko tresnen jotzaileei eman diete bidea, horiexek dutelako «indarrik handiena».

«Bikaintasuna» lortu nahi duten ikasketak direnez, «kualifikazio handikoak» izango dira irakasle guztiak, eta gaur egun interprete gisa lan egiten jarraitzen dutenak. Ikasleek «indar handiko produktua» izango dute, Oriol Roch EOSeko zuzendari nagusiaren ustez, beren prestakuntza osatzeko. Musikari gisa lana bilatzeko masterra oso lagungarria izango delakoan dago Roch.

2012ko otsailean lehentasunezko lankidetza hitzarmen instituzionala sinatu zuten Musikenek eta EOSek. Lankidetza harreman estu bati ekin zioten orduan, eta hitzarmen horren puntuetako batek orkestra jarduerako instrumentu master bat bultzatzeko konpromisoa jasotzen zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna