PASARTE HAUTATUA. Matsuo Basho

'Okuko bidezidorra'

2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
«Egunak eta hilabeteak eternitatearen bidaiariak dira, bidaiariak diren bezala doazen eta datozen urteak. Beren bizitzak itsasontzi batean flotatzen, edo, eskua uhaletan, urteen zamapean abaildurik erori arte zaldiak gidatzen ematen dituztenentzat egun oro da bidaia, eta bidaia bera da beraien babesa. Antzinakoen artean ere, anitzi eta anitzi bidean zirela heltzen zitzaien heriotza. Eta nik neronek, haizeak hodei litsa harat-honat daraman modura, noraezean ibiltzeko grina neukan aspalditik gogoan erroturik.

Joan den udazkenean itsasbazterrean barna jitoan ibili ondoren, ibaiaren ertzean dudan txabolara itzuli, eta bertako amaraunak kendu nituenerako, ia ustekabean harrapatu ninduen urte amaierak. Eta segituan udaberria iritsi zen, eta lanbroak soroak estaltzen zituela piztu zitzaidan berriro niri bidean jartzeko eta Shirakawa-ko pasagunea sasoi ederrenean zeharkatzeko gogoa. Nekusan gauza orok bidaiara bultzatzen ninduen, eta hainbesteraino egin ziren jainkoak nire izpirituaren jabe, ze ez bainintzen gauza nire gogoetak meneratzeko ere. Bideko izpirituek gonbidapen keinuak egiten zizkidaten bazter guztietatik eta ezin nuen arretarik jarri ezertan, ezta etxean geratu ere, egonean. Galtza urratuak adabatu nituen, lastozko kapelari xingola berriak ipini nizkion eta hankak indartzeko moka erreaz igurtzi nituen. Matsushima uhartean ikusiko nuen ilargi beteaz amesten ematen nituen ordu guztiak. Azkenean, nire txabola beste bati utzi, eta Sampu-ren landetxera aldatu nintzen abiatzeko eguna heldu bitartean. Nire txabolako zutabe batean zortzi ahapaldiko poema bat utzi nuen. Honela zioen lehenengoak:

   Orain beste batzuk
    nire txabolan; bihar
    panpin-etxe».

(Itzulpena: Joseba Urteaga)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.