1953

Alemania, zordun handia

2014ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Egungo Europaren lema darama Angela Merkelek, eta Alemania kaudimendun eta fidagarriaren irudia saltzen du, baina Alemaniari «XX. mendeko zordun handia» deitu izan diote hainbat historialarik. Baina herrialdearen arrakasta ezinezkoa zitekeen joan den mendean egin zizkioten zor barkamenengatik izan ez balitz. Krisiak hondoratutako Greziak iazko apirilean gogorarazi zuen Alemaniaren zorraren kitaren tamaina: Atenasko Ekonomia Ministerioak 190.000 orriko txosten bat egin zuen, eta Berlini Bigarren Mundu Gerrako zorra ordaintzeko eskatzea aztertu zuen. Azkenean, ez zioten ezer eskatu, baina memoria historikoa freskatzeko eta bakoitza bere tokian jartzeko balio izan zuen gaia azaleratze hutsak. Txostenaren arabera, Alemaniak 162.000 milioi euroko zorra ordaindu beharko lioke Atenasi, gerra amaitu zirenetik pasatu diren 60 urteetako interesak kontuan hartu barik. Dirutza hori iazko Greziako BPGaren %85 adinakoa da; beraz, ez litzateke ahuntzaren gauerdiko eztula greziarrentzat. Alemaniak Bigarren Mundu Gerrako zorrak zergatik ez dituen ordaindu behar jakiteko, 1953ko Londresko Itunera jo beharra dago. AEBek Alemania sendo bat nahi zuten SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren ondoan, eta 1919an Versallesko Itunean egindakoa ez errepikatzea erabaki zuten. Lehen Mundu Gerraren ostean zor ikaragarria ordaintzera behartu zuten Alemania galtzailea, eta besteak beste, ordainketa horiek eragindako krisi ekonomikoak erraztu zuen nazismoaren gorakada. 1953an, Washingtonek 20 herrialde konbentzitu zituen Alemaniari gerrako zorraren erdia barkatzeko. Greziak, orduan, zorraren %50eko kita onartu zuen, eta, orain, erruki eta memoria historiko gehiago eskatzen dio Atenasek Berlini.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.