Onintze Salazar. Meteorologoa

«Zuhaitzetan hosto asko zeuden oraindik; horrek erraztu du botatzea»

EITB.
Maite Asensio Lozano.
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Fisikaria eta Euskalmeteko meteorologoa da Onintze Salazar (Bilbo, 1971), eta ETBn eguraldiaren berri emateagatik da ezagun batez ere. Udazken honetan ekaitz «sakonak» izaten ari direla nabarmendu du.

Haizete handiak izan ziren astearte gauean. Zer gertatu da?

Ez da izan fenomeno arraro bat. Halako borraskak nahiko ohikoak dira gurean. Oro har, Ozeano Atlantikotik sartzen dira, eta apur bat hegoalderago kokatzen badira, hego haizearekin iristen dira; aldiz, aurreko asteburuetakoak ipar-mendebaldeko haizearekin heldu ziren. Oraingoa, Barbara, oso sakona izan da; hirugarrena da udazken honetan. Ekaitzei izena jartzen zaie kalteak sor ditzaketenean, arriskua hobeto komunikatzeko; eta honek izena zuen.

Ohikoa al da haizea halako abiaduretara iristea?

Ez da maiz gertatzen, baina izan ditugu halakoak. Hego haizea dugunean, haizeak barnealdean hartzen du indar gehien, mendi inguruan; eta ipar-mendebaldetik datorrenean, berriz, kostaldea jotzen du. Horregatik neurtu dira abiadura handiak Oiz mendian, altu dagoelako. Barbara-ren berezitasuna da oso orokorra izan dela: beste batzuetan, haize bolada indartsuenak mendian izaten dira, baina gainontzeko tokietan ez dira larregi nabaritzen; eta oraingoan ia denean nabaritu da.

Kalte material dezente eragin ditu haizeteak. Noiz jotzen dituzue ufadak arriskutsutzat?

Segurtasun Sailak koloreen bidez adierazten du arrisku maila: abisu horia, alerta laranja edo alarma gorria. Abisua ematean, kontuan hartzen dugu kalterik izan daitekeen, eta alerta laranjak berekin dakar kalteak izateko arriskua; normalean, haizeguneetan orduko 120 kilometroko abiadurarekin ezartzen da, eta gaineko tokietan, orduko 100 kilometrokoarekin. Haizearen kasuan, ufaden indarraz gain, egoera orokorra ere aztertzen dugu: zuhaitzetan oraindik hosto asko zeudela etorri da haizete hau, eta horrek dakar haizeak errazago botatzea arbolak, bela efektuagatik.

Klima aldaketaren ondorioz, muturreko fenomenoak areagotzen ari dira. Hala izan al da atzoko haizetea?

Guk muturreko fenomeno deitu diogu alerta laranja ezarri delako. Baina ez dakigu halakoak maizago gertatuko diren: urte gehiago beharko ditugu ikusteko joera bat den ala ez. Aurten, nabaritzen ari gara udazkena oso gogor hasi dela, eta borraska sakonak sortzen ari direla. Munduari begira, ikusi da uholde eta lehorte handiak areagotu direla zona batzuetan, eta klima aldaketaren iragarpenen arabera okerrera egingo dutela. Baina Atlantikotik gurera iritsitako ekaitzak ezin dira zuzenean klima aldaketarekin lotu.

Eta gainerako aldagaietan, nabaritu al duzue aldaketarik?

Azken urteetan joera batzuk nabaritzen ari gara: udan muturreko tenperaturak izaten dira, eta urte osoan ere igo dira; eta euria egiteko modua ere aldatzen ari da, hau da, urte osoan ur kantitate bera botatzen du, baina ezberdin, epe luzeagoak egiten ditugu euririk gabe, eta gero denbora gutxiagoan botatzen du gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.