Eibar 2-1 Vila-real

Orellanaren orkestra

Eibarrek balio handiko garaipena lortu du Vila-realen aurka, azken minutuan Orellanak egindako golari esker. Sasoiko partida onena egin dute armaginek

Fabian Orellana Eibarreko jokalaria atzo Vila-reali sartutako garaipenaren gola ospatzen. JUANAN RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Kikek (62. min.). 1-1: Gerardek (88. min.). 2-1: Orellanak (95. min.). Epailea. Cuadra Fernandez. Txartel horiak; Vila-realeko Anguissa, Iborra, Quintilla eta Pau Torresi.Bestelakoak. 5.587 ikusle Ipuruan. Minutuko isilunea egin zen, 1988tik 2002ra Eibarreko presidente izan zen Juan Luis Mardarasen omenez.

Eibarrek izarrez bete zuen atzo Gau Beltza, eta, guztiek argi berezia egin bazuten ere, batek distira apartekoa eragin zuen: Fabian Orellanak. Txiletar jokalari trebeak sartu zuen garaipeneko gola, 95. minutuan, eta ondo merezitako saria jaso zuten jokalariak berak, partidako onena izan baitzen eta taldeak sekulako partida jokatu baitzuen Vila-realen aurka.

Bizirik da Eibar, eta bizirik dela erakutsi behar zuen atzo, aurreko larunbatean hondoa jo eta gero Valladoliden. Baina Jose Luis Mendilibarren jokalari multzoa azkar berpiztu da, hurrengo partidan, eta entrenatzaileak amestutako partida egin zuten jokalariek: «Gure ohiko moduan jokatu behar dugu», zioen bezperan Zaldibarkoak. Bai jokatu ere horrela jokalariek. Izan ere, gipuzkoarrek aspaldiko partida onena egin zuten, eta txiki utzi zuten aurkari indartsua.

Ondo egiten duen guztia ondo baino hobeto egin zuen atzo taldeak: aurkariaren zelaian jokatu, ez utzi kontrarioari gora iristen, presio eraginkorra egin, baloia hegaletara eraman, erdiraketak atera... Erremate eraginkorrak soilik falta izan zitzaizkion: denen desira, eta gutxik edukitzenduten hori. Hogeitik gora jaurtiketa egin, eta azken minutuan irabazi beharra eraginkortasun ezaren ondorio izan zen. Eta zailena eginda gero, aurretik jartzea, Vila-reali 88. minutuan gola oparitu izanaren ondorio ere bai.

Partida guztiek erakusten dute gero gerta daitekeenaren traza, eta atzokoak, hasteko, etxekoen ezina agerian utziko zuela ematen zuen: ezin golik sartu. Kikek 62. minutuan korner batean buruz baloia sarera bota ondoren, beste uste batek hartu zuen neurketa: ari zela Eibar bereak eta bi egiten, baina kanpokoak behin iritsita gai izango zirela berdintzeko. Are gehiago, Kikek 81. minutuan baloia langara bota zuenean. Gertatu egin zenkanpokoen inguruko ustea, eta Gerard Morenok berdindu ondoren, gutxi behar izan zuen Ekambik 93. minutuan 1-2koa sartzeko. Ia inork uste izan ez zuena gertatu zen gero.

Bi aurrelarirekin

Garaipenak hainbeste balio du hori lortzeko erabilitako bideak. Izan ere, azken denboraldietako Eibar ikusi zen Ipuruan, eta horretan eragina izango zuen Mendilibarren hautuak: bi aurrelari jarri zituen, Enrich eta Kike, eta bukatu ere horrela egin zuen, Orellanarekin eta Charlesekin. Valladoliden trenbidetik atera zen trena burdinen gainean da berriz, eta hiru puntuek adina balio du horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.