'Google tasa' ez litzateke nahikoa pentsioen igoera ordaintzeko

Jon Fernandez.
2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Hitzez bakarrik bada ere, herenegun Pierre Moscovicik, Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak, belarritik tenk egin zion Cristobal Montorori, Espainiako Ogasun ministroari. Bruselak Madril zoriondu zuen hazkunde ekonomikoak sendo jarraituko duelako aurten (%2,9) eta datorren urtean (%2,4); alabaina,ohartarazi zuen pentsioen gastuak galga jarriko diola defizita murrizteko ahaleginari. Moscovicik uste du aurten BGParen %2,6ko defizita izango duela Espainiak, hitzartutako %2,2koa baino handiagoa; edonola ere, %3ko urrezko arautik behera.

PPk eta Ciudadanosek adostutako pentsioen igoera, autobideen erreskatea eta funtzionarioen solda igoera (+%1,75) kontuan hartuta kalkulatu du Bruselak defizita %2,6ra motelduko dela. Kalkuluan, ordea, ez da sartu PPk eta EAJk adostutako pentsioen igoera gehigarria: %1,6koa aurten (1.500 milioi euro), eta %1,5ekoa 2019an (2.200 milioi euro). Guztira, 3.700 milioi euro gehiagoko gastu publikoa datozen bi urteetarako. Horrek defizita handitzea ekarriko du, Bruselak asteon aurreikusitako %2,6tik gora.

Sortu gabeko zerga

Horren jakitun, Moscoviciri ez diote balio izan Montororen azalpenek. Ogasun ministroak 114 orriko txosten bat igorri dio, 2018-2019rako Egonkortasun Programa, azalduz Bruselak sortu nahi duen Google tasa baliatuz pagatuko duela pentsioak berritzeko gastu publiko gehigarria.

Madrilek aurreikuspen baikorra egin du, eta adierazi du 2019ra bitartean 2.100 milioi euro bilduko dituela Amazon, Airbnb, Apple, Facebook, Google, Twitter eta halako sareko erraldoiei jarritako zerga berriarekin: 600 milioi 2018an, eta 1.500 milioi datorren urtean.

Kontua da zerga hori oraindik sortu gabe dagoela, Montorok uste duela Bruselak EB osorako aurreikusitako bilketaren (5.000 milioi euro) ia erdia bereganatuko duela Espainiak, eta, hori horrela izanez gero ere, pentsioen igoera1.600 milioi euro handiagoa litzatekeela tasa berriarekin bildutakoa baino.

Europako Batzordeak martxoaren 21ean aurkeztu zuen ekonomia digitaleko erraldoiek Europan zerga gehiago pagatzeko proposamena: epe laburrean, %3ko zerga ezarri nahi die zerbitzu digital jakin batzuei; epe ertainera, egoitza fiskalaren kontzeptua moldatu nahi du, herrialde batean soilik presentzia digitala daukaten multinazionalak ere besteak bezala zergapetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.