Albistea entzun

IRITZIA

Gure Mañu

Iratxe Ibarra - Bertsolaria

2022ko uztailak 26

Goibel esnatu da gaur eguna. Eta are goibelago jarri nau berriak eguerdian. Telefono dei batek eman dit notizia; bigarren telefono deiak, lana. Bueno, zeregina, enkargua, edo kasu honetan, ohorea, Mañu. Zuri azken agur hau eskaintzeko ohorea.

Ikusi gehiago: Umorea eta txinparta lagun

Orain urtebete egin genizun omenaldia herriko jaietan. Bertso-eskolan bagenekien makal samar zenbiltzala, eta hil osteko maitasun-adierazpenen oso zaleak ez izaki, berandu baino lehen egitea erabaki genuen. Zalantzati deitu nion zure zaintzaileari, Rebekari, ezezkoa jasotzeko aukera hor zegoela jakitun; baina, betiko moduan, baiezkoa jaso nuen. Baiezkoa bertso-eskolari eta baiezkoa herriari. Beti egon izan baitzara prest zeure burua herriaren zerbitzura jartzeko. Zure inguruan genbiltzan gaztetxook hori ere jaso genuen zugandik.

Rebekarekin (zure zaintzaile atzerritarrarekin) berriro hitz egin nuenean hari ere azaldu nion zein zen asmoa. Eta barre artean esan zidan berari ere abesten zenizkiola bertsoak. Horren dudarik ez neukan; duda zen euskaraz ala erdaraz egingo ote zenuen. Zeren, zu ezagututa, bietara egitea ere izan zitekeen...

Desagertzear dagoen mundu ikuskera baten ordezkari izan zarela esan daiteke. Zeure burua hezi eta jantzi behar izan zenuen. Ez zinen ez bertsolari alfabetatua ez bertso-eskolakoa. Baina, bizitzaz bazenekien. Ez zenituen alferrik eman urte haiek Ameriketan artzain. Eta, zeure erara, egin zenuen transmisioa; kate-begitik kate-begira. Gaztetxoa nintzenean, sarri sentitu nuen zure babesa, saioen aurretik urduri egoten nintzenean, batez ere: «Zuek etorri denok nire kontra, eman egurra niri», esaten zenuen. Egurra hartzen ere bikaina zinelako. Zenbat bider minduko ote zizuten bihotz handi hori, eta zu beti irribarrez, bekain-keinuak egin eta aurrera! Ezagutu zaitugunok zure alde sentibera ere ezagutu dugulako. Stop. Badatoz negar-malkoak. Nork esango zuen, Mañu, zuri buruz idazten hasi eta zure txiste eta ateraldien ordez zure sentiberatasuna aterako zitzaidanik! Denok dakizkigu bazkalosteetan kontatzen zenituen txisteak, bai, baina niri beste alde hori geratu zitzaidan; baserritar arlotearen papera egin arren, jendea ondo ezagutzen zuen gizonarena; bertso munduan zer egosten zen askok uste baino hobeto zekien kantukidearena. Gogoan daukat zelan aspaldi Amallon esan zenidan Legazpiko ilehoriak bertsotan ederto egiten zuela; eta, oraintsuago, herriko taberna batean Algortako errubia txikia aipatu zenidan...

Hizketan hasten zinenean ulertzen erraza ez bazen ere, badago detaile bat bertsolari gutxirekin gertatu zaidana: hikan egiten zenidan berba gehienetan. Bertsolari gizonezkoek (eta emakumezkoek ere bai) zukan egin izan didate gehienetan, nahiz eta euren artean hikan egin. Zuk, ostera, hikan egiten zenidan, zeure-zeurean.

Ez daukat gogoan noiz eta non egin nuen zurekin bertsotan lehenengoz, baina azken aldiak ez dauzkat ahazteko. Bata zeure auzoan izan zen, Larruskainen, egun osoko saioa; bestea, herriko jaietan, Uhagonen, iaz omenaldia egin genizun toki berean. Ordurako hankak baldartzen hasiak zenituen, baina burua bere lekuan zegoen. Iaz ere antzera: pausoa baldar, ahotsa ere ahulduta, baina burua ondo. Eta, nire memoriak horrelaxe gordeko zaitu betirako, Mañu, hiztun, umoretsu, maitagarri...

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

'Sublime' filmeko fotograma bat ©

Mariano Biasinen ‘Sublime’ filmak jasoko du Sabastiane Latino saria Zinemaldian

Iñigo Astiz

RTVEk Carlos Saura eta Cesc Gay egileen lan berriak aurkeztuko dituela ere iragarri du Zinemaldiak

 ©Idoia Zabaleta / Foku

Itzal jokoetan aritzea

Yasmine Khris

Ia berrogei urte daramatza Fernando Reyk itzulpen lanetan, italieraren eta euskararen artean. Lotsaz onartu du ez dela bidaiatu zalea, baina liburuak baliatzen zaizkio Danteren hizkuntzaren munduan murgiltzeko, betiere ofizioa ilunpean mantenduz.

 ©BERRIA
Alkaizaren eta Ibarzabalen arteko solasa udako 'Bertsolari'-n

Alkaizaren eta Ibarzabalen arteko solasa udako 'Bertsolari'-n

Berria

Haizea Beruete, Ana Galarraga, Balentin Larrea, Mateo Mujika eta Piarres Ibarrart ere izan dituzte aipagai aldizkariaren zenbaki berrian

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...