'Argia, lurra, zuhaitza, zerua'

Izen handiari uko

2015eko irailaren 6a
00:00
Entzun
Egilea: Jon Gerediaga. Argitaletxea: Pamiela.

Jon Gerediaga (Bilbo, 1975) idazleen poeta, edo poeten poeta, izateko baldintza guztiak betetzen dituela gaztigatu zidan behin literaturazale porrokatu batek. Haren poesiagintza gardena eraikitzeko gai unibertsalak jorratu arren (denboraren iragan ziklikoa, heriotzaren gaineko soslai lanbrotsua, naturarekin eta naturatik ehundutako solasaldi geldoa), «izen handiari uko» egin diola baitirudi, hau da, literaturaz kanpo dena zaiola soberakin, poesiaren baitan gotortu den poeta baitugu Gerediaga.

Argia, lurra, zuhaitza, zerua (Pamiela, 2015) laugarren poesia liburu honetan, uda amaigabe batean emozioz blai dastatu dudan literatur fruitu bakarra, bere betiko jomugaren berri ematen digu. «... eta lasai noa, eta konforme / eta ahalik eta geldoen / gauza eta izaki eta leku guztietarantz». Leku guztietarantz joan-etorri poetiko amaigabean fintasuna eta gardentasun darabiltza, haikurik konplexuenak eta sinpleenak uztartuz, poeten poeta baino zerbait gehiago dela berretsiz. Poeta umotuaren zirrikituetan barrena, azken liburuan 104 poema ondu ditu minimalismoaren moldean gorpuztuta. «...guri begira dago itsasoa, gure zain/ maitatzen dakien materia naiz/ ahula, itzaltsua,/ hauskorra,/ oso-osorik bizidun denaren antzeko».

Baiki, norbaitek esan lezake naturan gotortze horretan «munduari» egin diola ihes Gerediagak. Esan nahi da, sare sozialetan zein komunikabideetan nekagarri erabili ohi dugun politika handiaren, harrokeria ezberdinen, eta eztabaida hutsalen munduari egiten diola muzin; arrazoi izango du apika, baina Gerediagak ez dio inondik inora «mundu errealari» uko egingo, poesia bera baliatuz eraikiko baitu mundu erreala. Udaberriro, adaburuak berdatzen dira, Gerediagaren poemok infinituki berdatzen diren gisara, eta izen handiari uko egin arren, ez du alboratuko existentziaren gazi-goxoa hitz orekatuez janztea eta eranztea. «... Afrikako gizonak euritan/ tabernaz taberna dabiltza/ aterkiak saltzen, irribarretsu... Harago beharbada/ itsaso handi horrek/ ez dauka lotsarik,/ ez beldurrik, ez minik/ ez aterik./ Bizipozik ere/ agian ez du sentituko». Alta, bada, poetak badu izaeraren distiraren zantzurik, eta ez da gutxi. Gerediaga poeta naturaren parte baita, natura eta poesia existitzeko sortuak baitira, adaburuak bezala. «... Orain, gauminean,/ akiturik, ardoak laztandurik,/ miresten dut azkenik/ goizean ibaiak zeraman argia,/ distira hura, distira».

Arestian aipatutako gai unibertsalez gain, poetari bereziki interesatzen zaio poesiagintzaren balizko hutsaltasuna, ulergarritasunaren komedia, eta hitzak inporta ala ez inporta, loreek besterik ez dute garrantzirik, ezerk garrantzirik baldin badu... «pozik nago udaberria heldu delako... eta hitz hauek ez dute inporta/ lore zuriak lore zuriak». Liburuari nolabaiteko ñabardurarik jartzekotan, nago material poetikoaren eta ideien oparotasunak berak kalte egiten diola egiturari, eta zenbait poema lar errepikakor gerta dakizkiokeela irakurleari. Gerediagaren kalitateak inarroste prozesuan traba egin diola nonbait. Alta bada, naturan aukeratzea zail samar gertatzen den modura, ez da erraza izan behar horrenbesteko kalitate handiko poemen artean aukeratzea. Izan ere, adaburuak berdatzen diren gisara, eternalki berdatu beharko lirateke Jon Gerediagaren poemak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.