'Maleta'

Sobietar giroa

2015eko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Idazlea: Sergei Dovlatov. Itzultzailea: Amaia Apalauza Ollo. Argitaletxeak: Erein eta Igela (Literatura Unibertsala bilduma).

EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak bultzatutako Literatura Unibertsala bildumaren barruan, Erein eta Igela argitaletxeen elkarlanean, Sergei Dovlatov (Ufa, Errusia, 1941-New York, 1990) idazle eta prentsa kazetari errusiarraren Maleta narrazio-liburua euskarara ekarri du Amaia Apalauza Ollo itzultzaileak.

Dovlatovek bizitza gehiena orduko Leningraden igaro bazuen ere, 1970eko hamarkadaren amaieran AEBetara emigratu zuen bere familiarekin batera, sorterrian bere obrak argitaratzeko ezintasuna zela eta, besteak beste. Maleta-n, Dovlatoven gainerako lan guztietan bezala, oso nabarmena da kutsu autobiografikoa. Izan ere, liburuak biltzen dituen zortzi istorioetan egilea Sobiet Batasuna utzi baino lehenagoko bizipenetan oinarritzen da. Erbesteratu batek lehen pertsonan kontatuak dira denak.

Maleta bera da zortzi narrazioak lotzen dituen objektua, aldi berean, haren barruan zortzi objektu gordetzen dituena. Objektu bat darabil ipuin bakoitzeko —hiru galtzerdi pare, bota batzuk, traje gurutzatu bat, gerriko bat, jaka bat, atorra bat, txano bat eta eskularru batzuk—, batzuetan abiapuntu gisa, helburu gisa besteetan, baina halere oroitzapenak ekartzeko aitzakia huts baino ez dira narrazioetan. Maleta hura eskuan erbestera joandako protagonistak bere bizitzaren zenbait pasarte kontatzeko zortzi aitzakia bikain, jakina.

Sobiet Batasunean idazle debekatua izanagatik ere, Dovlatov ez zen sekula sobietar sistemaren aurka aritu, ezta salaketa edo mendeku asmorik agertu ere. Horren ordez, nahiago izan zuen garai hartako errealitatea ironiaz islatu. Maleta-n egunerokoa arautzen duen absurdoaz eta zentzugabekeriaz ohartuko da irakurlea. Behin ere modu zuzenean kexatu gabe, egunerokoa osatzen duten txikikeriei eta esfera pertsonalari berebiziko garrantzia eskainiz, autoreak sobietar gizartea eta haren funtzionamendu askotan aldrebes xamarraren berri ematen du. Zeregin horretan, esan gabe doa, errusiar umore garratzaz baliatzen da vodkaz bezainbeste. Dovlatov ziztakaria maisua baita sarkasmoa erabiltzen hartzaileari mezua ahalik eta modu eraginkorrenean igortzeko. Ipuinak, bestalde, estilo arin eta gardenean idatzita daude, horrek kontatzen denari batere zorroztasunik kentzen ez diola.

Amaia Apalauza Ollok liburuari idatzitako hitzaurre argigarrian adierazten duenez, errusiarren ustez ez dago Dovlatoven obra beste hizkuntza batzuetara itzultzerik. Oztopoa, alderdi literarioan ez, baizik eta testuinguruan omen datza. Itzulpenengatik ez balitz irakurle gehienek ezagutuko ez lituzketen paisaia, ohitura eta izaera arrotzei Sobiet Batasunaren garaiko baldintza berezi eta guztiz ulertzen zailak batzen zaizkio irakurketa honetan. Aldi berean, Dovlatoven istorioekin asko ikas daiteke, informazio-iturri aparta izanik, koordenatu urrunetara bidaiatu eta orduko giroan murgiltzeko aukera eskaintzen baitute. Euskal irakurleak elkarren aurkako bi tentsio horiei eutsi beharko die, esfortzuaren ondoko saria bereganatuko badu. Azken batean, ez al zen hori literatura itzulpenen izateko arrazoi nagusietako bat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.