Osatzen ari den kontakizuna

Iragan mendearen azken hamarkadetan sortu, indartu eta desagertu diren fenomenoak izan dira gerrillak Latinoamerikan. Oraindik, ordea, aldatzeko daude haiei bide eman zieten egoerak.

O. Casagrande J. M. Arrugaeta
2016ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Era guztietako balorazioak egiten dira Latinoamerikako historia garaikide honi buruz. Arrazoi pertsonal eta profesionalengatik hainbat prozesuri gertutik erreparatu dien eta Kuban bizi den Fernando Rasverg kazetari uruguaitarrak dio, oro har, ez dela porrot politikorik izan, «baizik eta militarra». Iruditzen zaio ezkerrak aurrera egin duela hainbat alderditan: «Lehenago pentsaezina izango zen tupamaro bat Uruguaiko presidente izatea,edo Ekuadorko kanpo harremanetarako ministroa Nikaraguan borrokan ibilitako norbait izatea». Haren hitzek sakonekobeste hausnarketa bat ere badakarte: «Onartu beharra dago gerrillei bide eman zieten arrazoiek hor dirautela oraindik, bizi-bizi. Aberastasuna okerren banatzen duen munduko leku batean bizi gara, eta muturreko indarkeria sozialaren gorakada bizitzen ari gara. El Salvadorren edo Mexikon, adibidez, gatazka garaietan baino hildako gehiago dituzte gaur egun».

1984an, gerrak Erdialdeko Amerika mehatxatzen zuenean, hausnarketa mingotsa egin zuen orduan Panaman Vatikanoko nuntzio zen Jose Sebastian Laboa zenak ondoko hau esan zuenean: «Txirotasuna eta injustizia hain handia den artean, beti egongo dira erreboltarako arrazoiak».

Historia luze horretan emakumeek izan dute parte hartze handi eta aktiboa kontuan hartuta, eta genero ikuspegi batetik, interes handiz entzutekoak dira Habanako bake prozesuaren barruan emakumeen topaketetan parte hartu duten hainbat protagonistaren hitzak.

Guatemalako gerrillari ohi M. Castillok, adibidez, ondoko hau dio 1990ean bere herrialdean izaniko bake akordioez: «Gu aldatu gara, baina gizartea ez. Geratu eta gero, gatazken arrazoiek berriro ere eragiten jarraitu zuten gizartean. Emakumeen parte hartzea oso eskasa izan da; Kongresuaren %11 besterik ez dago emakumez osatuta. Eta ezkerrak soilik diputatu bat dauka».

Kolonbiako M-19 taldeko gerrillari izan zen Maria Eugenia Vasquezek, berriz, zera zioen bake akordioetako idatziei buruz: «1990eko urteekin alderatuta, aurrerapen handiak izan dira. Argi ikusten da emakume taldeen antolaketa eta nazioarteko agendaren presioa genero ikuspegi baten alde».Victoria Sandino deitzen dioten FARCeko militanteak bideo konferentzia bidez bilera batean argi esan zuenez, «ez dugu betiko roletara itzuli nahi. Ez dugu fusila eltzearengatik utziko. Horretan ari gara laneankanpalekuetan, eskubide politikoak ez galtzeko. Ikasi egin nahi dugu, gai asko landu gure mugimendu politikoari ekarpena egiteko».

Baina kontrako jarrerak bilatzen hasita ere aurki daitezke. El Salvadorko FMLNko komandante izaniko Joaquin Villalobosen adierazpen bat izanen da harrigarriena. Bere herrialdeko bake akordioak sinatzearen ondotik eginiko elkarrizketa batean esan zuen inperialismoa ez zela existitzen, ezkerraren asmakeria bat zela. Jarraian, Erresuma Batura joan zen ikastera, eta urte batzuk geroago agertu zen zer eta Mexikoko eta Kolonbiako gobernuen bake eta segurtasun aholkulari gisa.

Aspaldi, iragan mendean hasi zen Latinoamerikako historia luze eta korapilotsu horri buruzko iritzi eta ikuspuntu anitzen adibide batzuk dira goiko horiek. Oraindik osatzen ari diren kontakizun batenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.