Koronabirusa

Bidaiatzeko «ziurtagirien» premiaz gero eta ozenago ari dira

OMEko buru David Nabarrok erabilgarritasuna goratu du. ECDCk azaldu du egoera larria dela

Bidaiariak Londresen, Heathrow aireportuan. NEIL HALL / EFE.
arantxa iraola
2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
COVID-19aren alorrean Osasunaren Mundu Erakundeak duen mandatari berezi David Nabarrok atzo onartu zuen nazioarteko bidaiak ugaritu ahala, horien bidez izurria ez gehiago larriagotze aldera, ezinbestekoa izango dela nolabaiteko «ziurtagiriak» jartzea. «Ziur naiz, datozen hilabeteetan mugimendu handia izango dugu, eta jendea batetik bestera mugitu ahal izateko jarritako baldintzak, alegia txertaketaren gaineko nolabaiteko ziurtagiriak, garrantzitsuak izango dira».

Sistema horiek ondo funtzionatze aldera, esan du herrialdeek izurriaren eboluzioaren gaineko datuetan «gardentasunez» jokatu beharko dutela. Eta badira jada Nabarrok adierazitako ildoan, hainbat mugimendu estatuen partetik: Erresuma Batuko Gobernuak adierazi du, adibidez,AEB Ameriketako Estatu Batuekin eta Singapurrekin batera aztertzen ari dela nolabaiteko ziurtagirien bidezko sistema bat eratzea, zeinaren bidez bidaiatzeko orduan jendeak adierazi ahal izango duen birusa transmititzeko arriskurik ez duela. Hegazkin konpainiekin ere aztertzen ari da zer bide mota zedarri daitezkeen bidaiarien kontrolerako.

Hainbat iturrik adierazi dute Erresuma Batua aztertzen ari dela era horretako ziurtagiriak eskatzen hastea herrialde barruko mugimenduak baimentzeko ere, baina lehen ministro Boris Johnsonek esan du horrelako asmorik ez dutela. Martxan jarri duten neurria zera da: berrogeialdia betetzera derrigortzen dituzte hainbat herrialdetatik —33 herrialdeko zerrenda dute— heldutako bidaiariak. Gainerako bidaiarek ere testak egin beharko dituzte.

ECDCren abisua

Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak, berriz, COVID-19aren aldaerek pandemiaren eboluziora begira dakarten arriskua «oso handia» dela onartu zuen atzo; izan ere, nabarmendu zuen Erresuma Batuan, Brasilen eta Hegoafrikan zabaldu diren aldaerak errazago transmititzen direla, eta, asko hedatzen badira, egun jartzen ari diren txertoen eraginkortasuna ere kolokan egon daitekeela. Horiek horrela,prebentzio asmoz ezarritako neurriek indarrean jarraitu behar dutela adierazi du: «Funtsezkoa da». Osasun erakundeei eskatu die aldaeren jarraipen estua egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.