Arrauna

Zaldien lehendabiziko irrintzia

Urdaibai izan da azkarrena Coruñako lehen jardunaldian, Eusko Label ligako hirugarren lehian. Bigarren luzearen amaieran hautsi du estropada. Oriori zazpi segundo atera dizkio; Hondarribiari, hamar

Urdaibaiko patroi Gorka Aranberri eta haren kuadrilla, ziaboga egin berri, joan den igandeko estropadan, Donostian, Eusko Label ligako bigarren jardunaldian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Neguan ondo baino hobeto indartu zen Urdaibai, eta kiniela guztiak apurtzeko zantzuak eman zituen liga hasi aurreko test eta jaitsieretan. Iker Zabala prestatzaileak watt ugari mugitzen dituzten zaldiekin josi du Bou Bizkaia trainerua. Baina zaldi horiek ondo gobernatzea eta fintzea ezinbestekoa du ontzia azkar joateko. Eusko Label ligako lehen bi jardunaldietan ez zuten eurek uste zuten maila eman. Zaldiak ez zeuden gustura; atzo bai, ordea, Coruñako (Galizia) estropada eremu bihurrian. Gorka Aranberri eta haren kuadrillak hegan egin zuten, irrintzika, eta, bideratuta utzi zuten gaur bandera etxera eramateko (12:13, ETB1).

Hain zuzen ere, atzoko eta gaurko denborak batu ostean jakingo da ea banderaren jabe nor izaten den. Urdaibaik, bederen, 7,44 segundoko altxorra dauka alde. Orio sailkatu zen bigarren, eta Hondarribia hirugarren, 10,64ra. Donostiarrak osatuko du gaur ohorezko txanda; 15,46ra geratu zen. Horrez gain, lider aldaketa utzi zuen atzoko estropadak; Orioko patroi Ander Etxegoienek elastiko gorria bereganatu zuen, Igor Makazagaren taldearen kalterako. Biak 32na punturekin daude berdinduta.

Arratsaldeak aurrera egin ahala, ipar-ekialdeko haize zakarrak itsasoa aurretik zegoen baino gehiago berdatu zuen, eta lantza giroa eragin. Azkeneko txandan joan zen garailea, lehen kaletik. Alboan, hurrenez hurren, Donostiarra, Hondarribia eta Orio joan ziren. Irteera eman orduko, hasierako txanpa indartsua eman eta gero, Makazagarenak estropada buruan jarri ziren, baina harrokeriarik gabe; beste hirurak gain-gainean baitzituzten.

Lau oilarrek kontuan hartu zuten Getariak bigarren txandatik markatutako denbora; izan ere, Esperantza traineruak sekulako estropada egin zuen, beste behin; nondik eta bigarren kaletik. Ion Larrañagaren kuadrillak gozatu egin zuen baldintza trakets eta bihurrian; eroso aritu zen, eta sekulako hasiera eman dio estreinako denboraldiari; bosgarren postuan sendotu da sailkapen nagusian.

Ohorezko txandako lau ontziek erreferentziak alde zituztela heldu ziren lehen ziabogara; lau balizak dantzan ziren, sehasken antzera. Donostiarrak egin zuen txandako ziabogarik azkarrena. Hondarribia, Orio eta Urdaibai bi segundo eskasean ziren. Ez zen bromarik traineruetan.

Olatuak ez ziren apartekoak, baina bai nahikoa ontziari bultzatzeko. Maniobraren ostean, olatuak eta haizeak ababorretik jotzen zieten traineruei, eta alde horretako arraunlariek lanak zituzten arrauna uretan ongi pasatzeko. Zailtasunak zailtasun, Donostiarrak aldea zertxobait handitzea lortu zuen, Arkaitz Diaz lemazainaren esanetara. Halere, Bou Bizkaia ez zen gutxiago; lehen kaletik zihoan.

Gorka Aranberri patroia traineruaren tranpaldora igo zen, txopa altxatu eta branka hondoratu zirenaren seinale. Olatu bat hartu zuen, baina ez edozein olatu; urdin kolorez ziren zaldiek metroak egin zituzten uhinen gainean, Donostiarrari muturra sartu eta estropadaren burua hartzeraino. Denbora laburrean, tarte esanguratsua zabaldu zuen Zabalaren kuadrillak, eta Hondarribiari eta Donostiarrari seina segundoko abantaila ateratzen ziela heldu zen bigarren ziabogara. Orio ere ez zen aparte.

Motorra, olioztatuta

Artean, Urdaibaik hamabi segundoan txikitu zuen Isuntzaren denbora —lehen txandatik aritu zen—, ordura arteko onena. Urdaibaiko arraunlariak brankaz sufritzen baino gehiago gozatzen ari ziren, ubera pasatuz. Zabalak Aranberriri ematen zizkion datuak onak ziren, eta nabaritzen zen ontziaren txopan gustura zebilela. Motorra ongi olioztatuta zihoan.

Azken ziabogan, Bou Bizkaia-k zortzi segundoren aldea zuen San Nikolas eta Ama Guadalupekoa traineruekiko. Donostiarra, berriz, bi horien atzetik zen, eta lehen luzean egindako ahalegina kareletik behera botatzen ari zen.

Itzulerako luzean, lau ontzietako patroiek lehenengo kalera jo zuten. Olatuak bilduagoak etortzen baitziren, nonbait. Bermeotarrek ez zuten burua galdu, bai baitzekiten lehen postuak ez ziela ihes egingo. Atzean, berriz, elkarri mokoka aritu ziren Orio, Hondarribia eta Donostiarra. Azken txanpan, Jon Salsamendirenek olatu bat hartu zuten, eta nahikoa izan zuten Hondarribiari aurrea hartzeko.

Lehen txandan Isuntza nagusitu zen, estropada txukun bat egin ostean, eta bigarren txandan ariko da gaur, Zierbenaren kalterako. Burua altxatu ezinik dabiltza Jon Elortegiren arraunlariak. Caboko gorriak izan ziren apalenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.