KRITIKA. Antzerkia

Gerraren onurak

Madre Coraje antzezlanaren une bat, Erriberriko Antzerki Jaialdian, joan den igandean. VILLAR LOPEZ / EFE.
Agus Perez.
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun

'Madre Coraje'

Konpainia: Atalaya. Egilea: Bertolt Brecht. Zuzendaritza eta eremu eszenikoa: Ricardo Iniesta. Musika: Paul Dessau. Musika-moldaketak: Luis Navarro. Argiak: Alejandro Conesa. Jantziak: Carmen de Giles. Antzezleak: Marta Reyes, Jeronimo Arenal, Lidia Mauduit, Manuel Asensio, Maria Sanz, Raul Vera, Silvia Garzon. Lekua: Erriberriko Nafarroako Erregeen Jauregia. Eguna: Abuztuak 2.

Bere gurdiarekin doa Ama Kuraia Europako lurralde suntsituetatik, gudu-zelaietan harrapatutako gauzak batzen eta ahal duen orori saltzen. Ogibide miserablea, zinez, baina berari ongi doakio, gerrari esker bizimodua ateratzen dutelako berak eta bere hiru seme-alabek. Etorkizuna ere badu bere lanbideak, Hogeita Hamar Urteetako Gerraren erdian baikaude, baina bidean Ama Kuraiak banan-banan galduko ditu bere bi semeak eta alaba mutua, proletarioak beti galtzaile suertatzen direlako goikoen joko zikinei probetxua atera nahi izanez gero.

Kurioski, naziengandik ihesi, Suediako erbestean idatzi zuen Bertolt Brechtek antzerki epikoaren maisulan hau, hango errege protestantea izan baitzen katolikoen kontra borrokatu zen buruzagietako bat. Baina Brechtek, noski, ez zuen fokua garai hartako erlijio-gerretan jarri, boteretsuei interesatzen zaizkien gerraren onura eta mekanismoetan baizik. Kurioski berriz ere, argumentuan zehar aipamen bakan eta soilen bidez agertzen dira benetako ahaldunak ikusleen iruditerian —Suediako erregea, Aita Santua, jeneralak...—, eta behe klaseko jende apalak hartzen du agertokian protagonismo fisikoa.

Haien artean, nola ez, Ama Kuraia nagusitzen da, baina haren inguruan mugitzen diren besteak maila sozial berekoak dira azken finean —Ivette Poitier tropen prostituta, soldaduen sukaldaria, inor ez den kapilau beldurtia, bando bateko zein besteko soldaduak eta sarjentuak...—, nahiz eta, boteretsuek xaxatuta, elkarren kontra aritzen diren askotan.

Obra hau behin baino gehiagotan ikusi arren, ez dugu beti ongi ulertzen zer rol jokatzen duen Ama Kuraiak. Edo, hobeki esanda, ez dakigu zer dela-eta jarri zuen Brechtek horren guztiaren protagonista, hain pertsonaia berekoia eta kontzientziarik gabea izanik. Ordea, emanaldi hau ikusita, nik uste dut dena datzala zuzendariak muntaketari emandako zentzuan, zeren eta kapitalismoaren ikuspegitik ezerk ez baitu geure buruan bat egiten, eta anabasaren bide horretatik, pasadizo krudel, zentzugabe eta anekdotikoen segida ikusiko dugu, besterik ez. Horregatik esango nuke Atalayaren moduko ikuspegi proletario militantea behar dela Brechten benetako ikuspegia bere sakontasunean ulertzeko.

Konpainiaren estiloari fidel izanik, indartsu eta zehatz jardun dute antzezleek, era koralean betiere, edozein protagonismotatik ihesi eta denak ikaragarri energia pertsonalean nahiz ahotsari emandako ahalmenean. Argien diseinu zehatzak ere rol garrantzitsua jokatu du koadro aldaketak ezartzean eta eszena bakoitzari bere nortasuna ematean, eta objektuen erabilera —izan soka, izan zapata takoidun gorriak, izan Melillakoaren moduko sare metalikoa...— esangura metaforikoz jantzita etorri da beti, lehen begi-kolpean antzematen genuenaz gain.

Azkenik, nabarmentzekoa da zenbat gauza komunikatu digun Katerina izeneko alaba mutuak —Lidia Mauduit—, ahantzi gabe gero Erriberriko emanaldian Marta Reyes nafarrak gorpuztu duela Ama Kuraiaren pertsonaia —Nafarroako Antzerki Eskolan jaso zuen prestakuntza— eta amaierako txalo beroen txandan nekez eutsi diola bere lurraldean antzeztu izanaren emozioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.