Reala 2-1 Celta

Comet, oinordeko gabe

Realak Celta mendean hartu, eta sasoiko lehen partida irabazi du Anoetan. Txuri-urdinak aise aritu dira; gol aukera asko izan dituzte
David Zurutuza eta Mikel Oiartzabal, Realaren gol bat ospatzen. Gol bana egin zuten bi jokalariek.
David Zurutuza eta Mikel Oiartzabal, Realaren gol bat ospatzen. Gol bana egin zuten bi jokalariek. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Jon Ander De la Hoz -

2018ko azaroak 27
Golak. 1-0: Oiartzabalek (36. min.). 2-0: Zurutuzak (47. min.). 2-1: Maxi Gomez (82. min.) Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak: Realeko Oiartzabali eta Sandrori; eta Celtako Juncari eta Maxiri. Bestelakoak. 17. 744 ikusle Anoetan.

Celta mendean hartu, eta Anoetan hiru puntu eskuratu ditu Realak, sasoi honetan lehendabizikoz. Atzora arte, Julian Cometek 1913an bota zuen madarikazioa gogora ekartzen hasiak ziren zenbaitzuk: «Reala ez da sekula txapeldun izango». Atotxa eraikitzeko bertan zegoen belodromoa eraitsi izanak eragin zuen Cometen haserrea, eta txuri-urdinek 68 urte behar izan zituzten madarikazio hura hausteko. Orain txapeldun ez, baina Anoetako ezinak zelai berrituaren madarikazioan pentsatzera eraman zituen zale batzuk. Hautsi da, ordea, eta sailkapenaren goiko aldera begira jarriak dira txuri-urdinak.

Garaipen gosez zelairatu zen Asier Garitanoren taldea, eta berehala igarri zen hori. Hirugarren minutuan eskuin hegaletik arearaino sartu zen Adnan Januzaj, eta zutoina jo zuen haren jaurtiketak. Belgikarrak baloia oinetan zuela egin zuen minik gehien; ez horrenbeste estrategiako jokaldietan.

Reala gehiago izan zen partidaren hasieran, baina denbora igaro ahala geroz eta erosoago aurkitu zen Celta. Kontraerasora jo zuten galiziarrek, eta Iago Aspasek gertu izan zuen gola haietako batean. Irrist egin zuen, ordea, eta ezerezean geratu zen saiakera. Hura izan zen bisitariek lehen zatian izandako aukerarik argiena.

Ordu erdiarekin batera suspertu zen Reala. Etenik gabe egin zuten presioa Garitanorenek, eta jaso zituzten horren fruituak. Juanmi Jimenezek gola egin zuen 33. minutuan, baina nabarmen aurreratua zegoen, eta jokoz kanpokoa seinalatu zuen Melero Lopez epaileak.

Lau minutu geroago iritsi zen Realaren lehen gola. Presioan ari zen Reala, eta Jozabedek akatsa egin eta galdu egin zuen baloia. Juanmik eta Willian Josek egin zuten saiakera, baina bien jaurtiketak atera egin zituzten atzelariek. Hirugarrenean Mikel Oiartzabali iritsi zitzaion, eta zetorkion bezala jo zuen eibartarrak, baloia sareetara bidaliz.

Errenta ondo kudeatuta iritsi zen Reala atsedenaldira, eta bigarren zatiaren hasieran erabaki zuen neurketa. Urrundik erdiraketa bikaina atera zuen Januzajek, eta buruz sareetara bidali zuen baloia David Zurutuzak. Bere lehen gola da aurtengo sasoian. Bigarrena ere gertu izan zuen bost minutu geroago. Harrobikoak buruz errematatu zuen eskuin hegaletik jasotako erdiraketa, baina zutoina jo zuen baloiak.

Bi goleko aldearekin, emaitzari eutsi beste lanik ez zuten izan donostiarrek. Alabaina, Celtak gora egin zuen, eta estu hartu zituen etxekoak. Arriskua sortu zuten galiziarrek, eta sarri gerturatu ziren etxekoen ate ingurura. Maxi Gomezek aldeak murriztea lortu zuen, baina berandu: ordurako, Realak ondo lotua zeukan Anoeta eraberrituko lehendabiziko garaipena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna