Ignacio Robles. Suhiltzailea eta kontzientzia eragozlea

«Kontzientzia kontua izan zen, ez aldarrikapen ekintza bat»

Kontzientzia arrazoiengatik, lanaren alderdi bat bete gabe utzi du Roblesek: giza eskubideak urratzeko erabiliko diren armak bidaltzeko lanetan parte hartzea. Baina ez du uste horregatik suhiltzaile okerragoa denik.
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Zuberoa Iturburu Lopez-Pantoja -

2017ko apirilak 14
Suhiltzaile kabo da Ignacio Robles. Bizkaiko Foru Aldundiak txostena zabaldu dio martxoaren 13an, Bilboko portutik Saudi Arabiara bidaltzekoak ziren arma karga bat zamatu zutenean ez parte hartzeagatik. Bi eta lau urte bitartean lan eta soldatarik gabe egotera zigor dezakete.

Portuan material arriskutsua zamatzen denean, suhiltzaileek han egon behar al duzue?

Han egon behar du suhiltzaile zaintza talde batek, prebentzio gisa; protokoloak hala agintzen du. Arriskutsu gisa sailkatuta dagoen edozein gai izan daiteke material arriskutsua: produktu sukoiak, korrosiboak, erradioaktiboak edota pozoitsuak, baita lehergaiak ere. Ez badira lehergaiak, Poliziak ez du parte hartzen. Lehergaiak badira, Guardia Zibilak zaintza lana egiten du beti.

Edukiontzietan lehergaiak zeudela jakin zenuenean, beste kabo batek ordezkatzeko eskatu zenuen.

Edukiontzi asko zirela eta itsasontziak arabiar hizkiak zeuzkala ikusi nuenean galdetu nuen, eta baieztatu zidaten Saudi Arabiara zihoazen bonbak zirela. Pertsona hari esan nion ezin nuela parte hartu. Suhiltzaile gunera deitu nuen, haiei ere jakinarazi nien, eta aginduen zain geratu nintzen. Ez nion uko egin, soilik esan nuen kontzientzia arrazoiengatik ezin nuela parte hartu. Beste kabo bat bidali zuten, egoera konpondu zen, eta ez zen egon bestelako ondoriorik. Jardunean nabilen suhiltzaileen etxean, batzuek bazeukaten susmoa horrelako kargak zeudela, baina ez geneukan frogarik, eta ez genekien benetan zer gertatzen ari zen. Guri ez digute esaten zer gai daramaten edukiontziek.

Kontzientzia arrazoiak aipatu dituzu. Zergatik?

Ezin dut parte hartu giza eskubideak urratuko dituen zerbaitetan. Saudi Arabia Espainiako bonbak erabiltzen ari da Yemenen. Egoera horrek gainezka egiten dit. Egun hartan gertatutakoa kontzientzia kontua izan zen, ez zen izan aldarrikapen ekintza bat. Nik ez nuen uste gertaerak garrantzirik izango zuenik, eta ez nuen zabaltzerik nahi. Martxoaren 13an gertatu zen, eta hiru astean ez nuen izan berririk, egunkari batean txostenaren berri eman zuten arte.

Lehergaiak izan ez balira, zure ekintzak ondorio berak izango al lituzke? Gertaera larritzat joko lukete?

Ez dut uste. Adibidez, pertsona batek ezin badu liztorren habiarik kendu alergia daukalako, beste batek egiten du, eta inork ez du eragozpenik jartzen. Beste maila bateko kontua da, eta ez dauka zerikusirik, baina, kasu honetan, nik ezin nuen parte hartu, kontzientziak galarazten zidalako. Hala ere, gertaera larritzat jo dute. Arautegiaren arabera, lan eta soldata gabeko bi eta lau urte bitarteko zigorra ekar dezake. Bi umerekin eta hipoteka batekin, ez da egoera samurra niretzat.

Neurrigabeko zigorra deritzozu?

Erabat neurrigabea. Ezin parte har nezakeela esan nuenetik zamatzearekin jarraitu ahal izan zuten arte, hamabi minutu igaro ziren. Hamabi minutuko atzerapenagatik bi eta lau urte bitarteko lan etetea eskatzea ez da proportzionala; zentzugabea da. Beste edozer arrazoik ekar zezakeen hamabi minutuko atzerapena.

Dena den, babes handia jaso duzu.

Bai. Interneten sinadurak biltzen ari dira, Change.org plataformaren bidez; 147.000 jaso dituzte jada, izugarria da. Alderdi politikoren baten babesa ere jaso dut, baina batez ere, elkarteena eta norbanakoena.

Gertatu den guztiari buruz zer balorazio egiten duzu?

Batetik, egin nuena ekintza pertsonala izan zen; uste dut ez zuela hedapenik behar. Bestetik, jendea kontzientzia hartzen ari da Yemenen gertatzen ari denarekin, eta hori oso garrantzitsua da. Suhiltzaile sartu nintzen bokazioz, hamazazpi urte daramat lanean, eta sekula ez dut kexarik jaso. Baina nire lanaren alderdi bat ezin dut bete kontzientzia arrazoiengatik: giza eskubideak urratzeko erabiliko diren armak bidaltzean ezin dut parte hartu. Zintzoki, ez dut uste horregatik suhiltzaile okerragoa naizenik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna