Emakumezkoen futbola. Epaileak. Bea Arregi. Emakumezkoen Espainiako Lehen Mailako epailea

«Olatu honi eutsi behar diogu»

Emakumezkoen maila nagusian ari diren hiru euskal epaileetako bat da Bea Arregi bilbotarra. Ilusioz ari da bizitzen emakumezkoen futbolak izan duen gorakada, eta espero du epaileengan ere eragina izatea.

Julen Etxeberria.
2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Futbolari izan zen Bea Arregi (Bilbo, 1995); eskolan lehenbizi, eta Bizkerre Getxoko (Bizkaia) taldean gero. Baina, 16 urte zituela, lesio bat izan zuen belaun batean, eta utzi egin zuen futbola. Gerora, aitak animatuta, epaile izateko ikastaro batean izena eman zuen. Sei urte joan dira ordutik. Hainbat mailatan aritu ondoren, bigarren denboraldia egin berri du emakumezkoen Espainiako Lehen Mailan partidak epaitzen. Aitortu du «esker txarreko lana» dela berea, baina «merezi» duela.

Emakumezkoen futbolak gorakada handia izan du sasoi honetan. Epaile eta, beraz, haren parte izanda, nola bizi izan duzu?

Ilusio handiz, ikusten baitugu pixkana-pixkana ari garela aurrera egiten. Baztertuak izan gara denbora luzez, eta, orain, garrantzia hartzen ari gara; aintzat hartzen gaituzte.

Zein da epaileen egoera?

Emakumezkook ez daramagu denbora asko epaile lanetan, eta, beraz, asko dago egiteko oraindik. Bultzada bat behar dugu. Halere, poliki-poliki ari gara aurrerapausoak ematen. Sasoi honetan gertatu denak mesede egingo digu. Olatu honi eutsi behar diogu.

Zeintzuk dira zuen eskaera eta aldarrikapen nagusiak?

Emakumezkoen futbolak aurrera egiten jarraitzen badu, guk ere egin nahi dugu aurrera. Ez dugu atzean geratu nahi. Bere garaian, gizonezkoen futbolak gorakada izan zuenean, eragina izan zuen epaileen egoeran: hobetu egin zen haien egoera. Guk ere hori nahi dugu; emakumezkoen futbolaren eskutik joan, gure egoera ere hobetu dadin.

Futbolariekin gertatzen den bezala, sekulako aldea dago gizonezko epaileen eta emakumezkoen artean. Maila nagusiko epaileak kontuan hartuta, urtean ehun aldiz gutxiago irabazten duzue, gutxi gorabehera. Bidezkoa da halako aldeak egotea?

Ez zait gustatzen diruaz hitz egitea, baina oso nabarmena da aldea itzela dela.

Partidako 167 euro jasotzen dituzue. Argi dago horrekin bakarrik ezin duzuela bizi.

Ez, eta horregatik egiten dut lan bulegari moduan. Gaur-gaurkoz, ezinezkoa da epaile izatetik bizitzea. Egia esan, denbora asko eskaintzen diogu epaile izateari, baina ez dugu jasotzen nahi adina.

Hori hobetuko den itxaropena duzue?

Bai, noski. Sasoi honetan, adibidez, babesle baten logoa daramagu elastikoetan. Espero dut lehen urrats bat izatea. Espero dut emakumezkoen futbolak izan duen gorakadak etenik ez izatea.

Urtez urte, gero eta emakumezko epaile gehiago zarete. Horrek eragina izan dezake zuen egoera hobetu dadin?

Bai. Zenbat eta emakume gehiagok epaile izan nahi, orduan eta hobeto. Eta nik uste dut horretan asko lagun dezakeela izan dugun gorakadak, emakumeak erakartzeko futbolari edo epaile izatera. Errazagoa da jendea erakartzea gauzak hobera doazenean.

Emakumezkoen Espainiako Lehen Mailan, emakumeak zarete epaile eta laguntzaile guztiak. Ados zaude neurri horrekin?

Diskriminazio positibo moduan hartutako neurria da, eta egokia dela uste dut. Hala ere, argi dut kalitateari ere erreparatu behar zaiola. Ezin dira epaile lanetan hasi neska hasiberriak, batere prestaketarik eta eskarmenturik gabekoak. Gauzak ondo egin behar dira. Horrek ere ospea eta seriotasuna ematen dio txapelketari.

Beste zenbait herrialdetan badaude emakumeak gizonezkoen maila nagusiko neurketak epaitzen. Espainiako Ligan, ordea, gehienez Hirugarren Mailan ari dira. Zergatik alde horiek?

Ez dakit, ez dut uste ondo prestatuta ez gaudelako denik. Agian, hemen gehiago exijitzen dute, eta ez gara oraindik gai izan maila horretara iristeko. Argi utzi nahi dut inork ez digula inoiz trabarik jarri gizonezkoen maila gorenera iristeko.

Oso gogorra da maila horretara iristea? Zeintzuk dira mugak eta trabak?

Proba fisikoak dira zailenak; oso zorrotzak dira.

Noizbait ariko da emakumezko epaile bat gizonezkoen Espainiako maila nagusian?

Bai, eta jendeak uste duen baino lehenago.

Zailagoa da emakumezko epaile izatea gizonezkoa baino?

Nik ez dakit zer zailtasun dituzten gizonezkoek, baina niri behintzat ez didate inoiz trabarik jarri, ez epaile izateko, ezta nire lana egiteko ere.

Esperientzia txarrik izan al duzu?

Esperientzia txar-txarrik ez dut izan. Iraindu, iraindu naute, baina jada ez diot halako garrantzirik ematen. Eskarmentua badut jada, eta ikasi dut esaten didatena arlo pertsonalera ez eramaten. Naturaltasunez hartzen dut, nire lanaren parte gisa. Badakit ez nukeela hala egin behar, inork ez duelako eskubiderik ni iraintzeko, baina neure burua babesteko modu bat da. Badakit oso gaizki pasatuko nukeela horrela jokatuko ez banu.

Iraintzen zaituzten horiek epaile bat ikusten dute, ala emakumezko epaile bat?

Epailea iraintzen dute, berdin zaie gizonezkoa edo emakumezkoa den. Noizean behin bota didate nire generoarekin lotutako irainen bat, baina uste dut ahalik eta min handiena egin nahi dutela, besterik gabe; berdin zaie epailea emakumea edo gizona den.

Sei urte daramatzazu jada epaile lanetan. Hobetu al da epaileekiko jarrera eta portaera?

Baietz uste dut. Pixkana-pixkana, jokalariak, entrenatzaileak eta zaleak ari dira ikasten epaile baino lehen pertsonak garela. Uler dezaket zelaian jendea tentsiopean egotea eta asaldatzea. Baina pazientzia izan behar da, eta beti errespetuz jokatu.

Animatuko zenituzke emakumezkoak epaile izatera?

Bai, noski. Bide luzea da, gogorra, eta ia bakarrik egin beharrekoa. Esker txarreko lana ere bada. Hala ere, merezi du. Pertsona moduan hazteko oso baliagarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.