CSKA Mosku 94-68 Kirolbet Baskonia

Hasteko, muturrekoa

Baskoniak lehen zatian eutsi dio CSKA Moskuri, baina hirugarren laurdenean txikitu egin du Errusiako taldeak

Julen Etxeberria.
2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
CSKA Mosku. Rodriguez (19), Higgins (12), Clyburn (10), Kurbanov (10), Hunter (7)—hasierako bostekoa—; De Colo (11), Bolomboy (3), Peters (4), Ukhov (3), Hines (5), Hackett (7) eta Vorontsevitx (3).

Kirolbet Baskonia. Vildoza (5), Garino (4), Shields (17), Voigtmann (2), Poirier (12)—hasierako bostekoa—; Marcelinho (5), Janning (5), Diop, Xengelia (6) eta Hilliard (12).

Markagailua. 23-24, 44-40 (atsedenaldian);73-52 eta 94-68

Epaileak. Lamonica, Latisevs eta Panther. Baskoniako Shields kanporatu zuten (32. min.).

Bestelakoak. 6.252 ikusle Moskuko Megasport Arenan.

Ez du aldatu ezer CSKA Moskuren eta Kirolbet Baskoniaren arteko Euroligako final-laurdenetako lehen partidak. Errusiako taldeak hamabosgarren aldiz jarraian irabazi dio etxean Euskal Herrikoari. Oso erraz nagusitu zaio, eta azken emaitza da horren isla, 26 punturen aldeaz gailendu baita: 94-68. Horren ondorioa da Baskoniari are gehiago zaildu zaiola berez oso zaila den helburua: CSKA kanporatzea, eta Gasteizen jokatuko den Lauko Finalean aritzea.

Toki eta ordu berean jokatuko du bihar bigarren partida. Irabazi beste aukerarik ez dute arabarrek; irabazi ezean, mirari handi baten kutsua hartuko bailuke xedeak. Saskibaloizaleen artean oso ezaguna da estatistika bat, zeinak dio 2008-2009ko sasoian egungo kanporaketen sistema ezarri zenetik inoiz ez dela sailkatu talde bat finalerdietarako final-laurdenetako aurreneko bi partidak galdu ondoren. Eta ez da lauzpabost alditan gertatu, hogei aldiz baino gehiagotan baizik. Baskoniak badu horren berririk. Urrutira joan gabe, iaz sufritu zuen maldizio hori, Fenerbahceren aurkako kanporaketan. Ez du berriro horrelakorik gertatzerik nahi. Ez du ataka estuan iritsi nahi etxera. Aukeraren batekin ailegatu nahi du.

Atzokoak ez dio ezertan lagunduko bigarren norgehiagokari indarrez ekiteko. Kopetilun helduko dio, astindu latza jaso baitzuen atzo. Liga erregularrean Moskun jokatutako lehian, azken txanpan egin zion ihes garaipenak Velimir Perasovicek entrenatutako taldeari. Atzo, ordea, askoz lehenago geratu zen irabazteko aukerarik gabe, hirugarren laurdenaren erdian jadanik hamazazpi puntu baitzen atzetik: 66-49. Aurkariari abantaila handia ematea da hori, eta zer esanik ez kontrario hori CSKA talde ahaltsua baldin bada. Orduan, ez dago zer eginik. Eta hala izan zen atzo.

Triskantza hiruko marratik

Eta nola iritsi zen Baskonia egoera horretara? Bada, espero zenbezala, CSKA oldartu egin zitzaion, eta ez zen gai izan erauntsiari eusteko. Hirugarren laurdenean hautsi zuten partida etxekoek. Ia berdinduta ziren bi taldeak (44-43), baina hortxe azaldu zen Sergio Rodriguez hiruko marratik Baskonia zigortzeko. Espainiarrak bi hiruko sartu zituen jarraian, eta taldekideak hauspotu. Laurdena amaitu artean beste bost hiruko sartu zituen Errusiako taldeak: Kurbanovek bi eta Clyburnek, Rodriguezek eta Bolomboyk bana. Guztira zazpitan asmatu zuen CSKAk hiru marratik laurden horretan —hamahiru sartu zituen partida osoan—. Baskoniak baino hamazazpi puntu gehiago sartu zituen hamar minutuan: 29-12. Are handiagoa zen bi taldeen arteko aldea markagailuan, 21 punturena: 73-52. Sobran zegoen azkeneko laurdena. Erabakita zegoen partida.

Garaipena patrikan izanagatik, etxekoak ez ziren lasaitu, eta egurrean jarraitu zuten. Zenbat eta zulo handiagoa egin, orduan eta min handiagoa egingo zioten Baskoniari bigarren partidari begira. Eta hala egin zuten, aldea 26 puntura arte luzatuta. Gaizki hasi du kanporaketa Baskoniak. Atzotik, pixka bat urrunago dago Lauko Finalaren ametsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.