Eivissa 1-2 Athletic

Berriz ere azken txanpan

Unai Nuñezek 92. minutuan sartutako gol batek eman dizkio garaipena eta Kopako final-zortzirenetarako sailkapena Athletici, Eivissan

Athleticeko jokalariak, Unai Nuñez besarkatzen, hark 1-2koa sartu berritan, atzo, Eivissan. SERGIO G. FERNANDEZ / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Eivissa. German; Kike Lopez (Fran Grima, 78. min.), David Goldar, Ruben Gonzalez, Morillas; Manuel Molina, Javi Perez (Pardo, 87. min.); Davo, Sibo (Ekain, 78. min.), Javi Lara eta Sergio Castel.
Athletic. Ezkieta; Lekue, Unai Nuñez, Yeray Alvarez, Balentziaga (Yuri, 70. min.); Vesga, Vencedor (Dani Garcia, 70. min.), Berenguer, Morcillo (Muniain, 46. min.); Sancet (Raul Garcia, 46. min.) eta Villalibre (Williams, 62. min.).
Golak. 1-0. Javi Perezek (12. min.); 1-1. Raul Garciak (52. min.). 1-2: Unai Nuñezek (92. min.).
Epailea. Gonzales Fuertes. Txartel horiak Eivissako Ruben Gonzalezi, Sibori eta David Goldarri; eta Athleticeko Dani Garciari.

Uste baino gehiago kostatu zaio, baina Espainiako Kopako final-zortzirenetan izango da Athletic, atzo Eivissari 1-2 irabazi ondoren. Maldan gora izan zuen sailkapena momentu askotan talde zuri-gorria, baina une erabakigarrietan sendotasuna erakutsi zuten Marcelino Garciak entrenatutakoek, eta sufrituta bada ere, azkenean, nagusitu egin ziren.

Partida ez zen ondo hasi Athleticentzat. Hamabigarren minuturako aurretik zen etxeko taldea. Unai Vencedorren huts batetik iritsi zen gola. Erdilari bizkaitarrak bere zelaian galdu zuen baloia, taldea ateratzen ari zenean. Bi pase eskasetan area ertzera iritsi zen Eivissa, eta horra iritsi bezain pronto, Javi Perezek jaurtiketa bortitz batekin Jokin Ezkietaren atea zulatu zuen. Neurketa hasi besterik ez zen egin, eta jada atzetik zen Athletic.

Zuri-gorriak ez zeuden eroso Can Misseseko berdegunean, eta hori haien jokoan nabaritu zen. Asko kostatu zitzaien etxekoen areara iristea. Baina minutuek aurrera egin ahala, partidari neurria hartzen joan zen Athletic, baina nagusitasun hori ez zuen baliatu partida berdintzeko. Hala, 1-0ekoarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Lehenengo 45 minutuetan ikusitakoarekin gustura ez, eta bigarren zatirako Raul Garcia eta Iker Muniain zelairatu zituen Marcelinok, Jon Morcilloren eta Oihan Sanceten ordez. Zuhaitza astindu, eta sagarraerori. Bost eskas minutu behar izan zituzten Raul Garciak eta Muniainek partida berdintzeko, korner batean. Muniainek bigarren zutoinean jarri zuen baloia, eta bertatik Raul Garciak nagusitasunez gainditu zuen Eivissako atezaina, buruz.

Berdinketaren ostean, bilbotarrek pauso bat aurrera eman behar zutela zirudien, baina etxekoak izan ziren partidaren aginte makila hartu zutenak. Neurketaren agintea hartu ez ezik, aurretik jartzea ere lortu zuten, baina epaileak gola bertan behera utzi zuen, Eivissako jokalaria jokoz kanpo zegoela iritzita.

Partidako azken minutuan iritsi zen Athleticen bigarren gola, 92. minutuan, geldikako jokaldi batean. Muniainek motzean jokatu zuen Yeray Alvarezekin. Hark baloia arean jarri zuen, eta han azaldu zen Unai Nuñez, atzetik etorrita, oinaren puntarekin Eivissaren atezaina gainditzeko, eta zuri-gorriak final-zortzirenetarako sailkatzeko.

Zozketa, gaur bertan

Gaur zozkatuko dituzte final-zortzirenak, 13:00etan. Sailkatu diren hamasei taldeen artean hiru euskal talde daude: Athletic, Reala eta Osasuna. Hilaren 26an, 27an eta 28an jokatuko dituzte neurketak, hots, datorren astearte, asteazken eta ostegunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.