'Eskamak kentzen'-ek ez du atal berririk izango ETBn

Telesailaren denboraldi bakarrak %2,5eko ikusle kuota lortu zuen. ETBk esan du ez duela izan aurrera egiteko behar zuen bilakaera
<em>Eskamak kentzen</em> telesaileko aktoreetako batzuk, iazko irudi batean.
Eskamak kentzen telesaileko aktoreetako batzuk, iazko irudi batean. EITB

Urtzi Urkizu -

2016ko uztailak 27
ETBk lanik gabe utzi ditu eskabetxerak —Karmele Larrinaga Go!azen-en atal berrietan ariko da, eta hura da salbuespena—. Barbara Goenaga, Elena Irureta, Itziar Aizpuru, Loli Astoreka eta Itziar Atienza aktoreak biltzea lortu zuen Eskamak kentzen telesailak, eta ez du bigarren denboraldirik izango. Denboraldi bakarra eta hamabi atalekin amaitu da, beraz, umorezko fikzioa —otsailaren 23an estreinatu zuten, eta maiatzaren 10ean bukatu zen—. Ordutik, maiatzeko bigarren astetik, euskarazko telesail baten atal berririk ez da ikusi ETBn. Urrira arte itxaron beharko da horretarako —atzo hasi ziren Go!azen-en atal berriak grabatzen—. Familiekin pentsatuta egina da telesail musikal hori.

La Competencia eta K2000 ekoizpen etxeen eta ETBko zuzendaritzaren artean ez da akordio ekonomikorik izan kontratua berritzeko. ETBko zuzendari Edu Barinagak balantze ona egin du lantaldeari, aktore lanari eta hurbiltasun kontzeptuari buruz. «Baina ezin dugu gauza bera esan telesailaren bilakaerari buruz, alderdi horretan ahulezia bat nabaritu dugulako». Telesailak ez du aurrera egiteko «behar zuen progresioa» izan, Barinagaren ustetan. «Telesail guztiek daukate ibilbide bat, eta, era berean, jarrai dezaten, barne progresio bat ere izan behar dute, hazten joatea. Azken hori ez da lortu».

Balizko bigarren denboraldi batean tramak nondik nora jo aztertzen aritu ziren bi ekoizpen etxeak eta ETB. «Baina azkenean konbentzitu behar gintuen proiektua ez dugu asmatu», azaldu du ETBko zuzendariak. «Hori dela eta, kurtso berrirako beste formatu eta proiektu batzuk esploratzea erabaki dugu».

Iñigo Lezertua telesailaren sortzaile eta gidoilariak —La Competencia— tristuraz hartu du amaiera: «Eskabetxerei maitasun berezia genien, eta kontatu nahi genuen istorioa erdibidean uztea pena da». Hala ere, balantze baikorra egin du: «Ikusle datuak onak izan dira; astearteetan, beste kateek fikzio indartsuak eta Txapeldunen Ligako kanporaketak ematen zituzten, eta guk %2,5eko ikusle kuota lortu genuen, katearen batez bestekotik gora». Gainera, nabarmendu du ez dutela istorio huts bat kontatu: «Istorio original bat kontatu dugu, euskal kulturan errotuta dagoena, eta emakume langileen aldarrikapena ere egin dugu».

Olatz Beobide telesaileko zuzendariak esan du lantaldeak gozatu egin zuela bidean: «Baina ez dugu emaitza behar bezala gozatu, bidea laburra izan delako. Halakoetan, profesionalok sufritu egiten dugu, lantalde onak sortu eta gero desegitea galera handia delako».

Taldea «gehiagoren gogoz» gelditu dela uste du Lezertuak. Haren iritziz, telesailarekin lorpen txiki asko egin dituzte: «Batetik, berriz ere ETBko platoetan fikzioa egitea. Euskal istorio bat kontatu dugu. Eta, bestetik, lehen mailako euskal aktoreak berriro ETBra ekarri ditugu. Halaber, aktore gazte batzuei telebistan lehen aldiz aritzeko aukera eman die telesailak, baita beste lan alorretako profesional batzuei ere».

Fikzioa, bidegurutzean

Beobidek uste du egoera «zaila» dela ETBn. «Hausnarketan ari dira, eta edozein erabaki oso ondo pentsatuta hartzen dutela esango nuke». Baina aktore eta zuzendariak gaineratu du dirua behar dela telebista lehiakor bat egiteko, «bereziki fikzioaren alorrean». «Egoera konplexua da. Hala ere, fikzioa, egin, egin behar da. ETBk behar du fikzioa, nortasuna ematen diolako». Beobide kezkatuta azaldu da, langile on asko profesiotik urruntzen ari direlako.

Lezertuari iruditzen zaio euskararen normalizazioari begiratu behar zaiola: «Fikzioa euskaraz ikusteko ohitura beharrezkoa da, euskaraz eleberriak irakurri edo musika entzutea bezala. Euskaldunok fikzioaren bidez geure burua aldarrikatu behar dugu, fikziozko istorioen bitartez». Edonola ere, aitortu du Euskal Telebistaren egoera «den modukoa» dela: «Esfortzu handia egin zuten Eskamak kentzen aurrera ateratzeko, eta ez berritzearen erabakia ez zen erraza izango».

Urrian iritsiko da Go!azen, eta telesail horrek bere bilakaera izan beharko duela iruditzen zaio Barinagari, «kontzeptu familiarrera hurbiltzeko». Izan ere, Barinagak dio ETBk helduen publikoa baino gehiago «publiko familiarra» duela helburu: «Jomuga horrekin lantzen ditugu proiektuak». ETBn bada lantalde bat fikziozko proiektuak aztertzen ari dena. «Betetzen gaituen bat topatzen dugunean, gauzatuko dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna