Webdokgileak irakasle

Dokumental interaktiboak sortzeko tailerra egiten ari dira egunotan Eibarren. Horietan, ikusleak darama kontakizunaren lema, eta hori erronka berezia da sortzaileentzat.
Mimenza, Narbaiza eta Arana <em>Tirabirak</em> dokumental interaktiboa sortzen ikasi zutena zabaltzen ari dira.
Mimenza, Narbaiza eta Arana Tirabirak dokumental interaktiboa sortzen ikasi zutena zabaltzen ari dira. BERRIA

Edu Lartzanguren -

2017ko uztailak 11
Webdok esaten diete, Internet bidez ikusteko, irakurtzeko eta entzuteko eginiko dokumentalak direlako, baina, agian, dokumental interaktiboa litzateke izenik egokiena. Izan ere, hartzailea esperientziaren parte bihurtzen dute dokumentalok, hura delako lemaren jabe. Kazetaritzaren tresna berrietako bat dira dokumental interaktiboak, eta horiek sortzen irakasten dabiltza Udako Euskal Unibertsitatean.

Webdok egileak dabiltza irakasle egunotan Udako Euskal Unibertsitatean. «Gure esperientzia eta dokumental interaktiboak egiteko bidean ikasi duguna zabaltzeko gogoa da ikastaroa emateko arrazoietako bat», esan du Libe Mimenzak, EHUko ikertzaile eta tailerraren zuzendariak. Atzo hasi ziren dozena bat ikasleri irakasten Mimenza bera, Bea Narbaiza eta Edorta Arana EHUko ikertzaileak, Eibarko (Gipuzkoa) Markeskoa jauregian. «Komunikazio paradigma aldatu da, eta dokumentalgintzak ere erantzun egin behar die kontsumo molde berriei», esan du Mimenzak. Euskal gatazka prentsako marrazki komikoetan nola islatu den kontatzeko, Tirabirak dokumentala egin zuten Mimenzak, Narbaizak eta Aranak. Hiru hanka ditu lanak: marrazkiak, marrazkigileei eta komunikabideen ordezkariei eginiko bideo elkarrizketak, eta marrazkigintzaren zein gatazkaren azterketak. Hogeitik gora elkarrizketa eta 1.200 marrazki eskaintzen dizkio dokumentalak ikusleari, nahi bezala nabigatzeko horien artean, eta horiek testuinguruan jartzeko egunkarietako azalak, eta irratiko audio piezak. Interneten dago lana ikusgai, www.tirabirak.eus /webdoka helbidean.

Dokumental interaktiboen beste adibide bat Amagoia Ibanek BERRIA-n sorturiko Oroiteria da (www.berria.eus/oroiteria). 1936ko gerraren inguruko lan multimedia da Oroiteria, Ibanek koordinaturikoa. Testuak, argazkiak, musika, bideoak eta infografiak biltzen ditu.

Narrazio bat osatu behar

Baina zertan bereizten da dokumental interaktibo bat egiteko lana eta ohiko ikus-entzunezko lineal batekoa? Mimenzaren arabera, osagaiak diseinu orokorrean bateratzeko orduan dago aldea. Izan ere, pilula independenteak —bideo bat, testu bat, audio bat— sortzen ditu webdokumentalgileak, baina horiekin guztiekin narrazio bat osatu behar du. «Erabiltzaileak erabakitzen duenez zein ibilbide egin, ibilbide guztiak zentzudunak izatea da erronka».

Horrez gain, erabiltzailearen parte hartzeari zabaldu behar zaio leihoa. Tirabirak-en, esaterako, ekoizpenaren azken fasean egin zuten hori: marrazkiei testua aldatu eta memeak sortzeko aukera eman zioten irakurleari.

Mimenza, Narbaiza eta Aranaren ikasleak kazetaritzaren ikuspegitik ari dira ikasten dokumental interaktiboak egiten. Edukiak antolatzeko eta elkarrekin lotzeko softwarea erabiltzen trebatzen amaituko dute gaur.

Dokumental interaktiboak izango duen estetika, ordea, diseinatzaileen ardura da, eta hori ikastarotik at geratu da. «Ideala litzateke diseinatzaileak eta kazetariak elkarrekin lan egitea horretan, diseinatzaileak uler dezala nola dagoen antolatuta narrazioa, eta kazetariak uler dezan nola eman diezaiokeen buelta kontakizunari diseinuaren bidez; bien arteko sorkuntza izan dadin, azken batean». Klynt aplikazioa erabili dute, ikasteko erraza delako. Zoritxarrez, ez da software librea. Zalantza beti egongo da mahai gainean: kazetariak dokumental interaktiboak egiten ari dira berritasunarengatik; hau da, teknologiak ematen duen aukera berri bat delako? Edo etorkizunean asko zabaldu eta kazetaritzaren ohiko formatu estandar bihurtuko al dira? Mimenzaren arabera, Interneteko telesailak ere ari dira egiten interaktibotasunean oinarrituta, ikusleek amaiera ezberdinak erabaki ahal izateko, eta hedabide asko ari dira dokumental interaktiboak plazaratzen. «Ikusleak prest daude horretarako?», galdetu du Mimenzak. «Kontsumo ohiturak aldatzen ari dira, eta, batez ere, belaunaldi berriei begirako komunikazio estrategia da hau», erantzun du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna