Miren Josune Ariztondo Akarregi.
ARKUPEAN

Berrogeigarrena

2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Alderdi politikoen aldizkako bilkura nagusiak eztabaidagune politiko sendoak bilakatzen dira, agerikoak batzuk, ezkutukoak besteak. Baina hilabete luzeetan hausnartu eta bozkatzen diren gogoeta-txostenak dira kontuan hartzekoenak, eurok baitira alderdiak hurrengo urteetan saiatuko dituenak. Merezi du ardatz ideologiko horien berri izateak, gizarte osoa izango baita ondorioak jasoko dituena.

Amaitu berri da Valentzian PSOEren 40. Kongresua. Orain arte egindakoaren ebaluazio baikorra egin du, ohi denez, Adriana Lastra koordinatzaileak. Kongresuan bozkatu den ponentzia da lerro hauetara ekarri nahi izan dudana. Hainbat atal garatzen ditu, esanguratsuak eta etorkizunerako garrantzizkoak denak, baina Espainia autonomikoa. Kogobernantza federalerantz aurrera deitzen dena begiratu dut oraingoz. Atal honi dagokionez, argi azaltzen dira gobernu erantzukizunak izango dituen neurrian garatuko dituen egitasmoen hondoan dauden ideiak.

Erreferentzia nagusia sozialdemokrazia espainiarra du alderdi honek, Espainia askotarikoan autonomia erkidegoak direla aniztasun horren gordailuak. Espainia autonomikoa da zutabea, eta haren etengabeko eguneratzea da helburu esplizitatua. Eta tresna esanguratsua, urteak zilegitasun osoz atentzioa eskatzen ari diren lurraldeekiko hurbiltasuna eta konplizitatea agertzea.

Alde horretatik, Espainiaren proiektua sendotzen joateko oinarri gisa zehazten dira hizkuntza koofizialen sustapena, izaera-sentimenduekiko abegikortasuna eta lurraldeen zein herri administrazioen arteko elkarrizketa praktikatzea. Eginkizun horiek bazter utzi izan diren bakoitzean egiazko erronka globalengandik desbideratzea etorri da, etorkizuna kolokan jarriz (hala dio txostenak).

Elkarrekiko menpekotasuna delarik aukera eta erronka, sozialisten proposamena gobernantza aurrerakoiaren aldeko agenda orokorraren aldekoa da, isolamenduan eta ezintasunean euren burujabetza gauzatzea aldarrikatzen dutenen miopiaren aurrean.

Subiranismo hutsez jardutea da, gaurko PSOEren ustez, ez ezagutzea zeintzuk diren interdependentziaren giltzarriak eta gizateria osoaren etorkizunari buruzko eztabaida nagusiak. Horrexegatik geratzen ohi dira nabarmen planteamendu subiranistak. Ondorioa, bistan denez, bere askotarikotasuna barnean duen Espainiaren defentsa, proiektu kolektibo gisa ulertuta.

Honaino laburpena.

Eskertzekoa da zintzotasunez norbere burua agertzea, are gehiago, besteekiko alderatze demokratikorako lerroak argi geratzen direnean.

Halere, PSOEk badaki, beste alderdiek dakiten bezalaxe, norbere pisu demokratikoa besteenarekin neurtu behar dela, denen artean gizarte osoarena baitute. Eta jakin badaki horrek ondorioak behar dituela erakunde demokratikoen jardun politikoan. Badaki, baita, beste subiranotasun batzuk aldarrikatzen dituzten alderdiak zein erakundeak ere agenda globalez eta interdependentziez jabetuta bizi direla, aspalditik direla nazioartekotasunean ibiliak. Eta horienganako hurbiltasuna—egun enpatia esaten dena— harreman demokratikoetarako lagungarri aparta bada ere, ez dela ideologia politikoak aldatzeko nahikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.