Onintza Enbeitak eta Ana Goitiak 'Hauxa2' egingo dute ETB1en

Programa berria hilaren 24an estreinatuko dute. Datorren asteazkenean, ETB1ek esku pilotari buruzko dokumental berezi bat emango du
Onintza Enbeita eta Ana Goitia <em>Hauxa2</em> saioko protagonistak atzo, Donostian.
Onintza Enbeita eta Ana Goitia Hauxa2 saioko protagonistak atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Urtzi Urkizu -

2018ko ekainak 1
Udazken-negu partean, ETB1eko Gure kasa saioan atal berezi bat sortu zuten Onintza Enbeita bertsolari eta kazetariak eta Ana Goitia neurri handiko jantzien blogari eta kazetariak. Hauxa2 izena zuen tarteak, eta orain tartea igande gauetarako programa bilakatuko da —hamar ataletako bakoitzak ordu bete iraungo du—. Hilaren 24an estreinatuko dute saioa euskarazko katean; hori izan zen ETBk atzo aurkeztu zuen programetako bat.

Enbeitak eta Goitiak aitortu dute Gura kasa-ko atalaren spin-off bat dela programa berria, formatu berri batekin. «Bertsio luzea litzateke honako hau», dio Enbeitak. Fikzioarekin jokatuko dute bi protagonistek, eta Lekeitioko (Bizkaia) etxe batera joango dira elkarrekin bizitzera. «Hantxe pasatuko dugu uda», dio Goitiak. «Egunerokoan ez ditugu iritzi berdinak izango kontu guztietan, eta gai batzuk planteatuko ditugu», azaldu du Enbeitak. Goitiaren arabera, «topikoetatik at» planteatuko dituzte gai horiek. Gonbidatuak ere izango dituzte programan, atal bakoitzeko gaiaren araberakoak. Gonbidatu horietako batzuk anonimoak izango dira, eta beste batzuk, berriz, ezagunak. Gaien artean, musika, maitasuna, edertasuna, sare sozialak eta elikadura egongo dira. «Gure lehentasunen artean dauden hamar gai izango dira. Etorkizunean aukera berririk balego, pentsatuko dugu zer egin eta nola», esan du Enbeitak.

Bertsolariaren iritziz, umorea baino gehiago «naturaltasuna» islatuko da saioan. «Programa gure nortasunetan oinarrituta dago», zehaztu du Goitiak. Enbeitak aitortu du «zintzotasunak» eta «gauzak esateko moduak» grazia egin diezaiekela ETBko ikusleei. Ez dira joango, dena den, propio umorea eta txisteak egitera.

Bi kazetariek oso ondo ulertzen dute elkar, eta hori proiektuarentzat «hil ala bizikoa» dela nabarmendu dute. «Programaren gakoetako bat da hori», dio Enbeitak. «Gu ez bageunde, formatu hau ez litzateke existituko», gaineratu du Goitiak.

New Media ekoizpen etxeak egingo du saioa, eta Luisma Laboa izango da zuzendaria. ETBk iragarri duenez, fikzioak eta naturaltasunak bat egingo dute Lekeitioko gorabeheretan.

Ekoizpen etxe berak Gure kasa saioa egiten du, eta programak udan ez du etenik izango. Euskal kulturako sortzaile ugari gonbidatuko dituzte datozen asteetan. «Formatuarekin asmatu dugu», esan du Edu Barinaga ETBko zuzendariak.

Ekainaren 21ean, Chiloé lasterka munduan saioaren bigarren denboraldia ematen hasiko da ETB1. Zigor Iturrieta honako tokitan ibiliko da: Gdansk (Polonia), Chihuahua (Mexiko), Lubeck eta Fohr uhartea (Alemania), Quimper (Bretainia), Rodas (Grezia), Strella mendilerroa (Portugal), Formentera (Herrialde Katalanak) eta Finisterre (Bretainia).

Dokumental eta erreportaje bereziek tartea izango dute datozen asteetan ETB1en: asteazkenean, Eskuak: Zerua eta infernua esku pilotari buruzko dokumentala; bi aste barru estropadei buruzko erreportaje bat; eta hilaren 16tik 20ra, gastronomiari buruzko hainbat lan.

Jaiei dagokienez, suen ikuskizunak etxetik puntuatzeko aukera aztertzen ari dira.

Saio berriak ETB2n

ETB2 katean hainbat berrikuntza izango direla nabarmendu zuten atzoko aurkezpenean. Igande honetan, esate baterako, 360º erreportaje saioa ematen hasiko dira. Eider Hurtado kazetariak aurkeztuko du, eta landutako gaien artean Ciudadanos alderdia, prostituzioa, elikadura arloko iruzurrak eta kazetaritzan izaten diren filtrazioak daude.

Hilaren 11n, Juego de Cartas saioaren bigarren denboraldia iritsiko da, baina hasu honetan Euskal Herriko mugetatik harago joango da Javi Sierra sukaldaria. Lehen atala Cadizen (Espainia) grabatu dute.

Miriam Cabeza aktoreak Vaya familia saio berria aurkeztuko du uztailean. Familia arteko gorabeherak ardatz dituen kamera ezkutuko programa bat izango da. Gizon batek edo emakume batek bere bikotekidearen familia ezagutu behar du aurrenekoz, baina ezkon-sendia ez da benetakoa izango, berak hala uste arren. «Jendea benetan nolakoa den erakutsiko du saioak», esan du Cabezak.

Vascos por el Mundo saioan, Roberto Vazquez berriemailea munduan barrena ibiliko da kontinentez kontinente, euskal herritarren bila.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna