Kirolbet Baskonia 83-92 CSKA Mosku

Gaua etorri zaio

Baskoniak behera egin du azken laurdenean, eta merezita galdu du. Agur esan dio etxeko Lauko Finalari

Baskoniako zale bat Patricio Garino kontsolatzen saiatzen, atzoko partidaren ondoren. DAVID AGUILAR / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Kirolbet Baskonia. Huertas (9), Shields (6), Garino (16), Xengelia (11), Voigtmann (12) —hasierako bostekoa— Vildoza, Hilliard (8), Jones eta Poirier (21).

CSKA Mosku. Hackett, De Colo (27), Kurbanov (15), Hynes (8), Vorontsevitx —hasierako bostekoa— Rodriguez (2), Higgins (19), Clyburn (6), Hunter (6) eta Bolomboy (5).

Markagailua. 22-20, 48-39 (atsedenaldian); 71-68 eta 83-92.

Epaileak. Lamonica, Pukl eta Mogulkoc. Huertas Baskoniakoa kanporatu zuten faltengatik.

Bestelakoak. 12.649 ikusle Buesa Arenan.

Euroligako Lauko Finala Gasteizen jokatuko da, eta Baskonia ez da bertan egongo. Etxeko zaleek ez dute euren kutuna ikusiko hitzordu historikoan. Ondo lehiatu da CSKA Moskuren aurka, baina Gasteizko bi partidetako une erabakigarrietan kanpokoak gehiago izan dira. Merezita irabazi dute (3-1), eta merezita itzuliko dira maiatzean. Atzokoa, gainera, krudela izan zen, Baskoniak irabaztearekin amets egin zuelako, baina azken laurdenean amildu egin zen. Hobeto esanda, CSKAk ito zuen. Baskonia zazpi minutu eta erdi egon zen punturik batu gabe, eta tarte horren errusiarrek 0-15eko partziala lortu zuten.

Zale askok kostata eutsi zieten malkoei amaieran, partida errusiar mendi emozionala izan zelako. Baskoniak, izan ere, ondo ekin zion lanari, asteazkeneko lezioa ikasita. Ordukoan CSKAk aldea ireki zuen lehen laurdenean, eta etxekoak kontrakarrean ibili ziren partida osoan. Atzokoa, aldiz, ezberdina izan zen. Esnatuago atera ziren, defentsan hortzak erakutsiz, eta erasoan oreka handiz jokatuz. Epaileek falta asko adierazi zizkieten, baina oldarkortasunaren ordainsaria zen. Voigtammek zazpi puntu sartu zituen laurden horretan eta Baskoniak aurretik bukatu zuen (22-20).

Sentipenak onak ziren. Baskonia eroso zegoen, eta CSKA sufritzen. Sentipen horiek, baina, are gehiago hobetu ziren bigarren laurdenean. Serie osoan Baskoniak izandako unerik onenak izan ziren. Uztaipean eta kanpotik kolpatu zuen CSKA. Lehenbizi Poirier izan zen mehatxua, hiru birrintze ikusgarrirekin. Ondoren, Garinok ireki zuen aldea, jarraian sarturiko hiru hirukorekin —29-27tik 38-30erakoak—, eta azkenik Xengeliak dantza klaseak eman zizkien CSKAko pibotei uztaipean. Kapitaina hari da bere onera itzultzen. Hiruren eskutik, Baskoniak 26-19ko partziala lortu zuen laurdenean, eta atsedenaldian zaleen itxaropena bizi zegoen (48-39). Euforia zen nagusi.

Zortzi minutuko lehortea

CSKAk, bere aldetik, egun oso iluna izaten ari zen hiruko marratik: hamazazpi jaurtiki zituen eta lau bakarrik sartu, eta erasoko erreboteari esker zegoen partidan. Hirugarren laurdenean, baina, partida aldatu egin zen. De Colo ardura hartzen hasi zen —11 puntu laurden horretan, eta 27 guztira—, eta Higginsen laguntzaz gerturatzen joan zen. Hori gutxi ez, eta Itudisek konponbidea aurkitu zuen defentsan. Blokeo guztietan zaintza aldatu zuen, arriskatuz. Apustuak fruitua eman zion. Laurdenaren amaieran hiru puntura zen (71-68), eta urduritasuna ageri zen etxeko jokalarien aurpegian.

CSKAk odola usaindu zuen. Baskoniak bost puntu sartu zituen azken laurdeneko lehen minutuan, eta orduan gaua etorri zitzaion. Ondoren ia zortzi minutu egin zituen punturik sartu gabe —76-72etik, 76-87ra—. Azken laurdenean zazpi baloi eman zituen, eta CSKAk zazpi errebote hartu zituen erasoan. Opari festa bat. Etxekoak kirioetan urtu ziren, eta CSKAk tantaka-tantaka aldea ireki zuen. Etsipena nagusi zen Buesan, eta hala ere etxeko jokalariek txalo artean utzi zuten pista. Merezitako saria, Euroligan eginiko lana ona izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.