Maite Iturberen dimisioa eskatu dute PSE-EEk, PPk eta UPDk

Erdibideko zuzenketak ez du aurrera egin Eusko Legebiltzarrean.PPk eta EH Bilduk esan dute arazoa ez dela zuzendariaren izena

Mikel Unzalu PSEko legebiltzarkidea, Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiari musu ematen, iazko urrian. JUANAN RUIZ / ARP.
urtzi urkizu
2014ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Ikuspuntu ezberdinak eskainiz, Eusko Legebiltzarrean oposizioko talde politiko guztiak oso kritiko azaldu dira EITBren jardunarekin. Maite Iturbe zuzendari nagusiak dimisioa eman dezala eskatu zuten atzo PSE-EEk, PPk eta UPDk erdibideko zuzenketa baten bitartez —UPDk mozio bat aurkeztu zuen lehenbizi, eta PSE-EEk legez besteko proposamen bat gero—. Hiru talde horien 25 botoak ez ziren nahikoak izan proposamenak aurrera egiteko. EAJ aurka azaldu zen. EH Bildu, berriz, abstenitu egin zen —egun bat lehenago iragarri zuen ez zuela eskaera babestuko, «izenen eztabaidatik harago joatea ezinbestekoa delako»—.

Izan ere, ikuspuntu ideologiko ezberdinak izanik, hausnarketa berdintsua plazaratu zuten EH Bilduk eta PPk: «Arazoa ez dago izen aldaketan». PPko legebiltzarkide Nerea Llanosen iritziz, hedabide publikoez inpartzialitatea, objektibotasuna eta pluraltasuna espero dira: «Oinarri horiek ez dira betetzen EITBn. Izen bat aldatuta ez da dena lortzen. Iturbe abertzaleen artean bat gehiago da». Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak uste du arazoa ez dela bukatuko funtzionamendua eta eredua aldatu ezean: «Lege zaharkitua dugu, iraganean ainguratua. Legeaz eztabaidatu behar da, eta aldatu. Alderdi politikoek esku hartzerik ez izateko, ikus-entzunezko lege bat eta kontseilu bat eskatzen ditugu».

Eusko Legebiltzarrak aukeratzen du EITBko zuzendari nagusia. Eta Maite Iturbe EAJren eta PSE-EEren botoekin izendatu zuten. Euskal sozialistek, ordea, babesa kendu zioten martxoan. «Lortu genuen akordioa ez da bete, eta EITBko zuzendari nagusiak ez ditu aintzat hartu gure proposamenak», esan zuen atzo Mikel Unzalu PSE-EEko legebiltzarkideak. «Hedabide publiko batek bete behar dituen funtzioetatik aldendu da EITB. EAJren eta Jaurlaritzaren propaganda tresna bilakatu da».

Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak ere gogor jo zuen EITBren ildoaren aurka: «Albistegiak kausa abertzalearen monografikoak dira. EITBren xedea herritarrak abertzale bihurtzea da».

EAJren ordezkaria izan zen EITBren gaur egungo jarduna defendatu zuen bakarra. Luke Uribe-Etxeberria legebiltzarkideak adierazi zuen ez dagoela arrazoi objektiborik Iturberen dimisioa eskatzeko. «Ez ezazue EITB pagaburu gisa erabili», esan zien dimisioa eskatu duten taldeei. «PPrengatik balitz, EITB erdian geldituko litzateke, langileak barne. Gure erronka da jakinaraztea EITB denontzat dela eta telezabor politikotik ihes egin behar dugula». Uribe-Etxeberriak PSE-EEri esan zion mezularia ez hiltzeko. Bestalde, EITBri eskatu zion «era profesionalean» lanean jarraitzeko, baita euskara eta euskal kultura sustatzen jarraitzeko ere.

Albistegien ildo editoriala

EITBko albistegien ildo editorialaren eta agenda informatiboaren inguruko kritikak egin zituzten oposizioko taldeek. PPko Llanosen arabera, EITBk Euskadi zazpi herrialde balira bezala hartzen du, baina «hiru herrialdetako herritarrok ordaintzen dugu». Ildo beretik Maneirok esandakoa: «Nahiz eta ezer garrantzitsurik ez gertatu, beti Frantziako hegoaldea eta Nafarroa azaltzen dira». Bi talde horiek salatu zuten EITBko albistegietan gehiegi azaltzen direla erabakitzeko eskubidea eta ETAren presoak, eta beste gai batzuk baztertzen direla. Maneirok EITBko saioetako moderatzaileak ere kritikatu zituen: «Abertzale bat gehiago dira, haien ekarpenak egiten». UPDko ordezkariaren arabera, PSE-EEk azaldu behar luke zeren truke babestu zuen Iturbe.

EH Bilduko Urruzunok, bestalde, adibide jakin bat eman zuen ETBko albistegien ildoa salatzeko: «Abuztuan Lokarrik agerraldi bat egin zuen, eta pausoak eskatu zizkien Espainiako Gobernuari, ETAri eta alderdi politikoei. Teleberri-n, ordea, azaldu zen Lokarrik pausoak eskatu zizkiola ETAri, ezker abertzaleari eta EPPKri. Nola iristen da horra?».

PSE-EEko Unzaluren iritziz, ikusle datuen beherakadak erakusten du euskal irrati-telebista publikoak ez duela pluralitatea islatzen. Ez da iritzi berekoa EAJko Uribe-Etxeberria: «EITBko profesionalak lan ona egiten ari dira, pluraltasuna bermatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.