Ez ahazteko aldarria

Bartzelonako Euskal Etxeak antolatutako 'Ez ahaztu-No oblidem' zikloaren barne, 'Komunikabideak eta memoria historikoa' hitzaldia egin dute. 'Oroiteria' aurkeztu dute.

Gemma Aguilera, Teresa Ferre eta Amagoia Iban Bartzelonako Euskal Etxean, atzo. SAIOA BALEZTENA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Iaz laurogei urte bete baziren 1936ko gerrak eztanda egin zuenetik, memoria historikoaren berreskurapenaren alde lanean ari diren elkarteak, oraindik ere, hamaika dira. Zalantzarik gabe, Katalunia eta Euskal Herria izan ziren 1936ko gerrak eragin zuen errepresioaren foko garrantzitsuenak.

Memoria historikoa da gertakari ororen markoa eta euskarria. Gaur egun inork indarrik badu gizartean eta agenda publikoan eragiteko, horiek komunikabideak eta Internet dira. Ildo horretan, Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen Ez Ahaztu-No Oblidem zikloko hitzaldiak hedabideak izan zituen atzo protagonista.

Ekitaldia BERRIAko kazetari Amagoia Ibanek abiatu zuen. Oroiteria aurkeztu zuen, 1936ko gerrak Euskal Herrian utzi zuen aztarna ezagutarazteko atari digitala. Sarraskiak eztanda egin zuenetik 80 urte pasa ondoren, «beste inork halakorik» egin ez zuenez, sortu du BERRIA Taldeak Oroiteria, urte bateko lanaren ondoren.

Gakoa digitalki egitea izan dela azpimarratu zuen Ibanek, kontutan izan behar baita duela zortzi hamarkada gertatu zena azaldu behar zaiola «dagoeneko paperean informazioa bilatzen ez duen belaunaldi bati».

Mahai-inguruan parte hartu zuten beste bi kazetarien ezustekoa izan zen hedabide batek sortu izana Oroiteria. Barnils taldeko Teresa Ferrek nabarmendu zuen «harrigarria» iruditzen zitzaiola, azken finean,«BERRIAren lantaldeak egin duen lana euskal erakundeek egin beharko luketeena baita».

Gemma Aguilerak azpimarratu zuen Katalunian, Euskal Herrian ez bezala, Generalitatearen baitan sortu zutela 2007an Memorial Democratic de Catalunya erakundea. «Bere bertute eta ahuleziekin», aurrea hartu du memoria historikoaren berreskurapenean. Izan ere, bere ustez, «erakunde publikoen ardura da» memoria historikoaren berreskurapenean lan egitea. «Hedabideoi, aldiz, erakundeek prozesu hori behar bezala egiten dutela kontrolatu eta gizarteari gogoetarako lanabesak erraztea dagokigu».

Mahai-inguruan parte hartu zuten kazetariek, bestalde, adierazi zuten, sarri memoria historikoa ere izan dela «kontakizunaren instituzionalizazioaren biktima».

Ferrek baieztatu bezala, «krisiaren ondorioz erredakzioetan nagusi den prekarietateak elikatu du sarri kazetariok erakundeek zabaltzen dituzten mezuak errepikatzea zuzenean, informazioa kontrastatu gabe». Ondorioz, memoriaren berreskurapenetik urruti, «ondoratuta utzi ditugu hainbat eta hainbat memoria minoritario».

Barnils taldeko kazetariak adibide gisa aipatu zuen aste honetan indarra hartu duen albiste bat: Espainiako Gobernuak baieztatu du du Erorien Harana ez dela frankismoaren goratzea. «XXI. mendean gaude, eta Espainiako hedabide demokratikoek albiste horri editorialpartekatu batekin erantzun beharko lioteke, gutxienez», proposatu zuen Ferrek, irmoki. «Noski, gisa horrelako erantzunek instituzionalizatutako kontakizunak apurtzeko balioko lukete beste edozein herrialdetan, baina hemen ez da gertatuko», gehitu zuen Ibanek.

Demokrazian denak balio du?

Memoriaz ari zirela, mahai-ingurua ezin zen amaitu Tortosako (Herrialde Katalanak) kasua aipatu gabe. Izan ere, han dago Kataluniak duen monumentu frankistarik handiena: Ebroko guduarena. Iaz auziak indarra hartu zuen, Kataluniako Parlamentuan hori deusezteko eskaera onartu zenean. Tortosako Udalak galdeketa bat antolatu, eta herriak mantentzea erabaki zuen. «Alegia, demokraziaren kontra doa faxismoa goresten duen oroitarri baten inguruko erreferenduma sortzeak», esan zuen Ferrek. «Demokrazian, beraz, denak ez du balio, eta halako galdeketarik ezin zen onartu», gehitu zuen Aguilerak.Ibanek gogorarazi zuen hori ere bazela frankistekkontakizunaren borroka irabazi zuten seinale, «gizartearen bakeagatik horrelakoak onartuz».

Mahai-inguruak zerbait erakutsi bazuen hori izan zen, oroimen historikoaz aritzean komunikabideek zeregina dutela oraindik ere. Etorkizunera begira, beraz, krisiaz, prekarietateaz eta erakundeek hedabideengan ezartzen duten presioetatik harago, gizartean gogoeta sustatzea izango da komunikabideen erronka nagusia, iraganean gertatutakoa ez ahazteko. Azken finean, Ibanek ohartarazi bezala, «kazetarion ardura ere baita gizarteari lanabesak ematea kontakizunaren inguruko gogoeta egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.