Animaliei begira, zoriontasuna lor daiteke etxeko sofan

Animalien dokumentalak ikusteak gizakiengan duen eragina aztertu dute BBCk eta Berkeleyko Unibertsitateak: «Zoriontsuago egiten ditu»

BBCren natur dokumentalen saio berri bat estreinatuko dute astelehenean Movistar+ plataforman. STEPHEN DOWNER.
2017ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Dokumentalak eta animaliak aipatuz gero, erraz lotzen dira bazkalosteko lasaitasunarekin. Nolabaiteko eragin lasaigarri bat izaten du arrainak uretan igeri edo lehoiak sabanan lo ikusteak. BBCk eta Berkeleyko Unibertsitateak (AEB) harago jo dute, ordea: zientifikoki ikertu dute animalien dokumentalak ikusteak zein eragin daukan gizakiengan. Aurrez jakina azaleratu dute akaso, baina, bai, animaliak ikusteak ikusleak poztu egiten ditu, eta estresa zein nekea kentzen dizkio.

The Real Happiness Project (Benetako zoriontasun proiektua) ikerketaren emaitzek ez dute zalantzarik: animalien dokumentalek eragin zuzena dute ikusleen umorean eta ongizatean. Tarte motz batez ikusiz gero ere, minutu bat eta hiru minutu artean, emozio positiboak sorrarazten ditu, hala nola harridura, jakin-mina, asetzea, poza eta dibertsioa. Era berean, igarri dute sentimendu negatiboak gutxitzen dituztela; besteak beste, antsietatea, estresa eta haserrea.

Eragin positiboa zutela agerikoa iruditzen zitzaiola esan du Dacher Keltner irakasleak. Hura arduratu da ikerketaz. «Hala ere, emaitzak harrigarriak dira». Keltnerrek nabarmendu du gazteengan helduengan baino gehiago eragiteak harritu duela gehien. «Ikusle guztietan igarri genituen aldaketa emozionalak oso esanguratsuak izan dira. Erakutsi zituzten adierazpenak zoriontasunaren oinarriak dira».

Azterketa metodoak

Sakon landu dute gaia. Azterketarako 150 ikerketa zientifiko erabili dituzte, eta 6.500 pertsona baino gehiago elkarrizketatu. Elkarrizketatuen jatorrian aniztasuna egon da: Ameriketako Estatu Batuetako, Erresuma Batuko, Singapurreko, Indiako, Hegoafrikako eta Australiako pertsonak elkarrizketatu dituzte.

Ikerketa, dena den, ez da aurrez aurreko elkarrizketen bidez bakarrik egin. Izan ere, aurpegi sentsore moderno bat erabili dute. Adierazpide aldaketarik txikienak ere igarri ditu sentsoreak. Ikusleei animalien dokumentaleko zatiak jarri dizkiete, baina baita bideo dramatiko bat, albistegi bat eta brikolaje bideo bat ere. Lauren eraginak alderatu dituzte.

Emaitzak argigarriak izan dira: animalien dokumentalen irudiek %45,6 handitu dituzte sentimendu positiboak.

Hala ere, ikerketaren emaitzak egunotan plazaratzea ez da oharkabeko zerbait izan: Lur Planeta II dokumental saila kaleratuko du BBCk. Hain zuzen ere, ikerketan erabilitako irudiak superprodukziokoak dira.

Mike Gunton Lur Planeta II dokumentalaren ekoizle eragileak nabarmendu du asko poztu dituela ikerketaren emaitzak, jendearekin «maila emozionalean» konektatzen saiatzen direlako. «Natura ikusleei gerturatzen saiatzen gara. Pozgarria da emozio positiboak sortzen dizkigula ikustea». Ekoizleak espero du balorazio horrek ikusleak natura maitatzera eta babestera bultzatuko dituela.

Espiando a la manada (Samalda zelatatzen) lana emango dute Movistar+en etzi. Lur planeta dokumental saileko lehen zatia izango da.

Animatronics-ak erabili dituzte Espiando a la manada grabatzeko; hau da, animalien antza duten robotak. 30 robot izan dira, eta hainbat espezieren itxurakoak. Antzekotasunak direla medio, samaldetan sartzea lortu dute, eta interakzioak izan dituzte filmatzen zebiltzan animaliekin. Samaldako beste edozein kide bezala tratatu dituzte. Horren ondorioz, orain artean eskuratu gabeko irudiak eskuratu dituzte.

Saila bost atalez osatua dago. Lehenengoa astelehenean emango du Movistar+ek, 17:45ean,#0 katean. Animatronics-ak nola eraiki dituzten azalduko dute atal horretan.

Maiatzaren 6an eta 13an emango dituzte beste lau atalak, egun bakoitzean bi. Izaki berezi horiek animalia basatien artean nola integratzen diren ikusiko da. Kapitulu bakoitza gizakien bizitzako hainbat alorri buruz izango da: maitasuna, adimena, adiskidetasuna eta bihurrikeria edo jolasa.

Animalien munduko hainbat une esanguratsu emango ditu BBCren dokumentalak, hala nola katagorri lapurrak, ama krokodiloa bere umeak ahoan dituela lekualdatzen edo tximuen dolua ustez lagun bat galtzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.