'Aitaren etxea'-k ez du zutik iraungo

Urtarrilean emango dute ETB1eko telesailaren azkeneko atala, eta ez da itzuliko.

Lekukoa 'Eskamak kentzen' komediak hartuko du
Iñigo Aranburu, Josean Bengoetxea, Nagore Aranburu eta Felix Arkarazo <em>Aitaren etxea</em>-ko aktoreak.
Iñigo Aranburu, Josean Bengoetxea, Nagore Aranburu eta Felix Arkarazo Aitaren etxea-ko aktoreak. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2015eko abenduak 12
Euskal Telebistak 2015-2016ko ikasturterako egin duen apustu garrantzitsuenak ez du arrakastarik lortu. Aitaren etxea telesail historikoaren lehen denboraldia asteazken gauetan ari dira ematen, eta urtarrilean amaituko da —aurreneko edo bigarren astean—. Amaituko da denboraldi bakarra, ETBko zuzendaritzak erabaki baitu ez grabatzea atal gehiago.

ETBko zuzendari Edu Barinagak jakinarazi duenez, hiru arrazoi daude telesailarekin ez jarraitzeko: «Ikusle kopuruak txikiak dira, oso garestia da, eta beste telesail bat ekoizten ari gara [Eskamak kentzen]». ETBko zuzendariaren arabera, telebistak ezin ditu bi telesail batera egin —iraganean grabatu izan dituzte bi aldi berean ETB1erako eta beste bat ETB2rako—.

Egindako apustua ez dela ondo atera aitortu du Barinagak: «Nire apustu pertsonala zen, Euskal Herriko historia garaikidea kontatu nahi genuen. Baina ikusleek ez dute erantzun. Datuak oso justuak dira, etsigarriak». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan batez beste 15.000 ikus-entzule izan ditu orain arte telesailak, %2ko ikusle kuota —azkeneko hiru hilabeteetako ETB1en kuota %1,7 izan da—. «Saioa oso ondo egina dago, faktura oso ona da. Telesailak ikusle kopuru hobeak merezi zituen», esan du ETBko zuzendariak.

Bi hilabetean filmatu zuten

Aitaren etxea amaitu bezain laster, ETB1 Eskamak kentzen telesail berria hasiko da ematen. K2000 eta La Competencia Producciones ekoizpen etxeak ari dira umorezko telesaila lantzen, eta hilaren 31n amaituko dituzte grabaketak. Proiektua Iñigo Lezertuak eta Cesar Rodriguez Blancok garatu dute. Barinagak espero du ETBk funtzionatuko duen telesail bat izatea. «Batekin edo bestearekin, lortuko dugu. Agian etorkizunean telesail historiko bat berreskuratu dezakegu».

Aitaren etxea-ren zuzendaria Jabi Elortegi da, Goenkale, Balbemendi eta Go!azen telesailetan ere zuzendari aritutakoa. Aitortu du datuak ez direla izan espero zituztenak. «Hala ere, ez dakigu zein ziren ETBk espero zituen datu zehatzak, katea ere ez baitabil batere ondo».

Pausoka ekoizpen etxean «harro» daude 1956. urtean girotutako telesailean egindako lanarekin. «Dena dekoratu naturaletan grabatuta dago. Pozik gaude emandako kalitatearekin, produktuaren emaitzarekin eta fakturarekin. Harro gaude». Bi hilabeteko epean ordu bateko hamabost atal grabatu zituzten. Frankismoko garai ilunak jaso behar zituen lantaldeak. Eta Elortegiren arabera, «argitasuna» ematen saiatu dira, «familia euskaldun baten epika eta borroka kontatuz». Alor teknikoan eta aktoreetan «goi mailako profesionalak» izan dituztela goraipatu du Elortegik. «Bi hilabetean lan hori ateratzeko, horrelako talde ona behar zen».

2016a, zalantzaz betea

Greziako telebista publikoak interesa azaldu du Aitaren etxea emateko. Gaztelaniazko bikoizketarekin ari da Pausoka lanean, baina ez dakite Greziako telebistak erosiko duen. Xabier Zabaleta telesaileko ekoizleak hainbat azokatan erakutsi du produktua, eta harrera ona izan du. «Bestalde, ETB pentsatzen ari da telesaila gaztelaniaz ETB2n ematea».

Goenkale-ren grabaketak otsailean amaitu ziren; azken atala hilaren 28an emango dute. Pausoka telesailik gabe geldituko da, horrenbestez, nahiz eta hainbat urtez aldi berean bi grabatzen aritu izan.

Elortegi kezkatuta azaldu da ETBko fikzioaren etorkizunarekin. «Urtarrilean hasiko dira Eskamak kentzen ematen, eta hiru hilabetetan fikzioa amaituta egongo da. Fikzioa ekoizteko garaiz hartu behar dira erabakiak». Zalantzazkoa da 2016an ETBk zer fikzio grabatuko duen.

Elortegik iragarri du Pausokan badituztela proiektu pare bat buruan, eta laster bilduko direla ETBko arduradunekin. «Oraintxe, proiektu horien inguruan ari gara hitz egiten ekoizpen etxean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna