ETBko erredakzio kontseiluak Jon Artano kazetaria defendatu du

Iñaki Anasagastik «manipulatzailetzat» jo du berriemailea. Artanok ahalik eta informazio osoena helarazteko ahalegina defendatu du

Jon Artano kazetaria eta Agustin Otxotorena enpresaria, joan den larunbateko albistegiko irudi batean. BERRIA.
urtzi urkizu
2018ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Hautsak harrotu ditu Iñaki Anasagasti EAJko kide historikoak (Cumana, Venezuela, 1947). Bere blogean Jon Artano ETBko Latinoamerikako berriemaileari hitz gogorrak eskaini zizkion aurreko igandean: «Ez da ezertaz enteratzen edo manipulatzaile peto-petoa da». Agustin Otxotorena enpresaria «gobernuaren ikuspegitik» elkarrizketatu izana leporatu zion. Eta enpresariari irain hauek eskaini: «Pertsonaia ustela». Artanok elkarrizketatutako enpresaria «besteen minarekin negozioa egiten duen gizatxarra» dela uste du EAJko kideak. «Kazetaria kargutik kentzeko modukoa da», gaineratu zuen.

Artanok lankideen babesa jaso du, eta ETBko erredakzio kontseiluak adierazi du «onartezinak» direla Anasagastiren «irainak»—asteartean zabaldu zuen kontseiluak oharra langileen artean—. Jeltzalearen jarrera «harrigarria» iruditzen zaio erredakzio kontseiluari, EITBko saioetan duen presentzia ikusita eta izan dituen karguak aztertuta. «Telebista publikoak behar duen informazio askatasuna eta aniztasuna ezbaian jartzen du».

Artano, «arrisku egoeran»

Bestalde, erredakzio kontseiluak gogorarazi du Anasagastik Venezuelako euskal komunitatean eragina duela; Kazetaritza eta Soziologia ikasi zituen Caracasen, 1965ean hasita. Eta jeltzaleen ordezkaria izan da Eusko Legebiltzarrean, Espainiako Kongresuan eta Espainiako Senatuan. Blogeko idatziak Artanoren jardun librea eragozten duela dio erredakzio kontseiluak: «Beharrezko iturri pluralak biltzeko zailtasunak gehituz, eta gatazka ireki bat bizi duen herri batean lan egiteak dakarren arriskua areagotuz».

Artanok berak Otxotorenari egin zion elkarrizketa defendatu du, «Venezuelan bizi den euskal enpresaria delako eta herrialde hartako krisi ekonomikoaz zeresana baduelako». Erredakzio kontseiluak emandako erantzuna eskertu du kazetariak: «Erantzuna neurrikoa iruditu zait, eta babestuta sentiarazi naute».

ETBko berriemaileak Latinoamerikako hainbat herrialdetan ematen ditu albisteak albistegietarako. Hala esan du bere jardunaz: «Caracasen egin dugun egonaldian, beti eta nonahi egiten dugun bezala, eginahalak egiten ditugu EITBko ikus-entzuleei ahalik eta informazio osoena helarazteko. Alde bateko zein besteko iritziak biltzen saiatu gara». Venezuelan askotariko iritziak bildu eta zabaldu zituela gogorarazi du: «Gobernuaren ikuspegitik gertu dagoen analista bat elkarrizketatu genuen, eta diktadura hitza hortzetan zerabilen beste bat. Auzune chavistetan egon gara, eta esperantza oro galduta emigratzea erabaki duen jendea ere elkarrizketatu dugu». Artanok gogoratu du Anasagastik blogean Caracasko Euskal Etxea aipatu duela, eta han ere izan zela. «Euskal Etxeko presidentearekin hizketaldi oso interesgarria izan genuen».

Anasagastiren iritziz, ordea, Artanok ez du ondo informatu: «Euro onak kostatzen zaizkigu Jon Artano izeneko berriemaile penagarri hori mantentzea. Ez da enteratzen edo gehiegi enteratzen da edo berriemaile kaskarra da».

ETBko erredakzio kontseiluak, bestalde, aitortu du Euskal Telebistan agertzen diren informazioei buruzko kritikak «zilegiak» izan daitezkeela, «eta hainbat kasutan beharrezkoak ere bai». Aldiz, Artanorekin gertatutakoa gaitzetsi du: «Langile baten kontra irainak jaurtitzea eta egoera deserosoen jomugan jartzea bestelako gauza bat da. Anasagasti jaunaren ibilbideak izan duen eta duen dimentsioari so eginez, erantzukizunez jokatzea eskatu nahiko genioke kazetarien jardunaren kritika egiterakoan (ez baita lehen aldia)».

Otxotorena, haserre

Agustin Otxotorena izan da Anasagastik iraindu duen beste pertsona, eta enpresariak —ia hogei urte daramatza Venezuelan— jeltzalea auzitara eramateko asmoa azaldu du. Hala esan du enpresariak: «Nire elkarrizketagatik Anasagastik Euskal Telebistako kazetari baten kaleratzea eskatzeak, telebistako jauntxoa bera balitz moduan, pertsonaiaz asko esaten du». Halaber, gaineratu du igandean ETBk «Anasagastiren gustuko» jarraipena egin zuela Venezuelako hauteskundeez. Anagastik blogean idatzitakoa «abusu nazkagarritzat» jo du, «oso mingarria euskal herritar guztien komunikabide bat izanik». «Nire elkartasuna adierazi nahi diot Jon Artanori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.