Grezian dauden errefuxiatuez lan bat emango du bihar ETB2k

Unax Blancok eta Asier Garciak zuzendu dute 'Refugiados, camino a ninguna parte' dokumentala. Ane Irazabal da saioko gidaria

urtzi urkizu
2016ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Grezian 70.000 errefuxiatu daude harrapatuta, haien etorkizunaren inguruko inolako ziurtasunik gabe. Are gehiago, Europako Batasunak eta Turkiak martxoanakordioa sinatu ostean. Greziako kostaldera iritsitako errefuxiatuak zuzenean Turkiara bidaltzeko eskumena eman baitzion Europako Batasunak Turkiako Gobernuari. Milaka errefuxiatu horien errealitatea grabatu du lantalde batek, eta bihar estreinatuko dute ETB2n Refugiados, camino a ninguna parte dokumentala (22:30). Unax Blancok eta Asier Garciak zuzendu dute lana, Hodei Arrausi eta Leire Palacios —BERRIAko telebista kritikaria— dira gidoilariak, eta Ane Irazabalek —BERRIAko kolaboratzailea— egingo ditu gidari lanak kamera aurrean. Lantaldea handiagoa dela nabarmendu dute zuzendariek.

Bost errefuxiatu dira dokumentaleko protagonista nagusiak. Gerratik eta miseriatik ihesi,milaka kilometroko zeharkaldia egin duten bost pertsonaren begirada. Haien kontakizuna<< beste ahots batzuekin gurutzatuko da ETB2ko lanean: gobernuz kanpoko erakundeetako boluntarioak, salbamendu taldeetako kideak eta kazetariak. Irazabal lekukotasuna ematen ez ezik, Alberto Sicilia eta Andres Moruenza kazetariak azalduko dira hizketan, errefuxiatuen egoeraren berri ematen.

Unax Blanco zuzendariak gogoratu du abenduan duela sorburua dokumentalaren proiektuak: «Nire lagun bat Kios uhartera joan zen boluntario gisa, itsas salbamenduan laguntzera. Harremanetan jarri zen nirekin, eta proiektu bat aurkeztu nion ETBri boluntarioen lana erakusteko». ETBk ezezkoa eman zion orduan Blancori, baina albistegietarako pieza batzuk egiteko enkargua jaso zuen, hala ere. Hodei Arrausirekin batera, zazpi pieza egin zituen Blancok albistegietarako. Mugak zabalik ziren garaia zen. Aurrerago, ETBk dokumentala egiteko eskatu zion Blancori.

Lanaren zuzendariak azaldu du dokumentalaren atzean ez dagoela ekoizpen etxerik, «ez ezer». «Bi nortasun agiri baino ez daude, Asier Garciarena eta neurea. Taldea beharretara egokituz joan ginen osatzen». Eta irudiek «ahalik eta kalitate onena» izaten ahalegindu dira.

Irazabalek jartzen dio aurpegia eta ahotsa giza dramari. «Egoera bere ikuspuntutik emango du. ETBn eta Euskal Herrian erreferentziazkoa da Irazabal, eta nahi dugu bere esperientzia kontatzea». Dena den, dokumentalean ahots garrantzitsuenak errefuxiatuenak dira, baita Greziako kostaldean dauden boluntarioenak ere.

Egileen asmoa izan da, bestalde, dokumentalean agertzen diren pertsona bakoitzak euren hizkuntzan hitz egitea: «Gaztelaniaz egiten duenak gaztelaniaz, arabieraz egiten duenak arabieraz, eta euskaraz egiten duenak euskaraz». Azpidatzi guztiak gaztelaniaz daude. Boluntarioetako baten ahotsa entzungo da euskaraz, esate baterako.

Zenbait dokumentalek kontzientziak pizteko balio ohi dute. Blancoren arabera, jendea ez da jabetzen nolakoa den egoera. «Martxoaren 20a baino lehen, errefuxiatu batzuk bizia jokoan jartzen zuten itsasoan, baina bideari jarrai ziezaioketen. Mugak itxi dituztenean, 70.000 pertsona gelditu dira mugitu ezinik». Pertsona asko atxilotze eremuetan daude, tartean emakumeak eta haurrak. Atxilotze eremu batean egin zituen grabaketak lantaldeak. Egoera gordinak ikusi zituzten, Blancok azaldu duenez: «Ez diete behar bezala ematen jaten. Eta pilatuta daude, gainera. Umeak eta emakumeak jan gabe gelditzen dira». Dokumentalarekin pertsona horiek guztiak egun zer egoeratan dauden salatu nahi dute Blancok eta bere taldeak.

Fokua jarri duten errefuxiatuen artean, bat Idomenin dago, bestea Mazedoniako mugan, bi Lesbosen eta beste bat Kioseko atxilotze eremuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.