Albistegiak indartuta hasiko da Euskalerria Irratiaren sasoia

Osasunak, Lehen Mailara igota, Sadarren jokatuko dituen partidak zuzenean kontatuko dituzte, eta umore saio bat estreinatuko dute

Euskalerria Irratiak 1.000 bazkide eta 150 kolaboratzaile ditu. FM 98.3 frekuentzia hartu zuten maiatzean. IÑIGO URIZ / ARP.
Edu Lartzanguren.
2016ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Aro berriari indarrez ekingo dio Euskalerria Irratiak astelehenetik. Iruñean euskara hutsez dabilen irrati bakarrak aurten lortu ditu azken hamarkadetan izan dituen erronka nagusietako bi: legearen babesarekin emititzea, eta seinalea ondo zabaltzea Iruñerri osora. Xedeak beteta, albistegiak indartuko dituzte sasoi berrian, Osasunaren partidak zuzenean kontatuko dituzte, eta umore saio bat estreinatuko dute.

«Orain arte izan dugun egoerak zenbait ahuldade eragin ditu gure egituran, materialei eta giza baliabideei dagozkienak», esan du Juan Kruz Lakasta irratiko kazetariak. Lizentzia lortuta, zerbitzua hobetu nahi dute orain, baina hobekuntzak «tentuz eta presarik gabe» egiteko beharra nabarmendu du Lakastak. «Ezin baita ahantzi, lizentziarekin ere, tokiko euskal komunikabide bat izaten segitzen dugula, nagusiki erdalduna den Iruñea bezalako hiriburu batean, horrek dakarren guztiarekin».

Iruñerrian egitasmoa sendotu ondoren, seinalea Nafarroa osora zabaltzeko asmorik ote duten galdetuta, aukera ez dutela baztertzen erantzun du kazetariak. Edonola ere, lorturiko lizentzia bakarrik Iruñerrirako dela gogoratu du. Horrez gain, eremua zabaltzeak gastuak handituko lituzke, berriemaileak izan beharko lituzketelako Nafarroa osoan.

Gordelekutik erakusleihora

Nafarroako erakundeak aurka izan dituen garaian, Euskalerria Irratiak euskaldunen topagune eta gordeleku lana egin du. «Euskararen aldeko haizea daukagun honetan, plaza horrek gordeleku izateari uztea eta erakusleiho bihurtzea nahi dugu». Besteak beste, erdaldunei erakutsi nahi diete zein «ahaltsua eta eskuzabala» den euskaldunen komunitatea. Euskalerria Irratiak 1.000 bazkide ditu eta 150 kolaboratzaile. Komunitate trinko hori erakusteko, kalera aterako dute irratia ahal duten guztietan. Eguberrietan, haurrentzako saioak egingo dituzte Iruñeko Alde Zaharrean, eta Korrikaren harira ere saio bereziak egingo dituzte.

UPNren agintearen azken urteetan haren aldeko prentsak hizpidea ezartzeko ahalmena galdu zuen, herri hedabide eta gizarte mugimenduen aurrean. Lezio ikasita, «txipa aldatu» behar dela uste du Lakastak, baina ez dela erraza. «Horretan ari gara, eta horregatik indartu ditugu albistegiak». Iruñerrian gaur Eguerdiko albistegiaren buru Maialen Huarte arituko da, eta Mikel Bujanda eta Saioa Alkaiza kazetariak izango ditu lagun. Goizeko albistegiak Bujandaren gidaritzapean jarraituko du.

«Lizentziarik gabe, publizitate instituzionalik gabe, Iruñerrian, beste inork baino programazio lokal zabalagoa eta aberatsagoa eskaini dugu, eta eskainiko», adierazi du Lakastak.

Lehen mailara eraman nahi ditu Euskalerria Irratiak bere eskaintza. Horren adibide, Osasuna futbol taldeari egingo dioten jarraipena. Taldea Lehen Mailara itzuli da, eta zuzenean emango dituzte Sadarreko partidak. Horretan arituko dira Iñaki Berastegi eta Eñaut Agirrebengoa kazetariak.

Eta, azken adibide gisa, umore saio berria. Tarte handiagoa eman nahi diote umoreari astelehenean abiatuko den sasoian. Martxelo Sotes eta Julen Leuza arituko dira umorea lantzen, asteazkenetako arratsaldeetan. Ez da irri hutsa izango, ordea. Satira egiteko baliatuko dute aukera. «Aktualitateari ironia handiz» ekingo diote. Horretarako, pertsonaia publikoak imitatzeko Sotesek duen ahalmena erabiliko dute.

Lakastak berak eta Pello Argiñarenak bideratuko dute Metropoli Forala goizeko magazina.Irrintzi Plaza da arratsaldekoa, eta Txari Eletak eta Reyes Ilintxetak gidatuko dute. Bi saioetan 150 kolaboratzailek parte hartuko dute, tartean Aingeru Epaltzak, Inma Erreak, Jon Alonsok, Angel Errok eta Hedoi Etxartek.

Emititzeko lizentzia 1985. urtean eskatu zuen lehen aldiz Euskalerria Irratiak. Lehen emanaldia 1988ko azaroaren 7an aireratu zuen. Geroztik, urtez urte lizentzia ukatu zion Nafarroako Gobernuak. Azkenean, 2015eko abuztuan jaso zuen baimena, 27 urte lanean aritu ondoren. Aurtengo maiatzean FM 98.3an emititzen hasi zen. Horri esker, Iruñerri osora iritsi da seinale sendoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.